Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak lehiaketara atera du etxeko laguntza-zerbitzuaren kontratazioa, 650.000 euroko zenbatekoan; 2021era arte egongo da indarrean, eta lau urtera luzatzeko aukera egongo da, hasierako urtea barne. Udal-zerbitzu garrantzitsu horren funtzionamendua indartzeko balioko du.

“Kontratu honekin, behar gehien dituzten herritarrenganako laguntza sendotu dugu. Gure udalerrian ez dago itxarote-zerrendarik, eta harro gaude, eskaera guztiei erantzuna ematen baitzaie. Urtean, 19.905 ordu eskaintzen dizkiogu etxeko laguntza-zerbitzuari. Adinekoei etxean bertan laguntzeko udal-zerbitzua oso garrantzitsua da, eta horregatik inbertitzen dugu dirua eta ahalegintzen gara modu egokian funtziona dezan eta herritar guztiak ondo zainduta egon daitezen”, azaldu du Iratxe Etxeandia Gizarte Ekintzako zinegotziak.

ELZ izaera soziala duen zerbitzu bat da, eta xede du etxean bertan zuzeneko arreta ematea autonomia pertsonalean mugak dituzten pertsonei edo familiako arazoak dituzten pertsonei, pertsona horiek euren ingurunean jarraitu ahal izan dezaten, ahalik eta bizi-kalitaterik onenarekin.

Abanto Zierbenan, Etxeko Laguntza Zerbitzuak 70 pertsona ingururi ematen dio arreta hilean; hartzaileen % 80 emakumeak dira, eta % 18 gizonak. Arreta jasotzen duen pertsonaren profila hau da: 85 urteko emakumea, mendetasun-maila altuarekin. Arreta jasotzen duten pertsonek eta haien familiek oso ondo baloratzen dute zerbitzua; izan ere, laguntza eta atsedena eskaintzen ditu zaintzen esparruan, baita babes emozional eta psikologikoa ere, modu hurbil eta profesionalean. Gainera, oso kalitate altua du zerbitzuak.

Etxeko laguntza-zerbitzua duela hiru hamarkada hasi zen funtzionatzen udalerrian, eta bermatzen du mendeko pertsonek edo, besterik gabe, laguntza behar duten adinekoek, laguntza egokia jasotzen dutela eta haien oinarriko beharrak asetzen direla. Hala, zerbitzuak eguneroko bizitzako oinarrizko beharrizanei ematen die arreta; funtsean, zaintza pertsonalari, higieneari, elikadurari, sendagaien kontrolari eta abarri loturiko beharrizanei. Horrez gain, beharrizanak hautematea eta mendetasunari aurre hartzea ere helburu du. Halaber, eguneroko bizitzari loturiko beste izapide batzuk ere egiten ditu zerbitzuak: erosketak, bankuko eragiketak, medikuarenera laguntzea..., baita etxeko bizitzarekin eta bizi-kalitate hobea izatearekin loturiko beste edozer ere. Zerbitzua hartzailearen udalerrian eta etxean bertan eskaintzen da, pertsona horiek egoitza batean sartzeko unea atzeratu ahal izateko.

Erantzun globalagoa behar duten egoerak hautemateko ere balio du zerbitzuak, bestelako laguntza-zerbitzuen esku-hartzearekin: etxeko laguntza-zerbitzuak ez du soilik laguntzen, prebenitu ere egiten du.

Zerbitzu hau prestatutako langileek kudeatzen dute, indarreko araudiak eskatzen duen moduan, eta enpresa esleipendunak subrogatzen du, zeinak sektoreko hitzarmen kolektiboa bete beharko duen.

Hobetutako etxeko laguntza-zerbitzua

Abanto Zierbenako Udalak adinekoei zuzendutako zerbitzu garrantzitsu horren alde egiten du, eta kolektibo horri zuzendutako jarduketa gehigarriak aurreikusten ditu: 16 osasun-plaza eskaintzen ditu egoitza-zentro batean zaurgarritasun- eta bat-bateko larrialdi-egoeran dauden 60 urtetik gorako pertsonentzat, kosturik gabe.

Halaber, 24 orduko zaintza-zerbitzua ere badago urte osoan zehar, arazoak konpontzeko edo erabiltzaileei laguntza teknikoa emateko, hala nola garabiak, ohe artikulatuak, bastoiak edo eskorgak.

Horrez gain, Etxeko Arreta Zerbitzuko erabiltzaileen etxeetan hiru garbiketa eta desinfekzio orokor egingo dira; halaxe jaso da kontratu berrian. Gogorarazi beharra dago dagoeneko garbiketa eta desinfekzio orokor bat egiten dela zerbitzu honen bidez artatzen diren pertsonen etxeetan.

Bestalde, ekimen soziokultural batera bertaratzeko aukera eskainiko zaie etxeko laguntza-zerbitzuko erabiltzaileei, gizarteratzea hobetzeko, baita medikuarenera joateko laguntza ere, ordutegitik kanpo. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren ordutegitik kanpo beste 5 ordu eskainiko dira, erabiltzaile guztientzat.

“Etxeko laguntza-zerbitzua Udalaren lan-zutabeetako bat da, gure adinekoen eta haien familiarren ongizatea lehentasun argia baita guretzat. Zerbitzu honi esker, gure bizilagun askoren eguneroko bizitza hobetzen dugu, eta horren ondorioz gure udalerria leku hobea da bizitzeko”, amaitu du Etxebarriak.