Albisteak

 

2020. urtean zehar, Abanto Zierbenako Udalak 15 prestakuntza-ikastaro berri eskainiko dizkie langabeziak gehien kaltetutako kolektiboei, hala nola 45 urte baino gehiago dituzten pertsonei, epe luzerako langabeei edota bazterkeria arriskuan daudenei.

"Prestakuntza-jarduera horiek Lan Berri foru-ekimenaren barruan daude, eta, horiei esker, langabezian dauden 150 herritarrek prestakuntza jasoko dute. Halaber, horiek lan-merkatuan sartzea ahalbidetuko da. Prestakuntza eta birziklatzea ezinbesteko gakoak dira berreraikitzen ari den lan-merkatuan moldatu ahal izateko. Geure burua egokitu eta aurrera egin behar dugu; hori lortzeko, prestakuntza nahitaezkoa da lan eta aukera berriak lortzeko" azaldu du Ekonomiaren Garapeneko zinegotzi Maitana Martínez Goirik.

Covid-19aren krisiak eragindako osasun-alarma ezarri aurretik, hiru ikastaro egin genituen udalerrian eta horietan herriko 35 langabek hartu zuten parte. Hiru ikastaro horiek honako hauek izan ziren: Arlo logistikorako arrisku espezifikoen prebentzioa, enplegua dinamizatzeko eta aktibatzeko tailerra, eta biltegiaren kudeaketa. Prestakuntzak osotara 80 orduko iraupena izan zuen.

Abanto Zierbenako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, 4 prestakuntza-ikastaro berri jarri ditu martxan azken egunotan langabezian dauden herritarrentzat.

Lan Berri programa itzuli egin da Covid-19aren osasun-krisialdiagatik etenda egon ondoren. Orain, osasun-alarma dela-eta bertan behera utzi ziren bi ikastarori heldu zaie berriro, zehazki honako hauei: Administrazio-zerbitzuetako eta zerbitzu orokorretako eragiketa osagarriak egiten ikasteko ikastaroa, eta eskuzko transpalet eta transpalet elektrikoa, orga frontala eta erretraktila erabiltzeko operadorea izateko ikastaroa. Era berean, datozen hilabeteetan beste bi ikastaro antolatu ditugu: plataforma jasotzaile mugikorretako operadore izateko ikastaroa eta elikagaien kalitatea eta elikagaien manipulatze txartela lortzeko ikastaroa.

Berrartu dugun lehenengo ikastaroa ekainaren 8an hasi zen eta profesionaltasun-ziurtagiri bat da administrazio-zerbitzuetako eta zerbitzu orokorretako eragiketa osagarriak egiteko; 390 orduko iraupena du eta urriaren bukaeran amaituko da. Gainera, ikastaro horrek % 15eko kontratazio- konpromisoa du. Ikastaroaren helburua honako hau da: parte-hartzaileak gai izatea Enplegua Bilatzeko Plan propioa diseinatu eta praktikan jartzeko modu aktibo, antolatu, aztertu eta ebaluatuan. Horrez gain, hamaika partaideek profesionaltasun-ziurtagiria lortuko dute ikastaroa amaitzean eta horrekin administrazio-funtzioekin lotutako lanpostuak lortu ahalko dituzte.

Bigarren lan-lerroa Lan Berrik Abanto Zierbenan egingo dituen gainerako 14 ikastaroek osatzen dute. Iraupen txikiko prestakuntza-jarduerak izango dira, 20 eta 45 ordu artekoak, eta, horietan, Zeharkako Gaitasunak lortuko dira; hau da, irismen handiko gaitasun, abilezia eta jarrerak lortuko dira, askotariko konplexutasunak dituzten lan-egoerei erantzun ahal izateko.

Halaber, gaitasun teknikoak lortzeko prestakuntza-jarduera batzuk hautatu dira, udalerriko enpresetan aurkitu diren behar oso zehatzei erantzuten dietenak.

"Udala harremanetan dago Abanto Zierbenan dauden enpresekin, lan-engranaje bat ahalik eta gehien zehazteko. Halatan, enpresek beren negozioetarako behar dituzten langileak aurkitu ahal izango dituzte. Guk tokiko eskaintza eta eskariaren aldeko apustua egiten dugu eta prestakuntza-ikastaroek lana lortzeko aukera errealak sortzea ahalbidetzen dute", adierazi du Martínez Goirik.

Bizi dugun garai honetan hain garrantzitsua den mundu digitala edo lana bilatzeko tresnak ongi erabiltzea dira Lan Berriren zigilua eta bermea duen prestakuntza-bide horretan eskaintzen diren ezagutzetako batzuk.

Lan Berri programa Bizkaiko Foru Aldundiaren apustu argia da, herritarren alde egiten duena, langabeziaren aurka borrokatzeko.

Abanto Zierbenan Lan Berri programa egiten den laugarren aldia da. Aurreko hiru edizioetan 35 ikastaro egin dira, horietan 2200 prestakuntza-ordu eman dira eta 420 pertsona inguruk hartu dute parte. Lan-munduan txertatzea % 50etik gorakoa izan da.

"Ikaragarri eskertzen dugu Aldundiak gure herritar langabeekin duen konpromisoa. Lan Berri modu ezin hobean uztartzen da Udalak lana sustatzeko bultzatzen dituen ekimenekin. Covid-19ak eragindako etenaldia energia, indar bihurtu nahi dugu. Prestakuntzaren bidez enplegua sortzea da biderik onena", amaitu du Martínez Goirik.

Ekimen honek Foru Aldundiaren 89.580,00 €-ko dirulaguntza jasotzen du Abanto Zierbenan, eta zenbateko horri Udalak 21.697,83 € gehitu dizkio. Ondorioz, osotara programak 111.277,83 €-ko zenbatekoa izango du eskuragarri.