Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak lanari ekin dio udalerriko hiru irakaskuntza-zentrotan haurrentzako instalazioak hobetzeko, indarrean dauden neurri guztiak errespetatuz, noski, osasun-krisialdi bete-betean gaudelako. Edonola ere, Udalak lehentasuna eman dio etxeko txikienekin beren irakaskuntza-zentroak hobetzen jarraitzeko hartutako konpromisoari. Zehazki, haurrentzako espazioak eguneratzeko zazpi jarduketa handi egingo dira.

Aldaketarik garrantzitsuena Las Carrerasko Askartza Isusi eskola publikoan egingo da. Bertan, itxitura bat eraikitzen ari dira kanpoaldean, eta, horrez gain, egun dagoen bigarren sarrera ere hobetzen ari dira, puntu horretako ikusgaitasuna eta zabalera handitzeko.

Hori gutxi balitz bezala, eraisten ari dira dagoeneko sukaldera eta hornidura-eremuetara sartzeko zeuden oztopo arkitektonikoak.

“Kanpoaldean egingo da txikien ongizatean eta gozamenean eragin handiena izango duen aldaketa. Bertan, zoru jarraituko haur-parke bat ezarriko da, eta, hari esker, adingabeak ahal bezain babestuta egongo dira erortzen direnean. Jolas-elementu berriak izango dituen 110 metro karratuko eremu berritu, koloretsu eta dibertigarria izango da. Hainbat adinetako haurrentzako egokiak diren txirristak, pasarelak eta eskalatzeko dorreak egongo dira”, esan du obretako zinegotzi Jon Cuestak.

Kanpoko argiak ere aldatuko dituzte eskolan: orain led-argiak egongo dira, eta, horri esker, energia-kontsumoa murriztu egingo da 18 puntutan. Horrez gain, erabat margotuko dira eskolako 17 ikasgela eta korridore.

Gallartan, Meatzaldeko udala haurrentzako bi ikasgelako eta psikomotrizitate gelako zoladura hobetzen ari da Buenos Aires eskola publikoan. Hartara, binilozko zorua ari dira jartzen hiru gela horietan. Horrez gain, eskola barruko arotzeria guztia berritzen ari dira; zehazki, egurrezko 29 ate berri jarri dituzte.

“185.000 euroko inbertsioa egiten ari gara irakaskuntza-zentroak doitzeko. Aldaketa horiek guztiak garrantzitsuak eta beharrezkoak dira; izan ere, ezinbestekoa da eskolan ikasleen ongizatea bermatzea, eta, horretarako, eguneratu egin behar ditugu gure ekipamenduak. Espero dugu eskolara itzultzen direnean, ikasleek gozatu egingo dituztela hobekuntza hauek guztiak. Familiek merezi dute beren seme-alabek ahalik eta baldintza onenetan ikasteko toki bat, eta hori lortzeko ari gara lanean” azaldu du Abanto Zierbenako obretako zinegotzi Jon Cuestak.

Gallartan ere El Casal eskola publikoaren irisgarritasuna hobetzen ari dira; hartara, bi koloretako baldosez egindako espaloia jarriko dute. 90 metro luze eta 2 metro zabal izango da. Argiteria ere aldatuko dute: zehazki, 7 farola jarriko dituzte.

Oraingo honetan, Udalak goian aipatutako hiru irakaskuntza-zentroak hobetzeko lanak azpimarratu nahi izan ditu, baina berrikuntza-lanak udalerriko irakaskuntza-azpiegitura guztietan egiten ari dira.

“Urtero egiten dugu urrats bat gehiago eskola guztietan, instalazioak ezin hobeak izan daitezen. Abanto Zierbenako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lau zentroetan gure udalerriko eta ondoko udalerrietako 672 adingabek ikasten dute. Asmoa zen lanak opor-garaian egitea, gure txikiak ez molestatzeko, baina egun bizi dugun koiuntura tamalgarriak aukera eman digu lanen exekuzioa aurreratzeko. Aurrera begiratu behar dugu gure haurrak ikasgeletara itzultzen direnean dena prest edukitzeko”, adierazi du Etxebarriak.