Albisteak

 

Datorren astean zehar, Abanto Zierbenako Udala hitzemandako dirulaguntzak ordainduko ditu beren jarduera udalerrian gauzatzen duten merkatarien, ostalarien eta autonomoen kontuetan, sektore horretan COVID-19ak eragindako krisiaren eraginak arintzeko.

Abanto Zierbenako Udalak, 200.000 euroko funtsa du xede horretarako eta 900 euro emango dizkie konfinamenduak iraun duen bitartean itxita egon diren saltoki eta ostalaritza-establezimenduei. Era berean, aintzat hartuko dira itxi ez diren negozioak, baina beren fakturazioan % 75eko beherakada izan dutenak.

Abanto Zierbenako 112 negoziok izapidetu dute dirulaguntzaren eskabidea. Momentu honetan, udaleko teknikariak eskabide guztiak modu xehatuan aztertzen ari dira ahalik eta denbora laburrenean 600 eta 900 euro arteko dirulaguntza eman ahal izateko.

Gainontzeko administrazio publikoetako dirulaguntzekin bateragarria den programa honen lehentasuna da alarma-egoeraren ondorioz jarduera eten behar izan duten merkatalgo eta negozioekin lankidetzan aritzea.

Udal dirulaguntzen ildo horren bitartez, Udalbatzak 900 euro emango dizkie itxi behar izan duen saltoki eta establezimenduei, eta 700 euro, beren jarduera mantendu arren fakturazioan % 75eko beherakada izan dutenei. Autonomoek 600 euro jasoko dituzte jarduera eten badute, eta, 400 euro, fakturazioan beherakada izan badute.

“Gure udalerriak 180 saltoki eta ostalaritza-establezimendu ditu, eta 170 bat autonomo. Ehun bizilagunek baino gehiagok erabaki dute dirulaguntza horiek jaso nahi dituztela, eta horrek argi islatzen du sektore horrek laguntza behar zuela eta gu horretan ari garela; hots, behar gaituzten lekuan gaudela” adierazi du Abanto Zierbenako alkate den Maite Etxebarriak.

21 terraza handitu

Berezia da ostalaritzaren sektoreari eman zaion bultzada, zehazki, terrazak handiagotzeko neurriaren bitartez. Udalerriko 21 establezimenduk handitu ahal izan dituzte beren terrazak zerbitzu hobea lortzeko eta salmenten, bezeroen eta segurtasunaren arteko oreka lortzeko.

Horretarako, Udalak hiri-altzariak lekuz aldatu behar izan ditu, eta sarbide batzuk itxi dira bizi dugun ezohiko egoeran espazioak hobetzeko.

Deseskaladak eta alarma-egoerak iraun bitartean, ostalaritza-establezimenduei ez zaie kobratu terrazen tasarik, eta saiatzen ari gara ordainketa hori bertan behera geratu dadin urtearen amaierara arte.

Terrazei dagokien araudia malgutu ahal izateko, udal-ordenantzan aldaketak egin behar izan dira ezohiko bilkura batean.

Abian daude udako 700 merkataritza-bonu

Urtean zehar jaulkiko diren 2.800 bonuetatik, udako lehen 700 bonuak ekainean saldu ziren, kanpainako lehenengo hiru egunetan. Kanpaina uztailaren 31ra arte egongo da irekita, eta bertan ia 50 saltokik parte hartuko dute; horrek uztailean 21.000 euroko inpaktu ekonomikoa eragingo du.

“Modu eraginkorrean erantzuten ari gara osasun-krisialdiaren ondorioz sortutako beharrizanei, fokua geure merkataritza- eta ostalaritza-sarean jarri baitugu. Aurrera egiten jarrai dezaten lagundu behar diegu, negozio horien kontura bizi diren familia guztiek aurrera egin dezaten”, amaitu du Etxebarriak.