Albisteak

 

Abanto Zierbenak urpeko igeriketaren mundura hurbildu nahi izan ditu herritarrak, eta, kasu honetan, 12 eta 16 urte bitarteko gazteak, zehazki: horretarako, udal-igerilekuetan ikastaro bat antolatu zuen joan den urtarrilaren 18an (larunbata).

“Lehen harreman bat izan da urpeko igeriketarekin, eta parte-hartzaileek ekipamendu osoa jantzi ahal izan dute uretan sartzeko. Lehengo urtean eman genien hasiera ikastaro horiei, eta arrakasta nabarmena izan zuten. Ikastaroetako bat udalerriko biztanle guztientzat antolatu zen, oro har; beste bat udalerrian erroldatutako familientzat, familia-esperientzia berri eta interesgarri batez gozatzeko. Orain, gure gazteek urpean igeri egiten ikasteko aukera izatea nahi genuen, udalerriko kirol-instalazioetatik irten gabe”, azaldu du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.

Teoria eta praktikako ordu eta erdian zehar, Kiroleneko irakasle profesionalen eskutik, beharrezko azalpenak eman ziren urpeko igeriketaz gozatzeko udal-igerilekuen barruan. Jarduera talde txikitan egin zen. Ikastaroa 16:00etan hasi eta 19:00etan amaitu zen, ordu eta erdiko bi saiorekin. 8 pertsona egon ziren saioko.

“Klaseetan parte hartu zuten gazteek positiboki baloratu zuten esperientzia, eta adierazi ziguten itsasora joatea ere gustatuko litzaiekeela; aukera hori aztertuko da, baina momentuz gure igerilekuetan eskainiko dugu prestakuntza, profesionalen eskutik urpeko igeriketa kirol bikaina ezagutaraziz”, azaldu du Etxebarriak.

Jarduera hau Abanto Zierbenako Udalaren eta Kiroleneren arteko lankidetza-hitzarmenari esker eraman ahal izan da aurrera; Kirolene da kirol-titulazio ofizialak eskaini zituen lehen zentroa, baita bakarra ere. Gainera, urpeko igeriketako ikastaro motz horretan parte hartu du Dive Tarpoon zentroak, zeina Getxoko kirol-portuan kokatzen den. Tarpoon zentroak PADI 5 izarreko IDC center sailkapena du, Euskadiko kostako bakarra kategoria horrekin; horrek esan nahi du haren Getxoko instalazioak kalitatezkoak direla, eta urpeko igeriketarako zerbitzu-eskaintza zabala duela.

“Abanto Zierbenako Udalak kirolari lotutako aisialdia, aisialdi osasungarria eta guztiontzako irisgarria izango den aisialdia sustatzeko ahaleginak egin ditu. Horregatik, desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako urpeko igeriketa-ikastaro bat ere ari gara prestatzen. Hori da gure hurrengo erronka”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.