Albisteak

 

Abanto Zierbenako “2020ko udarako Bonu Denda” berezia da, eta indarren eta erakundeen konpromisoz beteta dator; horiek izan dira Maite Etxebarria alkatearen hitz hunkigarriak.

COVID-19aren pandemia eta tokiko ekonomian izaten ari den eraginak direla eta, Abanto Zierbenako Udalak abian jarri ditu lehen 700 txartelak, eta udalerriko 48 komertzio batu dira ekimenera, Meatzaldeko herri eta auzo guztietan 2.800 bonu mugitzeko xedearekin datozen 12 hilabeteetan.

Bonuen salmenta atzo hasi zen, ekainaren 10ean (asteazkena): “arrakasta izan du, ez genuen inolako zalantzarik, baina are harrigarriagoa da eguneko lehen orduetan komertzioen 300 bonuen lehen sorta amaitu izana”, adierazi du Maite Etxebarriak.

Udalak ahalik eta segurtasun-neurri zorrotzenak hartu ditu pilaketak ekiditeko, eta, horretarako, bonuak lehen aldiz telefonoz ari dira saltzen, eta gehienez 300 bonurekin egunean, banaketa zuzena bermatzeko eta ahalik eta herritar gehienengana iristeko xedearekin.

Telefonozko salmentaren unean, bonuak erreserbatzen dira, eta hitzordu bat finkatzen da bonuak aurrez aurre hartzeko; une horretan egiten da ordainketa, kreditu-txartelarekin (ahal bada) edo eskudirutan, zenbateko zehatzak emanez.

48 saltoki eta ostalaritza-establezimendu batu dira lehen edizio honetara, eta aniztasun handia dago: apaindegiak eta terapia naturalak, hortz-klinikak, altzarien salmenta, farmaziak, hizkuntza-akademiak, argazkilaritza, mertzeriak, liburu-dendak, aholkularitzak, moda, ile-apaindegiak, elikadura-dendak, ostalaritza eta jatetxeak, etab. Horiek Abanto Zierbena osoan zehar daude banatuta, Iratxe Etxeandiak azaldu duenez, eta ekainaren 16tik uztailaren 31ra erabili ahalko dira bonuak.

“Herritarrek % 33 aurreztuko dute komertzio-bonuarekin erosketak egiterakoan; izan ere, 20 euroko prezioa du, eta kalean prezioa 30 eurokoa da; horrez gain, merkatari txikien gertutasuna eta lan ona saritzen dira, haien salmentak sustatuz”, adierazi du Iratxe Etxeandiak.

Bonuak aurrez aurre jasoko dira, gehienez bi pertsona bakoitzeko, eta ekainaren 16tik (asteartea) 19ra (ostirala) egongo dira eskuragarri, haiek erreserbatzeko unean finkatutako hitzordua errespetatuz. Erreserbatutako bonuak ez badira jasotzen adostutako hitzorduan, erreserba-eskubidea galduko da, eta berriro salgai jarriko dira.

“Uste dugu Abanto Zierbenako Bonu Denda guztientzako aukera dela, eta herritarrak kalean eta gure bizilagunen negozioetan kontsumitzera animatzen ditugu; aurrera egin behar dugu guztion artean”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.

Bonuak erreserbatzeko telefonoak eta ordutegiak:

  • Herritarren Arreta Zerbitzua, 94 636 20 00, 9:30etik 12:30era.
  • Toki Garapenerako Agentzia, 94 404 06 00, 9:30etik 12:30era.
  • Las Carrerasko udal-bulegoa, 94 636 84 01, 12:00etik 15:00era (ekainaren 11n, osteguna, eta 16an, asteartea, bonuak badaude eskuragarri).