Albisteak

 

Etxean geratzeak ez du esan nahi ezer ez egitea edo denbora galtzea. Konfinamendu-egun hauek ikasteko aukera paregabea bihur daitezke. Abanto Zierbenako Udalak euskararen erabilera herriko etxeetara helarazi nahi du, eta, horretarako, hainbat ekimen birtual abiarazi ditu.

“Entretenimendua eskaini nahi dugu, baina baita gure hizkuntzaren ezagutza ere. Ahalegin berezia egiten ari gara Berbalaguneko partaideak modu birtualean biltzera anima daitezen. Taldeen jarraipena egingo da, eta, gainera, "Ezetz selfie bat egin" bezalako lehiaketak jarri dira martxan Berbalagun proiektuan izena eman duten pertsonen artean. Beste aitzakia bat euskara erabilita bilera hauetaz gozatzeko", adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Horrez gain, pandemia honi hobeto aurre egiteko, "Kuxkuxean" proiektua jarri da abian. Fitxa erraz batzuen bidez, euskarazko hainbat hizkuntza-baliabide ezagutarazten ditu, hala nola hiztegia, esaera zaharrak edo denbora-pasak. Fitxa bakoitzeko edukia desberdina da, baina ez formatua. Horrela, herritarrek, denborarekin, fitxa horiek ezagutu ahalko dituzte.

Urte amaieran Euskaraldiaren edizio berri bat egingo da. Horregatik, herritarrei informazioa bidaltzen ari zaie eta "Etxealdetik Euskaraldira" proiektuaren barruan egingo diren proposamenetan parte hartzeko deia egiten zaie.

“Herritarrek etxetik euskaraz goza dezaten nahi dugu. Laster Sorgina Txirulina tailerra berrabiaraziko dugu, oraingoan online formatuan, familiek konfinamenduan egonda ere euskaraz goza dezaten”, adierazi du Etxebarriak.

Abanto Zierbenako Udalak kalean eta etxeetan euskara berreskuratzeko lanarekin jarraitzen du. Horretarako, online proiektu sorta bat dauka. Meatzaldeko udal hau COVID-19aren arora egokitzen ari da sare sozialen bidez, horiek taldeka eta modu birtualean euskaraz hitz egiteko tresna gisa erabiliz.

Abanto Zierbena Euskaraz