Albisteak

 

Martxoan sortutako osasun-krisialdiak atzeratu egin zuen Abanto Zierbenako haurrak etxetik eskolara joateko Arriskurik Gabeko Eskola Bideak proiektuaren esperientzia pilotua.

Orain, inoiz baino gehiago, Abanto Zierbenako Udalak ekimen hau berreskuratu egin du garraio aktiboa sustatzeko eta haurrak sedentarismotik urruntzeko, baina, batez ere, segurtasuna areagotzeko eta COVID-19a saihesteko.

Udalerrietan gehien errepikatzen diren mugikortasun-arazoak hezkuntza-zentroetara sartzeko eta irteteko orduetan gertatzen diren auto-ilarak izaten dira. Horren ondorioz, ikasleei zuzenean eragiten dieten bide-segurtasuneko arazoak eta kutsadura sortzen dira.

Arriskurik Gabeko Eskola Bideak proiektua Meatzaldeko udal honen apustua da, zeina Eskolako Agenda 21aren parte den eta udalerriko ia 700 ikasle dituzten Lehen Hezkuntzako lau zentroentzat abiarazi den.

Testuinguru honetan, Udalak, iaz erabaki zuen arazo horretarako irtenbide ona izan litekeela ikasleak eta beren familiak oinez mugitzeko eskola-bide seguruak egitea; horrek eskolako atean pilatu ohi diren banakako ibilgailuen presentzia murriztuko edo ezabatuko luke.

“Gure ikasleek eskolara oinez joateko aukera izateko, bide-seguru batzuk diseinatu ditugu udalerriko zentroetako zuzendaritza taldeekin, familiekin, IGEekin, eta udalerriko merkatariekin eta ostalariekin batera. Gizarte esku-hartzeko proiektu bat da, eskolarako joan-etorrietan mugikortasun iraunkorra eta segurua sustatzeko, batik bat, eskolara joateko adina dutenentzat, eta proiektuaren helburua da Abanto Zierbena udalerri atseginagoa izan dadila.

Halaber, pandemia- eta prebentzio-egoera honetan, ekimen horrekin jende metaketak saihestuko eta kontaktuak murriztuko ditugu. Uste dugu, eskolara oinez edo bizikletaz joateko aspaldiko ohitura hori berreskuratzea onuragarria dela zentzu askotan, eta, arrazoi horregatik, bizikleta-aparkalekuak jarriko dira eskola-zentroen inguruan” azaldu du ingurumen- eta iraunkortasun-zinegotzi den Roberto Galíndezek, iraileko azken osoko bilkuran aho batez onetsitako mozio baten ondorioz.

“Horrelako ekimenekin, Abanto Zierbenako Udalak indartu egin du mugikortasun iraunkorrago eta seguruagoarekin beti izan duen konpromisoa, udalerri atseginagoa, irisgarriagoa eta ingurumenarekiko errespetutsuagoa lortzeko” adierazi du Roberto Galíndezek.

Udaltzaingoak hartuko du geure seme-alaben segurtasuna bermatzeko ardura, eskolarako bidean eta zentroaren inguruan modu desegokian aparkatzen dutenei zehapenak ezarrita.

“Urritik aurrera, hala nahi duten familiak ekimen horretara atxiki ahalko dira.

Udalerriko mugikortasuna jorratu da, hots, espaloiak handitu dira, zirkulazioa arintzeko neurriak dituzten zebra-bideak ezarri dira, garaje-irteera eta puntu askotako ikusgaitasuna hobetu dugu… Ikasleen % 62 bere zentrora oinez joaten da, eta horien % 90, lagunduta. COVID-19aren ondorioz, ezinbestekoak dira kaleko ekintzak eta kontaktuak mugatzea”, jakinarazi du Galíndezek.

700 diptiko banatu dira, herritarrentzako informazio-gutun batekin batera, Abanto Zierbenako bizilagun guztien artean osatutako ekimen esanguratsu honen berri emateko, zeina positiboa den udalerriko gazteen ongizate eta segurtasunarentzat.

“Lagunduko duten udal-elkarteak, saltegiak, tabernak eta jatetxeak “eskola-bideko komertzio-lagun” izango dira, eta pegatina bat jarriko zaie, haurrek identifikatu, eta, edonolako laguntzarik behar badute, haietara jo dezaten. Gainera, bide-seguruen lehen esperientzian izena ematen duten ikasleek kit oso bat jasoko dute, txalekoarekin, pegatinekin eta argibideekin. Izen-emateak urriaren 9a baino lehenago egin beharko dira” azaldu du Galíndezek.

“Haurrentzako seguruagoa den herria, helduentzako ere izango da seguruagoa. Abanto Zierbenako Udaleko kideok aurrerapausoak eman ditugu, proiektu horri dagokionez. Eskola Bideak proiektuak bilakaera bat izan du eta bizi behar dugun errealitatera moldatu da; izan ere, prebentzioa eta segurtasuna lehentasun bilakatu dira gure eguneroko bizitzan” adierazi du Galíndezek.

Kartela (PDF 922KB)