Albisteak

 

Normaltasun berriaren eskutik datoz bueltan Abanto Zierbenako Udalaren kirol-instalazioak. Datorren ekainaren 22an, astelehena, berriz ere egongo dira zabalik Las Carreras eta Gallartako udal-igerileku eta -frontoiak.

Dagoeneko 3 hilabete igaro dira udaleko kirol-zerbitzuak COVID-19aren pandemiagatik itxi behar izan zirenetik. Orain, bueltan datoz, baina erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko neurriekin.

Udal-igerilekuetan hasiera eman zaio udako denboraldiari, eta udako ohiko ordutegian egongo dira zabalik: astelehenetik ostiralera 9:00etatik 21:30era eta larunbat eta igandeetan 10:00etatik 21:30era. Derrigorrezkoa da maskara erabiltzea esparru osoan, eta erabiltzaileek igerian dabiltzanean bakarrik kendu ahal izango dute. Eskuak maiz garbitzea eta segurtasun-tartea gordetzea herritarrek ezinbestean bete beharreko oinarrizko neurriak dira oraindik ere, eta kirol-azpiegituren barrualdean zein kanpoaldean bete beharko dira.

"145 pertsonarentzako edukiera egongo da, hau da, edukiera osoaren % 50 inguru, eta posible izango da barruko igerilekuak, Txipli-Txapla ur-parkea eta 2300 metro karratuko kanpoko solariuma erabiltzea. Azken horretan, 36 espazio sortu dira, eta 1 eta 4 pertsona bitartean egon ahal izango dira bertan, betiere familia-unitate berberekoak badira.

Aurretiaz erreserbatu beharko dira espazioak (solariumean sortu diren partzelak) eta denbora. Gehienez ere 3 egun lehenago erreserbatu ahal izango da, muga hauekin: 2 erreserba egin ahal izango dira epealdi horretan, gehienez ere, eta 2 erreserba horiek ezingo dira egun bererako izan.

Instalazioa astelehenetik aurrera irekiko bada ere, erreserbak bihartik (ekainak 19) aurrera egin ahalko dira 946361207 telefono zenbakian, aurrez aurre edo prestatzen ari garen online erreserba-aplikazioaren bidez. Instalazioetako segurtasuna eta higienea bermatzeko, erabilera-txandak eta aurretiko hitzordua eskatzeko sistema ezarri dira, bertaratzen den jende kopurua kontrolatzeko eta gure bizilagun guztien ongizatea babesteko helburuarekin” azaldu du Eduardo Menak.

Igerilekuak erabiltzeko txandak ezarri dira KIROL-IGERIKETA egiteko, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 12:00etara eta 20:30etatik 21:30etara; goizeko lehenengo bi orduak 60 urtetik gorakoentzat izango dira, igerileku handian. Kale bakoitzeko, pertsona bakarra egon ahalko da (6 pertsona guztira), eta igerileku txikian, berriz, 4 pertsonek egin ahalko dute kirol-igeriketa. Esan gabe doa bi igerilekuetan errespetatu beharko direla segurtasun-tartea eta 45 minutuko txandak (gainontzeko 15 minutuak erabilitako materiala eta azpiegiturak desinfektatzeko erabiliko dira).

AISIALDIKO IGERIKETAREN kasuan, bi txanda ezarri dira astelehenetik ostiralera (12:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 20:00etara). Gehienez ere 3 egun lehenago erreserbatu ahal izango da, muga hauekin: 2 erreserba egin ahal izango dira, gehienez ere, epealdi horretan eta 2 erreserba horiek ezingo dira egun bererako izan. Igerileku handian 50 pertsona sartu ahal izango dira gehienez ere, eta, igerileku txikian, berriz, 11 pertsona (ohiko edukieraren ia % 50). Zelaira sartzeko, harreratik pasa beharko da, eta, hortik, oinak garbitzeko eremutik igaro beharko da barruko igerilekura heltzeko.

"Astelehenetik igandera, 15:00etatik 16:00etara, SAKON GARBITU ETA DESINFEKTATUKO dira erabilitako espazioak.

Kirol-ikastaro eta -jarduerak egiteko gela itxita egongo da; izan ere, hobekuntza-obra garrantzitsua egingo da bertan, espazioa handitzeko, aireztapen-sistema hobetzeko eta zoladura aldatzeko".

Abonamenduak eta sarrerak

"Udako denboraldia 15 egun luzatuko da, irailaren 30era arte, eta abonamenduak uda osorako mantenduko dira (42,05 euro/familia). Sarrerek neguko prezio bera izango dute (2,45 € haurrek eta 3,75 € helduek). Halaber, herritarrei jakinarazi nahi diegu Abanto Zierbenako udal-igerilekuetako edozein bazkidek eska dezakeela, inprimatutako dokumentu baten bidez, alarma-egoerak iraun bitartean, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz erabili ezin izan duen zerbitzuaren zenbatekoaren zati proportzionala", jakinarazi du Menak.

Mantentze-, garbiketa- eta desinfekzio-lanak

Konfinamenduaren ondorioz itxita egon den hilabeteetan, Abanto Zierbenako Udalak mantentze-lan zorrotzak egin ditu azpiegitura horretan, eta areagotu egin ditu garbiketa- eta desinfekzio-lanak.

Berritu egin dira iragazkiak, esparru horretako aireztatze egokia bermatzeko. Horrez gain, igerilekuak hustu, garbitu, desinfektatu eta berriro ere urez bete dira. Gainera, Legionellaren aurkako tratamenduak eta analisiak ere egin dira.

Era berean, igerilekuetako ph eta kloro mailak neurtzeko eta erregistratzeko maiztasuna handitu da. Neurketa horiek egunean hiru aldiz egingo dira, jende gehien pilatzen den uneetan.

Gallartako Txikito frontoia, Las Carreras auzoko frontoia eta padel kantxa

Jendearentzako irekiko dira Gallartako Txikito frontoia eta Las Carreras auzoko frontoia, padel kantxarekin batera. Instalazio horietan kirola egin nahi dutenek eremua eta denbora erreserbatu beharko dituzte, betiko moduan, astebete lehenago. Gehieneko edukiera: 2 bikote denbora-tarte bakoitzeko.

Halaber, duela bi aste ireki ziren atletismo-pista, eta plater- eta arku-tiroan eta katxete erako boloetan aritzeko zelaiak.

"Abanto Zierbenak kirol-arloko etapa berri bati ekin dio, zeinetan segurtasuna, higienea eta garbitasuna nabarmentzen diren bere instalazio guztietan.

Sar daitezkeen pertsonen kopuruaren kontrola ere funtsezkoa izango da, COVID-19aren hedapenaren aurka borrokatzeko. Horrenbestez, Abanto Zierbenako kirol-instalazio guztiak bizilagunei irekita egongo dira, bizi dugun egoerari egokitutako kirol- eta aisialdi-alternatibak eskaintzeko" jakinarazi du Maite Etxebarria alkateak.