Albisteak

 
COVID-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz enpleguaren egoera hain zaila den garai honetan, Abanto Zierbenako Udalak bizilagun ekintzaileen aldeko apustua egin du berriz ere, eta honako programa hauek jarri ditu abian: Abanto Enpresa eta Abanto Ekintzaileak.

Abanto Ekintzaileak enpresa sortu berriei laguntzak emateko programa da. Meatzaldeko Udalak 16.000 euro bideratu ditu 2020ko ekitaldi honetan udalerriko sustatzaileen proiektuak egia bihurtzera. Ekimen hori duela 8 urtetik egiten da, eta iaz 14 sustapen-proiektu lagundu ziren diruz.

Abanto Ekintzaileak programari esker, ekintzaileek laguntza bat jasotzen dute enpresa sortu berri dagoenean agertzen diren hasierako oztopoei aurre egiteko.

“Iaz 14 enpresa berri sortu ziren Udalaren laguntzarekin. COVID-19aren krisialdiak eragindako kalteak jasan ditu lan-merkatuak; hala ere, gure ekintzaile ausartei animoak eta laguntza ematen jarraitu behar dugu. Horregatik, inbertsioa handitu dugu tokiko enplegu-programa horietan; zehazki, iaz 12.000 euro bideratu genituen eta aurten, 2020an, 16.000 euro. Udalak bere gain  hartzen du programa horien kostu osoa”, azaldu du Maitana Martinez Goiri Enplegu eta Garapen Ekonomikorako zinegotziak.

Abanto Ekintzaileak programaren helburu nagusia da udalerrian ekintzailetzari eta enpresa-jardueraren sorkuntzari laguntzea, baita langabeziaren aurkako borrokan modu aktiboan eta zuzenean aritzea ere. Horretarako, laguntza ekonomiko bat ezarriko da, bai enpresa eratzeko izapideetarako, bai enpresak behar duen hasierako inbertsiorako.

Ekintzaileei laguntzeko programak itzuli beharrik gabeko 1.000 eurora arteko laguntzak emango dizkie ekintzaileei. Laguntza hori gehienez ere 1.100 eurora arte areagotuko da onuraduna emakumea izanez gero, zerga-egoitza Abanto Zierbenan duten enpresak abian jartzetik eratorritako gastuak diruz laguntzeko.

Enpresa berriei emandako laguntzen zenbateko metatua hitzartutako aurrekontua baino handiagoa bada, aurkeztutako enpresen artean banatuko da partida, eta % 10 gehiago emango zaie emakumeek sortutako enpresei. Laguntzen ebazpena eta dirulaguntzaren ordainketa 2020ko azaroaren egingo da.

Dirulaguntza hori jaso ahal izateko, gainera, enpresek jarduera ekonomiko bat hasita izan behar dute Abanto Zierbena udalerrian, 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 31ra bitarteko epean. Era berean, enpresak ezin du 10 langile baino gehiago izan, eta, gutxienez, urtebetez jarraitu behar du jardunean.

Abanto Empresa programa: 55.000 euro udalerriko pertsona langabeak kontratatzeko

2020an, Abanto Zierbenako enpresek laguntzak eskatu ahalko dituzte udalerriko langabeak kontratatzeko. Laguntza horien zenbatekoa 55.000 eurokoa izango da. Abanto Enpresa COVID-19aren krisialdi ekonomikoaren ondorioz bizitzen ari garen egoerara egokituta dago, eta honako helburu hau du: pandemia-urte honetan enplegua galdu duten pertsonei laguntzea. Horregatik, pertsona horiek udalerrian edo hurbil dauden enpresetan lan egitea sustatu nahi du. “Ezohiko egoera bizi dugu, eta, horregatik, neurriek ere salbuespenezkoak izan behar dute.
 
Laguntza horiek beste udalerri batzuetako enpresei ere eman dakizkieke, baldin eta Abanto Zierbenako Udalak edo Abanto-Zierbena Zerbitzuak SLUk sustatutako prestakuntza- eta/edo enplegu-programetan parte hartu duten Abanto Zierbenako langabeak kontratatzen badituzte, eta langabeok guztiz edo partzialki egin badituzte urte horretan prestakuntzaprograma horiek. Helburua da epe laburrean lan-itxaropenik ez duten udalerriko langabeek lana lor dezatela. Horregatik, eskaintza bat beren profilera egokitzen bada eta beste udalerri batekoa bada, babesa eman nahi diegu”, adierazi du Maitana Martinez Goirik.

Egoera kalteberan dauden kolektiboen kontratuak sustatuko dira, udalerriko langabeen ezaugarrien arabera. Adibidez, kontratatutako pertsona emakumea denean, laguntzaren zenbatekoa % 10 handituko da. 45 urtetik gorako pertsona bat kontratatuz gero, laguntzaren zenbatekoa % 10 handituko da, eta pertsona hori egoera kalteberan dagoen kolektibo batean badago edo DSBE jasotzen badu, laguntzaren zenbatekoa % 10 handituko da ere. Enpresek gutxienez 525 euroko laguntza jasoko dute % 50eko lanaldi partzialeko eta hiru hileko edo gehiagoko lan-kontratu bakoitzeko. Halaber, gehienez 5.460 euro emango dira lanaldi osoko eta hamabi hileko edo gehiagoko lan-kontratu bakoitzeko.

“Udalak diruz lagundutako kontratazio horietako asko kontratu mugagabe bihurtzen dira, eta hori da helburua: epe luzerako eta kalitatezko enplegua sortzea. Laguntzaren zenbatekoa % 20 handituko da kontratu mugagabeetan, eta, kasu horietan, sortutako enplegua gutxienez bi urtez mantendu beharko da. Urtero hobetzen ari den programa honen seigarren edizioa da aurtengoa: azken urteotan, batez beste, 15 kontratu lagundu dira diruz urtean, eta, hortaz, 75 pertsona langabek jaso dute dirulaguntza hori”, adierazi du Maitana Martinez Goirik.

Era berean, 30 urtetik beherakoen kontratazioari bideratutako dirulaguntza % 10 handituko da. Horrez gain, kontratatutako pertsona iraupen luzeko langabea bada, laguntzaren zenbatekoa ere % 10 handituko da. “Berroneratzeko unea da, eta gure udalerrian lanpostuak sortzeko eta mantentzeko borrokan jarraitu behar dugu. Horregatik, Abanto Zierbenako Udalak arlo horretara bideratzen dituen tresnak eta inbertsioak indartzen ari gara. Abanto Enpresa programaren laguntzetarako eskariak abenduaren 31ra arte aurkeztu ahal dira", bukatu du Maitana Martínez Goirik.

Abanto-Zierbenan enpresa berrietan inbertsioak egiteko laguntzen 2020ko programa (PDF 2.2MB)