Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak gaur goizean aurkeztu du herritarrentzako tresna erabilgarria izateko xedearekin sortutako udal-gida berria. Argitalpen horretan udalerriari buruzko informazio asko aurki daiteke, eta 5.200 ale editatu dira Abanto Zierbenako etxeen, denden eta ostalaritza-lokalen artean banatzeko. Horrez gain, udal-bulegoetan ere egongo dira eskuragai eskatzen dutenentzat.

“Bi urte igaro dira Udalak azken udal-gida editatu zuenetik, eta, ordutik, aldaketa nabarmenak izan ditugu gure udalerrian. Abanto Zierbena oso udalerri dinamikoa da, eta, azken urteotan, zerbitzu berriak abiarazteaz gain, elkarte eta are enpresa berriak ere sortu dira” adierazi du Maitena Etxebarria alkateak.

Gida honekin, herritarrei gure udalerriari buruzko informazio eguneratu asko emango dien tresna bat sortu nahi izan dugu” gehitu du Herritarren Partaidetza eta Komunikazioko zinegotzi Argiñe de la Cruzek.

Dokumentua herritarren intereseko gida praktiko eta eguneratua da. Oso erabilgarria da Abanto Zierbenako historia, zerbitzuak, telefono-zenbaki interesgarriak, ibilbideak eta gainerako datu garrantzitsuak eskuratzeko.

“Urte berriaren eskutik etorri da gida berria. Gida oso hau askoz ere deigarriagoa da, baita sinpleagoa eta irakurtzeko erosoagoa ere. Gainera, udal-webgunean ere egongo da esekita, formatu digitalean deskargatu nahi dutenentzat” azaldu du Argiñe de la Cruzek.

“Batzuetan ez gara konturatzen gure udalerriaren bizitasunaz, gure herrian lan egiten duten elkarte eta saltoki guztiez, gure altxorrez, eskuragarri izateaz gain, gure eskubide diren zerbitzu publikoez, eta gida honek gure udalerrian inolako arazorik gabe mugitzeko beharrezkoa den informazioa jartzen du mahai gainean” eman du aditzera De la Cruz andreak.

Baliabideen Gida 2020-2022 honek hainbat atal ditu; horrela, azkarrago eta modu eraginkorragoan bila daiteke informazioa. Hasieran, udalerriko historiaren deskribapen txiki bat dago, eta, ondoren, Udalak eskaintzen dituen zerbitzu publikoak eta harremanetarako telefono-zenbakiak daude. Horrez gain, enpresei buruzko informazioa eta Abanto Zierbenako kaleen plano bat ere badago.

Gainera, gida berrian argazki politak daude, balio kultural, ekonomiko eta sozial handiko txoko eta bazterren edertasuna azpimarratzen dutenak. Horrela, begien aurrean izango ditugu udalerriko proiektu estrategikoak, adibidez, portadan dagoen Gerente Putzua. Bertan, biziberritze-lanak abiarazi zituen Udalak duela bi urte, ingurune hori birgaitzeko asmoz. Gainera, gida berriak Burdin Mendien Bide Berdea proiektu eredugarria dela aitortzen duen Europako bereizgarria darama. Udalerriaren iraganerako, orainerako eta etorkizunerako tokia dago datozen urteetan abiaraziko den parke teknologikoaren infografiak ere jasotzen dituen gida honetan. Izan ere, proiektu horrek eragin handia izango du Abanto Zierbenako ekonomian, lan-sektorean eta gizartean. Halaber, erabat erreformatuta dagoen Cotorrioko aterpetxea eta gazteentzako instalazio berriak ere, besteak beste, Las Carrerasko Gaztegunea eta boulder rokodromoa, protagonista dira gida berrian. Are gehiago, Ekoetxea Meatzaldea eraikin berriak ere aipamen berezia du udal-baliabideen gida honetan.

“40 orrialde baino gehiagoko gida honek agerian uzten ditu gure udalerriaren edertasuna, baliabideak eta bizi-kalitatea, kanpoko guztiek ezagutzea nahi ditugunak. Gidak Abanto Zierbenaren etorkizunari buruz ere hitz egiten du; modernoagoa da eta aukera gehiago eskaintzen ditu, baina ez ditu, inolaz ere, meatzaritzan sustraitutakoak balioak bistatik galtzen. Gida aproposa da gure herria erraz-erraz ezagutu eta ezagutzera emateko. Eskerrak eman nahi dizkiegu gidan ordezkatutako erakundeei, eta espero dugu herritarrek atsegin izango dutela gida hau, eta nahi dutenean edo behar dutenean kontsultatuko dutela” esan du, azkenik, Maite Etxebarriak.