Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak erronka bat finkatu du: euskararen erabilera errealitate bat izatea udalerriko herritarren artean 2022an.

Aurreko urtean hogei bat ekimen jarri ziren abian gure udalerrian euskararen erabilera eta ikaskuntza sustatzeko; aurten errezeta berdina jarraituko da, baina urteko lehen hileetan gurasoen eta haien seme-alaben arteko erabilera azpimarratuko da bereziki.

Otsailean, familientzako tailerrak antolatuko dira euskaraz ez dakiten gurasoentzat. Topaketak larunbatetan izango dira, eta ordubeteko iraupena izango dute. Zerbitzuaz gozatzeko, haurrek 5 eta 8 urte bitartean izatea gomendatzen da.

Euskararekiko lehen harremana izango da, lasaia, ipuinen bitartekoa: horrela, gurasoak euskaraz komunikatzen hasiko dira beren seme-alabekin. Gallartako Kultur Etxea, Sanfuentesko eskola eta Las Carrerasko Montaño Aretoa aukeratu dituzte euskararen lehen hurbilketarako agertoki moduan, musikaren, elikagaien edo jolasaren bidez.

“SORGINA TXIRULINA tailerrak euskaraz ez dakiten gurasoek eta euskaraz badakiten seme-alabek osatutako familiei daude zuzenduta. Helburu nagusia da euskara heldu horiei hurbiltzea, haurren laguntzarekin. Izan ere, tailerretan parte hartzen dute heldu nahiz haurrek: familiako jarduera bat da. Uste dugu aukera bikaina dela familiak euskarara hurbiltzeko eta haien egunerokotasunean gehitzeko”, azaldu du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.

Saio bakoitzean eguneroko gai bat landuko da (bazkalordua, parkean jolastea, komunera joatea...). Ipuina eta tailerraren bigarren zatian egingo den jarduera gai horri buruzkoak dira. Behin saioa amaituta, materiala entregatuko da ikasitako guztiarekin, etxean erabiltzen jarraitzeko.

Tailer horiek doakoak dira, baina, parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da aurretik Udaleko Euskara Zerbitzuan izena ematea, bai telefonoz, 946362000 (138) zenbakian, edo posta elektronikoz (euskara@abanto-zierbena.eus).

Udalak jarduerara zuzendu duen aurrekontua 990 eurokoa da.

Euskaraz modu ludiko eta naturalean lan egiteko, Dolores Ibarruri Institutuarekin lankidetzan, Udalak abian jarri du antzerki-tailer bat, urtarriletik maiatzaren bukaera arte emango dena asteazkenetan, 15:00etatik 16:30era.

“Karakterizazioaren, mimoaren, esketxen eta abarren bidez ahotsa eta sentimenduen adierazpena landuko dira. Kurkuluxetan antzerki-eskolak gure esku jarri ditu irakasleak, eta osatzen diren taldeen ezaugarrien arabera eramango dute aurrera programazioa. Material artistikoa, atrezzoa eta gainerakoak antzerki-eskolak jarriko ditu, eta, espazio fisikoa eta musika-aparatua, aldiz, institutuak. Jarduerarako aurrekontua 2.100 eurokoa da”, nabarmendu du Etxebarriak.

Gainera, geroz eta ohikoagoa denez gure inguruko haurrak eta haien gurasoak euskaraz entzutea, Udalak beste hizkuntza batzuk ikasteko prozesuan parte hartzen duten familiei ere lagundu nahi die.

Horregatik, prozesu horretan dauden familiei laguntzeko baliabideak eta informazioa eskaintzen dituen gida bat argitaratu da. Gida Udalera seme-alabak erroldatzera joaten diren familiei emango zaie, interesdun guztiek gomendatutako praktikak ahalik eta azkarren jar ditzaten abian. Jarduketa horretara zuzendutako aurrekontua 266,20 eurokoa izan da.

“Guztira, 3.000 euro baino gehiago inbertitu ditugu euskara urteko lehen hil hauetan familiei hurbiltzeko, gurasoak seme-alabekin euskaraz komunikatzen has daitezen. Uste dugu garrantzitsua dela euskararen erabilera etxeetara eramatea, egunerokotasunean, eta familiarako eta Abanto Zierbenako herritarrentzako hizkuntza bihurtzea: etxetik hasi beharra dago kalera ateratzeko”, amaitu du Etxebarriak.