Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak programazio berezia antolatu du Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, zeina datorren abenduaren 3an (igandea) ospatuko baita.

Ospakizunak hainbat jardueraz osatutako programa izango du, kolektibo eta adin guztiei zuzendua eta ospakizun-izaera bereziarekin. “Gure udalerria geroz eta euskaldunagoa da; horregatik, euskararen normalizazioa defendatu eta babesten dugu gure gizartearen alor guztietan. Horrez gain, konpromisoa hartu dugu euskara egunero sustatzeko Abanto Zierbenako txoko guztietan”, adierazi du Maite Etxebarria alkateak.

Euskararen festa egun ofiziala baino apur bat lehenago iritsiko da Abanto Zierbenara. Azaroaren 29an (ostirala), arratsalde erditik aurrera, barre egingo dugu Kultur Etxean, Mikel Bermejo bakarrizketariaren umoreari esker. Sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte.

Ostiralean ere giro ona izango dugu Eusko Gudariak plazan, adin guztietako kuadrillen artean kantu-poteoaz gozatuko baitugu. Nafarroa Kanta Taldearekin euskarazko abestiak abestuko ditugu.

Abenduaren 3an (asteartea), Euskararen Nazioarteko Egunean, udalerriko eskola guztietako ehun bat ikasle bilduko dira Gallartako Kultur Etxean, goizeko hamaiketan. Beste urtebetez, helburua euskarari omenaldi berezia egitea izango da, beren sormen propioekin: abestiak, bertsoak eta musika-sorkuntzak. Ekitaldia amaitzeko, haurrentzako magia-ikuskizuna egongo da.

“Geroz eta herritar gehiagok egunero euskaraz hitz egitea nahi dugu, soilik horrela normalizatuko baitugu euskara gure udalerrian. Euskara Abanto Zierbenako bizilagun bat gehiago izatea nahi dugu”, adierazi du Iñaki Urrutia Euskara saileko zinegotziak.

Jarduera horien bidez, Udalak euskara herritarrengana hurbildu nahi du modu atseginean, eta, gainera, dei egiten die euskaraz dakiten herritarrei, hura erabiltzeko eta kalean euskaraz hitz egiteko. Hizkuntzaren erabilerak zehaztuko du haren etorkizuna, eta Abanto Zierbenako Udala lanean ari da euskarak udalerrian bizirik iraun dezan.

“2018an, gure udalerriak parte hartu zuen Euskaraldian, eta aurten Abanto Zierbenak bat egin du erronkarekin beste behin. Euskaraldian parte hartu zuten pertsona guztiei dei egiten diegu lehiaketa@abanto-zierbena.eus helbidera mezu bat bidaltzeko, bi galdera hauei erantzunez: “norekin lortu zenuen euskara gehiago erabiltzea?” eta “norekin gustatuko litzaizuke euskara gehiago erabiltzea?”. Jasotako mezuekin EUSKARALDIA sarea sortuko da, eta parte-hartzaile guztiak konektatua egongo dira 2020an Euskaraldia itzultzen den arte”, azaldu du Iñaki Urrutia zinegotziak.

Abanto Zierbenako Udalak, euskararekiko konpromisoarekin bat eginez, aldarrikapen-pankarta bat ipini du balkoian astean zehar.

“Geroz eta familia gehiago komunikatzen dira euskaraz gure herrian, eta apustu sendoa egin dugu belaunaldi berriak euskaraz hazi eta bizitzeko, harrotasunez, ilusioz eta arduraz. Helburu nagusia Abanto Zierbena giro euskaldunean haztea da. Geroz eta gehiago entzuten dugu parkeetan, eskoletako sarrera eta irteeretan, eta beste lekuetan. Bide onetik goaz, baina aurrera egiten jarraitu behar dugu, euskara gure bizitzen parte izateko”, esan du, amaitzeko, Maite Etxebarriak.