Albisteak

 

Aurten, pandemia dela eta, tokiko merkataritzak berebiziko garrantzia duela erakutsi du herritarren egunerokoan. Pandemiaren unerik gogorrenetan, egokitzen jakin dute, berriro pertsianak ireki eta beren bertsiorik onena eskaintzen jarraitzeko.

«Konpromisoa eskatu diegu erosketak egitera irteteak edo pertsona gehiagorekin elkartzeak nolabaiteko beldurra ematen zigun uneetan, kutsatzea edo kutsatua izatea saihestu nahian. Aldiz, gure merkataritzak, gure ostalaritzak, ateak irekitzen jarraitu du, eta bere proposamenak gure zerbitzura jarri ditu. Zerbitzu hori, gainera, garai hauetan beharrezkoak diren segurtasun-baldintzetan eman behar izan digute», adierazi du Merkataritza eta Turismoko zinegotzi Iratxe Etxeandiak.

Beren produktuak bakarrik eskaintzen dizkiguten eta gure dirua besterik nahi ez duten plataformen publizitate-bonbardaketak jasotzen ari garen aste honetan, Abanto Zierbenako herritarrei eta bisitariei gogorarazi nahi diegu «tokian erostea transakzio ekonomiko bat baino askoz gehiago dela».

«Gure merkataritzak eta ostalaritzak enplegua sortzen du herrian, zergak ordaintzen ditu, gure kaleak argitzen ditu, ezagutzen gaitu eta aholkuak ematen saiatzen da, bezeroekin epe luzerako harremanak nahi ditu, konfiantzak ehuntzen ditu eta herriarekin konpromisoa hartzen du (kirol-klubekin, herriko festekin, gizarte ekimenekin…). Benetan uste duzu klik egingo duzun plataforma horrek gauza bera ematen dizula?», azpimarratu du Maite Etxebarria alkateak.

Herritarrentzako komunikazio-kanpaina

Hori dela eta, Udalak komunikazio-kanpaina bat sustatuko du Abanto Zierbenako herritar guztientzat, Gabonetako erosketak aldez aurretik eta Abanto Zierbenan egitera gonbidatzeko, hiru arrazoi hauengatik:

1.- Gabonetako erosketetan jendea pilatzea saihestu nahi dugu. Kosta ahala kosta saihestu behar dugu erosketak Gabonen aurreko azken asterako uztea. Urruntze sozialeko eta edukiera kontrolatzeko osasun-neurriak errespetatu behar ditugu, bai eta udalerritik irteteko debekua ere, arauak baimentzen dituen kontuetarako izan ezik.

2.- Nahi dugun produktua edo zerbitzua garaiz daukagula ziurtatzeko. Gure merkatariak dira beren sektorea ondoen ezagutzen dutenak, eta haiengan konfiantza izanez gero, nahi duzun produktua lortuko dute, merkatuan lor ditzakezunak baino baldintza ekonomiko eta zerbitzubaldintza hobeetan, handizkarien sareari esker.

3.- Aurten TOKIKOA EROSTEA/TOKIKOA OPARITZEA modan dagoelako. Gertatzen ari zaigun guztiaren ondoren, gure opariez harro egotea Abanto Zierbenan erosi izanaz harro egotea da. Produkturik eta zerbitzurik onena, eta gainera, Abanto Zierbenan erositakoa. Hori esan dute amaitzeko, ozen eta argi, Iratxe Etxeandiak eta Maite Etxebarriak.

Irudi espezifiko bat diseinatu dugu Gabonetako kanpaina horretarako, eta gure komunikazio-kanal guztiak erabiliko ditugu mezu hori herritarrei helarazteko. Gainera, kartelak jarriko ditugu udalerriko panel guztietan, eta kanpaina hori identifikatzeko eranskailuak jarriko dira udalerriko saltoki guztietan.

All Iron Plataforma aprobetxatuko dugu. Martxan jarri zen osasun-alarman zehar janaria eramateko zerbitzua eskaintzen duten ostalariak ikusarazteko, eta orain hori bera erabiliko dugu kanpaina hau indartzeko.

Ekonomia zirkularrean oinarritutako kanpaina, All Iron bonuetarako 10.000 eurokoa

«Beste alde batetik, laster beste ekimen bat iragarriko dugu, 10.000 euroko injekzioa ekarriko duena merkataritzari eta ostalaritzari zuzenduta, Gabonetan kontsumoa sustatzeko Abanto Zierbenan, ohiko “Apaindu zure ametsak” kanpainarekin eta erakusleihoen lehiaketarekin batera. Horrenbestez, espero dugu nabarmen hobetzea gure merkatariek eta ostalariek igarotzen ari diren garai zail honi heltzeko dituzten baldintzak, Udala ez baita inoiz kolektibo horretatik aldentzen», esan du amaitzeko Maite Etxebarria alkateak.