Albisteak

 

Gallartako Eusko Gudariak plazaren lur azpia berritzen ari dira, kanalizazio elektrikoen sarea eguneratzeko. Iberdrola distribución eléctrica SAU enpresa lanean da dagoeneko behe-tentsioko lineen egitura berria ipintzeko obretan.

“Kanalizazioak baldintza kaskarretan zeuden, eta etengabe ari ziren gertatzen matxura garrantzitsuak; ondorioz, hornidura-mozketak pairatu dituzte egoiliarrek, merkatariek eta ostalariek. Ahalik eta lasterren konpondu behar zen egoera hori”, adierazi du Jon Cuesta Abanto Zierbenako Obrak eta Auzoak saileko zinegotziak.

Obraren horretan, zanga berriak ireki dituzte Eusko Gudariak plazan, plazaren arrapalen azpiko transformazio-zentroan hasita; ondoren, H forman adarkatu dira plazako arkupean dauden atalondoetako harguneetara iritsi arte.

“Pazientzia eskatzen diegu gune horretako bizilagunei, eta eskerrak ere eman nahi dizkiegu egunerokoan oztopo izan daitezkeen lan hauen beharra ulertzeagatik. Obrak behar bezala seinaleztatuta daude, eta ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa erregulatzen ari gara. Altxatutako baldosen ordez, baldosa berriak jarriko ditugu. Badakigu eragozpenak jasaten ari direla ostalariak eta terrazetako erabiltzaileak; beraz, Iberdrolari eskatu zaio obraren epeak azkartzeko beharrezkoak diren baliabide materialak emateko, kontuan hartuta hobekuntza handiko obra dela", azaldu du Etxebarriak.

Kanalizazio elektrikoen berrikuntzarako aurrekontua 25.000 eurotik gorakoa da.