Albisteak

 
  • Aurten eta 2021ean, ostalariek ez dute ordaindu beharko espazio publikoa beren terrazetarako erabiltzeagatik
  • Helburua da pandemiaren ondoriozko murrizketen kaltea jaso duen sektore honi bideratutako laguntza-neurriak indartzen jarraitzea

Abanto Zierbenako gobernu-taldeak udalerriko ostalariei laguntzen jarraitu nahi du pandemiaren ondorioak pairatzen laguntzeko, eta, horregatik, datorren urtean ere udalerriko lokalen jabeei terrazen tasa ez kobratzeko erabakia hartu du.

“Gobernu-taldearen borondatea da 2021eko ekitaldirako indargabetuta mantentzea terrazak, mahaiak eta aulkiak okupatzeagatiko tasa, hau da, udalerriko ostalariei tasa hori ez kobratzea. Neurri horrek onurak ekarriko dizkie 26 negoziori. Horrez gain, 10.000 euroko galera ekarriko du udalaren diru-kutxetan. Elkarri laguntzeko unea da; izan ere, terrazak beharrezkoak dira lokal askok aurrera egin ahal izateko, segurtasun-distantziak mantendu ahal izateko eta ahalik eta edukiera txikiena galduta segurtasun handiena irabazteko. Espazio publikoaren erabilera erraztu dugu, eta, orain, iragartzen dugu aurten ostalariak ordaintzetik salbuetsi nahi ditugula, baina baita datorren urtean ere”, adierazi du Ogasun zinegotzi Argiñe de la Cruzek.

2021a ere urte zaila izango da. Horregatik erabaki da datorren urtean ere terrazen tasa ez kobratzea Abanto Zierbenako taberna eta jatetxeetako jabeei.

Ostalaritza da pandemiak gehien zigortutako sektoreetako bat; tabernak eta jatetxeak segurtasun-neurri zorrotzei aurre egiten ari dira, hala nola edukiera kontrolatzea, mahaien arteko distantzia bermatzea eta altzariak etengabe desinfektatzea. Hori horrela, Udalak ahalegina egin du, normaltasun berriaren hasieratik, sektore horretako lana errazteko.

“Bultzada ekonomikoa eman dugu: dirulaguntzetan 100.000 euro banatu ditugu udalerriko 106 establezimenduren artean. Halaber, 43 saltoki, ostalaritzako 30 establezimendu eta 33 pertsona autonomo izan dira onuradun. Laguntza ekonomikoak 900 eurokoak negozio bakoitzeko. Horrez gain, Abanto Zierbenan dauden 180 establezimenduekin etengabeko harremanetarako aholkularitza- eta informazio-zerbitzua ezarri dugu, eta, gainera, terrazak arautzen dituen udal-ordenantza aldatu da, udalerriko taberna eta jatetxeei laguntzeko ezinbesteko neurri gisa”, gogorarazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Terrazen tasa ez kobratzeko neurriaren helburua honako hau da: “Covid-19ak ostalaritza-sektorean eragin dituen ondorioei aurre egiten jarraitzea; izan ere, neurri hori da 2021ari begira, zerga-arloan eta arlo fiskalean ostalaritzari laguntzeko aukerarik egokiena, baita ostalariak babesteko ekintza-sorta handi baten parte ere. Gainera, datozen hilabeteek euria eta hotza ekarriko dituzte, eta, horren ondorioz, are zailago izango dute taberna eta jatetxeek. Horregatik, funtsezkoa zen haien karga ekonomikoa arintzea eta datorren urteari aurre egiteko lasaitasuna ematea”, nabarmendu du De la Cruzek.

Horretarako, gobernu-taldearen proposamena Antolakuntza Batzordeari eta hilabete honetako osoko bilkurari helaraziko zaie, onets dezaten.