Albisteak

 

COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz, egoera ekonomikoa okertu egin da, eta, 2020an, aurrekaririk gabeko lanpostu-galera egon da. Horregatik, Abanto Zierbenako Udalak, Lanbideren eskutik, Abanto Lan 2020 proiektuaren bidez, 45 lanpostu berriren kontratazioa sustatuko du udalerriko langabeentzat. Proiektuaren 1. fasea hurrengo irailaren 21ean hasiko da.

COVID-19ak gure bizitzak aldatu ditu zentzu askotan, eta, bereziki, gure higiene-ohiturei dagokienez. Desinfektatzea gure eguneroko lehentasunetako bat bihurtu da kutsatzea saihesteko. Abanto Lan 2020 martxan dela, garbiketa-zerbitzua indartuko da, bai herrigune nagusietan, bai gure udalerriko landa-auzoetan. Horretarako, 6 pertsona kontratatuko dira, eta garbiketa-ekipo berriak eratuko dituzte, hiri-altzariak, haur-parkeak, igogailuak eta barandak eta gure saltokietarako sarbideak garbitu eta desinfektatzeko.

“Osasun-prebentzioa handitu eta bide publikoak kutsatzea ekidin nahi ditugu. Horregatik, garbiketa-zerbitzua indartuko dugu. Gure ustez, koronabirusaren aurkako neurririk onenak maskararen erabilera, pertsonen arteko distantzia eta higiene-neurriak dira oraindik. Horregatik, gure erantzukizuna da ahalegin eta baliabide guztiak jartzea Abanto Zierbena garbiagoa izan dadin, eta familiek horrenbeste erabiltzen dituzten haur-parkeak nabarmendu nahi ditugu. Gure burua zaintzeko unea da, eta gure armarik onenetako bi higiene pertsonal egokia eta kontaktuko azaleren desinfekzio ona dira”, esan du Maitana Martinez Goiri enplegu eta garapen ekonomikoko zinegotziak.

Abanto Lan 2020ren bidez 12 peoi eta 3 taldeko nagusi kontratuko dira, laguntza anitzeko hiri-lantaldeak integratzeko. Helburua da langile horiek pintura-, igeltserotza- edo lorezaintza-obra txikiak egitea eta eraikin eta espazio publikoak mantentzeaz arduratzea, hiri-ekipamendua mantentzen eta hobetzen laguntzeko.

Gainera, Abanto Lan 2020 proiektuak hurbileko 12 agente zibiko kontratatzea jasotzen du, baita 2 koordinatzaile ere. Horiek gure bizilagunei informazioa emateaz eta udalerriko kaleak zaintzeaz arduratuko dira, eta laguntza logistikoa ere izango dira udaltzainentzat.

Lanpostu horietako gehienak emakumeek beteko dituzte. Maiatzean 382 gizon eta 424 emakume langabe zeuden gure udalerrian. Zifra horiek erregistratutako langabezia-indizeari gehituz gero, gizonen indizea % 14,9koa da, eta emakumeena, berriz, % 18,6koa. Ezberdintasun handia da; horregatik, udalerriko emakume langabetuentzako enplegua sortuz irauli behar dugu. Hori da agente zibikoen programak emakume-izena izateko arrazoia”, azaldu du Maitana Martinez Goirik.

Abanto Lan Lanbideren laguntza duen enplegua sortzeko proiektu garrantzitsua da, langabezian dauden bizilagunentzat. Proiektu horretan, hautatutakoen % 30ek, gutxienez, DSBEren titular izan behar dute, eta % 40k, berriz, emakume izan behar dute.

Koronabirusak sortutako krisi ekonomikoaren ondorioak arintzeko lan-eskaintza horiek sortzeak 365.000 eurotik gorako inbertsioa dakar, aurreko edizioetan baino handiagoa, eta udalerriko 45 langabe kontratatzeko aukera emango du.

“Ingurumena berreskuratzeko lantalde bat jarriko dugu martxan, 4 ingurumen-eragilerekin, eta aisialdirako guneak, landa-bideak, bide berdea, atsedenlekuak eta abar egoera onean mantentzeaz arduratuko dira. Programa hori gure ingurumenaren jasangarritasunerako eta hobekuntzarako beste urrats bat da”, iragarri du Maitana Martinez Goirik.

Halaber, Abanto Lanen bidez, sare sozialak, Udalaren komunikazio-kanalak eta udal-ekipamenduak hobetuko dira. Horretarako, 2 community manager kontratatuko dira, marketin digitaleko profesionalak direnak, eta horiek arduratuko dira udal-informazioa blogen, Facebooken, Instagramen edo Twitterren bidez argitaratzeaz eta banatzeaz. Osasun-larrialdiko egoera honetan dauden bizilagunak zuzenean informatzea ezinbestekoa da Meatzaldeko udalarentzat.

Udalak berdintasunaren arloan egiten dituen ekintzak babesteko eta emakumeen ahalduntzea bultzatzeko, berdintasun-teknikari bat kontratatuko du. Helburua Abanto Zierbenako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana indartzea da. Plan horren lege-esparrua Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea da.

Udal-proiektuei ere laguntza administratiboa emango zaie, administrazioko bi laguntzaileren bidez.

Gainera, oso garrantzitsua da honako hau adieraztea: enplegu-programa horietan parte hartzen duten guztiek prestakuntza-ekintzak izango dituzte lan-aktibazioaren eta gaitasun digitalen esparruan.

Programak eta parte-hartzaileak antolatu eta koordinatzeko, Enplegu eta Toki Garapenerako Agentziak enplegu-programen koordinatzailearen figura sortuko du.

“Abanto Lani esker, azken urteotan epe laburrean lan egiteko aukerarik ez duten herritar asko kontratatu ahal dira”, azaldu du Maitana Martinez Goiri enplegu eta garapen ekonomikoko zinegotziak.