Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak udalerri hobe baten alde egiten du lan, irisgarriagoa izango dena eta erosotasun guztiak izango dituena. Udalerriari kirol-azpiegitura onenak ematea da herritarren artean bizi-kalitate hobeagoa lortzeko erronketako bat; horregatik, udal-instalazioen kirol-kudeaketarako kontratu berri bat jarriko da abian datozen bi urteetan, urtean 800.000 eurotik gorako inbertsioarekin. Guztira, 1.550.047 euro baino gehiago bideratuko dira, hau da, aurrekontua % 35 baino gehiago handitu da, eta egun kirol-instalazioetan lan egiten duten 20 pertsona subrogatuko dira.

Kontratu berriak egun dauden instalazioak hartuko ditu barne, hala nola, igerilekuak, erabilera anitzeko gelak, gimnasioa, padel-pista eta kanpoko solariuma, Txipli Txapla ur-parkea, baita Gallarta eta Las Carrerasko bi pilotalekuak eta Udalaren bi futbol-zelaiak ere.

Honakoak dira kirol-instalazioetan eskaini beharreko zerbitzuak: harrera-kudeaketa, sarbide-kontrola, erabiltzaileen koordinazioa, administrazioa, begiraleak eta kirol-jarduerak, garbiketa integrala, mantentze partziala eta padel-pistetako eta futbol-zelaietako hondarra eskuilatu eta aldatzea. Hori guztia urteko egun guztietan, jaiegunetan izan ezik, eta udarako eta neguko ordutegiarekin.

“Udalak kirol-zerbitzua hobetzeko apustua egin du, udalerritik atera gabe kirola egin nahi duten herritarrentzat; horrez gain, enpresak kontratatu beharreko langileen lan-baldintzei erreparatzen diegu, egokienak izan daitezen. Aurrekontuari % 35etik gorako igoera aplikatu diogu, eta gure kirol-sailak sasoi-sasoian egotea nahi dugu”, azaldu du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.

Enpresa interesdunek Udalari kudeaketa-eskaintzak aurkezteko epea datorren urtarrilaren 30ean amaituko da.

“Inbertsio garrantzitsua eta beharrezkoa da, kirola osasuna baita eta gure bizilagunak osasuntsuak eta parte-hartzaileak izatea nahi baitugu, aisialdi-jarduera osasungarriez goza dezaten eta ongizatea sustatu dezaten. Udalaren bigarren kontraturik handiena da”, adierazi du Etxebarriak.

2020. urte honetan udal-aurrekontuetan kirol-instalazioen hobekuntza lehentasun bat izango da gobernu-taldearentzat, eta horrek inbertsio-partida espezifikoa ekarriko du.

“Azken urtean 2.198 bazkidek gozatu dute kirol-instalazioez, eta kirol-azpiegitura horiek gero eta bizilagun gehiagok erabiltzea nahi dugu. Herritar osasuntsuak nahi ditugu, ohitura osasungarriekin; beraz, lana erraztuko dugu kirol-jarduerari aitzakiarik ipini ez diezaioten. Lehen urratsa kirol-eskaintza on bat eskura edukitzea da, eta hori nota onarekin bete dugu kontratu honekin”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.