Albisteak

 

Azterketak hemen daude jada, eta buru-belarri prestatu behar dira. Horregatik, Abanto Zierbenako Udalak lan zail horretan lagundu nahi die udalerriko unibertsitateko ikasleei, Las Carreraseko Gaztegunean ikasketa-gelak gaituz.

"Esperientzia pilotua da; gure ikasle gazte askoren eskaeretatik sortu da, espazio erosoa, zabala eta isila behar dutelako distrakziorik gabe, ahal bezain ondoen aurre egiteko dagoeneko gainean daukagun azterketa-garaiari. Hori dela eta, Las Carreraseko Gaztegunea jarri dugu haien esku. Las Carreraseko bihotzean dagoen azpiegitura berri bat da, Haritzalde plazan. Aulkiak, mahaiak, wifia eta ikasteko behar duten guztia dauka", azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Otsailaren 15era arte, astelehenetik ostegunera 8:30etik 14:30era eta ostiraletan eta larunbatetan 8:30etik 14:30era, ikasketa-gela berri hori irekita izango da ikaste gazteentzat. Abanto Lan enplegu-programari esker lokalean lan egiten duten bi dinamizatzaileak dira ikasteko espazio horren arduradunak.

"Udala irekita dago ikasleek ekarpenak egin ditzaten ikasketa-gela horien erabilera hobetzeko, eta zerbitzu hori etengabe eskaintzeko asmoa daukagu", adierazi du Etxebarriak.

Gaztegunearen nahiz ikasketa-gelaren erabilera kontrolatzeko, lokaleko dinamizatzaileek erregistro bat egingo dute; zerbitzua erabiltzen duten ikasleen fitxak egingo dituzte, eta izen-abizenak, adina eta helbidea apuntatuko dituzte. Modu horretan, Udalak gelen benetako erabilera eta ikasteko espazio berriaren beharrizanak balioetsi ahal izango ditu, eta beharrezkoak diren hobekuntzak aplikatu.

"Gure gazteen eskaerari erantzuten diogu, ordutegi malguak zituen ikasteko espazioa eskatzen baitziguten udalerrian bertan, lasaitasunez eta kontzentratuta ikasi ahal izateko. Las Carrerasen lehen aldiz gaitu dugu horrelako espazio bat, baina Gallartan, Kultur Etxea hainbatetan gaitu da gure ikasleek apunteekin eta liburuekin lan egin ahal izateko azterketei begira. Gure ustez, Gaztegunea aukera bikaina da ikasteko; hortaz, gure gazte guztiak animatu nahi ditugu berau erabiltzera eta beren proba akademiko garrantzitsuetara oso prestatuta iristera", esan du, amaitzeko, Etxebarriak.