Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak badaki saltoki txikiek eta ostalaritza-establezimenduek zailtasunak dituztela euren lokalak berriz zabaltzeko koronabirusaren krisialdiak eragindako itxieraren ostean, eta hain zuzen ere, horrexegatik jarraitzen du neurriak hartzen: 200.000 euroko funts ekonomikoa sortu du saltoki, ostalaritza-establezimendu eta autonomoei laguntzeko.

Programa honen lehentasuna da alarma-egoeran euren jarduera eten egin behar izan duten bertako saltoki eta negozioei laguntzea. Programa hori bateragarria da beste administrazio publikoek emandako dirulaguntzekin.

Maite Etxeberria alkatearen esanetan, "euren jarduera eta zerga-egoitza Abanto Zierbenan duten txikizkako saltoki eta ostalaritza-establezimenduentzako eta autonomoentzako itzuli beharrik gabeko laguntzak dira".

Udalaren laguntza-ildo horren bidez, Udalak 900na euro emango dizkio itxi egin behar izan duten saltoki eta establezimendu bakoitzari, eta 700na euro, irekita egon diren arren, euren fakturazioan % 75eko murrizketa izan dutenei. Eta are gehiago, autonomoek 600 euro jasoko dituzte baldin eta itxi egin behar izan badute, eta 400 euro euren fakturazioa murriztu dutenek.

Laguntza horiek oso arin eska eta kudea daitezke, eta aurki has daitezke kudeatzen, hain zuzen ere, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta eskaera guztiak aztertu ostean, dirulaguntza horren ordainketa bakarra egingo da.

Garapenerako Agentzian zentralizatuko da kudeaketa osoa, eta www.abanto-zierbena.eus webgunearen bidez formalizatu ahalko da telematikoki. Eta eskaera telematikoki aurkezteko baliabiderik edo gaitasunik izan ezean, posta elektronikoaren bidez egin ahal izango da: adl1@abanto-zierbena.eus; edo telefono-zenbaki honetara deituta: 946369644.

“Azpimarratzekoa da gure udalerrian 180 saltoki eta ostalaritza-establezimendu zein gutxi gorabehera 170 autonomo daudela; hortaz, uste dugu partida ekonomiko garrantzitsu horrekin gure herriko eta auzoetako 300 negoziori lagunduko diegula”, adierazi du Maite Etxebarriak.

Aurreko asteotan, gobernu-taldeak lanean jardun du hainbat kolektiboren premiazko beharrei erantzuteko. Horiez gain, ostalaritzarako garrantzitsuak diren beste bi neurri hartu dira terrazekin lotuta. Halaber, kanpaina berezi bat abiarazi da tokiko kontsumoa sustatzeko. Kanpaina horrek hainbat neurri hartzen ditu.

Ostalaritza eta terrazak

Meatzaldeko Udala lanean ari da ostalaritza berriz zabaltzeko ere, eta, horregatik, zerbitzu zuzena eta iraunkorra ezarri du Abanto Zierbenan dauden 50 ostalaritza-establezimenduekin.

"Erabaki dugu lokalei ez zaiela kobratuko terrazen tasa deseskaladak eta alarma-egoerak dirauten bitartean, eta ordainketa-etete hori urte amaiera bitartekoa izan dadin ari gara lanean", berretsi du Maite Etxebarria alkateak

Halaber, araua malgutu egingo da, eta “terraza gehiago jartzea baimendu nahi dugu, bai eta orain esleituta duten azalera handitzea ere, deseskaladaren protokoloan ezarritako % 50eko okupazio-kuotarekin egun dituzten mahai guztiak manten ditzaten eta, horrela, berriz irekitzea bideragarriagoa izan dadin”. Hori dela eta, atzoko ezohiko eta premiazko bilkuran onetsi zen terrazak arautzen dituen udal-ordenantzaren aldaketa,

Abanto Zierbenako taberna eta jatetxeei ezinbestekoa den laguntza-neurri gisa. Halaxe iragarri du Etxebarriak.

"Abanto Zierbenan kontsumitzeko unea da", tokiko kontsumoa sustatzeko kanpaina berria.

12 hilabeteetan, 25.000 euro gehituko zaizkio hainbat programa eta ekintzen programazio biziari, herritarrak ahalik eta gehien sentsibilizatzeko Abanto Zierbena osoan tokiko kontsumoa bultzatu beharraren inguruan.

"Guztira 84.000 euro bideratuko ditugu gure udalerrian dagoeneko ezagunak eta arrakastatsuak diren jarduerak egiteko, eta beste ekimen berri eta berritzaile batzuk abiarazteko datozen 12 hilabeteetan.

Programa ezagun eta erakargarrienetako bat Abanto Zierbenako Merkataritza Bonua da. Orain, bikoiztu egingo da bonuen kopurua, 2800 izango dira, urtaroetan banatuta. Udako merkataritza-bonuarekin hasiko gara eta udazkenean, neguan eta 2010eko udaberrian jarraituko dugu; modu horretan, 84.000 euroko inbertsioa egingo litzateke.

Txiki Txeke sortuko dugu, opari-bonuetan 100 euroko txekearekin seme-alabak dituzten familiei zoriontzeko. Txeke horiek udalerriko saltoki guztietan erabili ahal izango dira. Aintzat hartzen badugu Abanto Zierbenan azken urteotan izan ditugun jaiotzen batez bestekoa, zenbatetsi dugu 65 bat familiak jasoko dituztela azken helmuga gure merkataritza izango duten Txiki Txekeak.

Gure herritarrak udalerrian kontsumitu dezaten animatzeko, publizitate-kanpaina bat jorratzen ari gara, hurbileko saltokiei protagonismoa emango diena eta horien hurbiltasuna, kalitatea, segurtasuna eta tratu ona azpimarratuko dituena. Ikus-entzunezko baliabideak eta baliabide grafikoak bereziki azpimarratuta, ikusgai egin nahi dugu bertako merkataritza udalerri osoan.

Horiek dira neurri garrantzitsuenetako hiru, baina ostalaritza landuko dugu berariaz. Horretarako, pintxoen lehiaketa azkarra egingo dugu, pintxo-ibilbideak indartzeko eta asteburuak jardueren bidez dinamizatzeko, Abanto Zierbenako ostalaritza-eskaintza erakargarriagoa egite aldera.

Neurri nagusi horiek osatu egingo dira Abanto Zierbenako Merkatari eta Ostalarien Elkartearekin (ACHA) jorratzen ari garen beste neurri batzuekin".