Albisteak

 
Abanto Zierbenako kirol-instalazioak ekainaren 22an jarri ziren berriro martxan, COVID-19aren aurkako segurtasuneta prebentzio-neurri guztiekin.

Ezohiko uda honetan, pandemiak etxean geratzera bultzatu gaituen arren, gobernu-taldeak kirol-instalazio ziur batzuen aldeko apustua egin zuen udalerrian, herritarren aisialdiko eta kiroleko beharrak asetzeko udan zehar.

"Iraila heldu da eta oso balantze positiboa egin behar dugu. Ia 10.000 pertsona pasatu dira hiru hilabete hauetan udal-igerilekuetako instalazioetatik. Horregatik, epea hilaren 30era arte luzatu da, beti ere instalazio osoan ahalik eta osasun- eta segurtasun-neurri gehien jarrita.

Pertsona helduak, familiak, adingabeak eta herritarrak gure instalazioetara hurbildu dira olgeta- edo kirol-igeriketa egitera edo lasaitasun osoz egun eguzkitsuak disfrutatzera, goizeko eta arratsaldeko txandetan. Esan dezakegu “erabateko arrakasta” izan dela. 2.500 metro karratuko solariuma eta Txipli Txapla ur-parkea inoiz baino gehiago erabili dira, eta, txikienek ondo pasatzeaz gain, familiak oso seguru sentitu dira. Hori da garrantzitsuena garai honetan”, azpimarratu du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.

Solariumeko partzelak egokitu eta seinaleztatu egin ziren distantzia soziala mantendu ahal izateko, eta, batez beste, % 75eko okupazioa eduki dute. Halaber, erabat beteta egon da udako 30 egunetan.  Instalazioetara sartu diren 10.000 pertsonetatik % 96 abonatuak izan dira, eta 643 izan dira eguneko sarrera erosi dutenak”, azaldu du Edu Menak.

Igerilekuak ia % 100ean erabili dira uda osoan (% 98an goizetan eta % 94an arratsaldeetan). Hori horrela izan da bai haurren, bai helduen igerilekuen kasuan.

Udal-igerilekuek udako ohiko ordutegia mantenduta egin diote aurre etapa berri honi: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 21:30era, eta asteburuetan, 10:00etatik 21:30era. Goizeko eta arratsaldeko bi txandatan banatu dituzte herritarrak, baita garbiketa- eta desinfekzio-errefortzuak ere. Maskara derrigorrezkoa izan da esparru osoan, eta erabiltzaileek kirol-jarduera egiten ari direnean baino ezin izan dute maskara kendu. Instalazioen segurtasuna eta higienea bermatzeko, erabilera-txandak ezarri dira. Horrez gain, hitzordua aurretiaz eskatu behar da, edukiera kontrolatzeko eta herritar guztien ongizatea babesteko.

Tasak itzultzea

Udako hilabeteetan, Udalak orain arte jasotako itzulketa-eskaera guztiak ordaindu ditu. Guztira 8.000 euro inguru izan dira, 200 biztanleren artean banatu direnak gaur arte. “Alarma-egoeran, COVID-19aren pandemiaren ondorioz erabili ezin izan den zerbitzuagatik ordaindutako zenbatekoaren zati proportzionala itzultzen hasi zaie erabiltzaileei”, jakinarazi du Edu Menak.

“Edukiera osoaren % 50ean ari gara lanean, Abanto Zierbenako kirolinstalazioetako erabiltzaileen eta langileen segurtasuna babesteko. Horregatik, egoera zaila den arren, zerbitzurik onenak emateko eta gure bizilagunen beharretara egokitzeko borrokan jarraituko dugu”, bukatu du Etxebarriak.