Albisteak

 

Alarma-egoeraren eta Eusko Jaurlaritzak hartu dituen azken neurrien arabera, tabernak eta jatetxeak ezin izango dira publikoarentzat ireki, baina etxez etxeko janari-zerbitzua eman ahal izango dute.

Abanto Zierbenako Udalak lanari ekin dio lehen momentutik eta lehenengo neurrietako bat garatu du, hau da, plataforma berri bat, Meatzaldeko udalerriko ostalaritza sektoreari laguntzeko; taberna eta jatetxeek bertara igo ditzakete beren kartak, harremanetarako datuekin batera. Gainera, establezimendu bakoitzak nahi duen informazioa gehitu ahalko du.

“Ostalaritzako sektoreari elkartasuna adierazi nahi diogu, eta ahalegin handia egingo dugu etxez etxeko zerbitzua zabaltzeko. Horretarako, jatetxe eta taberna guztiei plataforma horretara batu daitezen eskainiko diegu, beren negozioen transformazio digitala egin eta diru-sarrerak edukitzen jarrai dezaten”, adierazi du alkate Maite Etxebarriak.

Alliron.eus plataforma sortu berri du Meatzaldeko udal honek. Lehen 24 orduetan, jada, 12 establezimenduk eman dute izena plataforman, eta, espero da, datorren egunetan zehar, ahalik eta negozio gehien batzea. Gainera, ez da izango Abanto Zierbenako Udalak ostalariei beren lokalak sustatzeko eskainiko dien tresna bakarra. Izan ere, udalerriko etxebizitza guztietan zehar 4500 informazio-liburuxka banatuko dira, bermatzeko Abanto Zierbenako bizilagun guztiek dutela horren berri eta etxez etxeko janari-zerbitzua beti eskura dutela.

Nabarmendu beharra dago Abanto Zierbenako Udala harremanetan dagoela herriko ostalari guztiekin iragan ostiraletik, eta topaketak eta lan-taldeak egingo direla, Alkatetzak berak bultzatuta, Merkataritza saila eta tokiko garapen-agentziarekin batera.