Albisteak

 

Aste honetatik aurrera, berriz zabalduko dira Abanto Zierbenako Udalaren herritarren arretarako bulegoak, herritarrak aurrez aurre artatzeko.

Las Carrerasen dagoen herritarren arretarako bulegoa astean bitan egongo da zabalik, 12:00etatik 14:30era. Ezinbestekoa izango da aldez aurreko hitzordua izatea, bertaratzen diren pertsonak segurtasun-berme osoarekin artatzeko. Maiatzaren 25ean (astelehena), Udalak aldez aurreko hitzordua eskatzeko zerbitzua abiarazi zuen, herritarrentzat hain garrantzitsua den zerbitzu hau antolatzeko.

Aldez aurreko hitzorduak bulegoetan jende-kopurua kudeatzeko aukera emango du, eta instalazioen inguruan herritarrak pilatzea saihestuko du, osasun-erakundeen gomendioei jarraikiz. Aldez aurreko hitzordua webgunean (www.abantozierbena.eus) eskatu ahalko da, edo 94.636.20.00 telefono-zenbakira deituta.

Meatzaldeko udalak arretarako 15 minutuko denbora-tartea jarri du pertsona eta izapide bakoitzerako, eta lehentasuna eman dio 65 urtetik gorako pertsonen arretari, 09:00etatik 10:30era. Puntualak izatea eskatzen da, eta derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea. Bi metroko segurtasun-distantziari eutsiko zaio, eta ezarritako higiene-neurriak bete beharko dira. Horrez gain, banaka sartu beharko da bulegora, laguntzailearekin doazen mendekoak izan ezik.

Bulegoetara joaten diren herritarren eta bertako langileen segurtasuna bermatzeko, babes-neurri kolektiboak egokitu dira, besteak beste: manparak, elementu bisualak pasabideetan eta kanpoko sarbidean, kasu bakoitzean jarduteko moduari buruzko informazio-kartela, eta gel hidroalkoholikoaren banagailuak. Halaber, areagotu egingo da eremu komunen garbiketa eta desinfekzioa.

Arretarako 11 zerbitzuk euren ateak apurka-apurka zabalduko dituzte, adibidez liburutegiak eta tokiko garapenerako agentziak.

"Maiz ezinbestekoa eta beharrezkoa da hurbileko arreta eskaintzea eta bermatzea hainbat kolektiborentzat, eta oso garrantzitsua zen horiek berreskuratzea, aurreko asteetan hartutako eta jorratutako neurri guztiak beteta", azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

"Herritarren arreta ez da inondik inora ere murriztu; aitzitik, une eta egun jakin batzuetan telefonoa jo eta jo aritu da. Horrek agerian uzten du Udalak eskaintzen duen hurbiltasuna", esan du Etxebarriak amaitzeko.