Albisteak

 
  • Neurri hori asteburuetan gauzatuko da, maiatzaren 29tik aurrera.
  • 20 terrazak handitzeko baimena eskatu dute lehenengo bi asteetan.

Deseskalatze honetan, Gallartako erdialdean, eguneko ordu jakin batzuetan ibiltariak ugaritu egin direnez, Abanto Zierbenako Udalak erabaki du auzotarrek hainbeste erabiltzen duten eremu horretan erabilgarri dauden oinezkoentzako espazioak handitzea, oinezkoen artean gomendatutako 2 metroko segurtasun-tartea gorde ahal izateko.

Hori lortzeko, oinezkoentzat jarriko da Blasco Ibañez pasealekua, Gallartako bi eremu libre jendetsuenak banatzen dituena: Eusko Gudariak plaza eta Blasco Ibañez parkea. Ibilgailuen zirkulazioa behin-behinean itxiko da eremu horretan, eta autorik gabeko leku ireki bat utziko da, non oinezkoa izango den protagonista.

"Tabernetako terrazek metro gehiago hartu dituzte Eusko Gudariak plazan, ostalariek euren negozioak berme eta erraztasun handiagoz ireki ahal izateko. Oinezkoen eremua handitu behar genuen, errealitate berri hau konpentsatzeko. Aukerarik onena ibilgailuen zirkulazioa bertatik ateratzea da, eta leku hori bizilagunentzat gordetzea", azaldu du Jon Cuesta Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Pilaketak ekiditeko neurri horren ondorioz, frontoiaren ondoan aldapan dagoen errepidea norabide bikoitzekoa izango da. Horrela, ibilgailuek aukera izango dute frontoiaren atzeko aparkalekura, Eroskira eta eremu horretako merkataritza-lokaletara sartzeko.

Horretarako, beharrezkoa da frontoiaren aldapan dauden aparkalekuak kentzea eta zirkulazioaren bi noranzkoak seinaleztatzea. Blasco Ibañez kalearen hasieran mutiloi desmuntagarri batzuk jarriko dira, udal-zerbitzuak eta larrialdietakoak bakarrik igaro ahal izateko, eta, horrez gain, aldaparen eta Eroskiren eremuan seinale horizontalak eta bertikalak aldatuko dira.

Udalerriko 20 tabernak, kafetegik eta jatetxek aurkeztu dute beren terrazak handitzeko eskaera. Mahai-kopurua handitzeko emakida izapidetzeari lehentasuna ematen ari zaio, aintzat hartuta onartutako araudia, ezarritako segurtasun-distantzia eta kasu bakoitzean dagoen espazioa. Ia guztietan baimendu da mahaien kopurua handitzea, eta gehienek alarma-egoeraren aurretik zuten kopuru bera instalatu ahal izan dute.

"Maiatzaren 29tik aurrera eta asteburuetan, gune hau autorik gabe egongo da eta bizitzaz beteko da, baina pandemia egoera honetan beharrezkoak diren bizilagunen arteko distantzia-berme guztiak beteko dira. Oinezkoek tokia irabazten dute Gallartan, baina segurtasunez, eta, gainera, ostalariei lagunduko diete. Halaber, ostalariek aurrera egin ahal izateko metroak gehiago izango dituzte. Beraz, neurri horren bidez, bizilaguna, ostalaria eta udalerria batzen dira", gaineratu du Cuestak.