Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak gaurko osoko bilkuran onetsi du parkeen, lorategien, landa-bide publikoen, auzo arteko bideen eta udalerriko beste berdegune batzuen mantentze-, zaintze- eta garbiketa-zerbitzuaren mandatua egitea Talleres Gallarreta Lantegia enpresari, datozen lau urteetarako.

“Berdeguneen zaintza oso garrantzitsua da gure herritarrentzat, eta, mandatu honen bidez, Gallarreta enpresako taldeak arduratuko dira lan horiek egiteaz 2019tik 2013ra bitartean”, adierazi du Maite Etxebarria alkateak, Udalak desgaitasuna duten pertsonen inklusioarekin duen konpromisoa nabarmenduz. Hain zuzen, datozen lau urteetan ia 2 milioi euroko udal-aurrekontua bideratuko dela zerbitzu horretara.

Mandatu berri horrek, lorezaintza-zerbitzu nagusiak gauzatzeaz gain, barne hartzen du bide publikoan dauden hondakin handiak biltzea eta bertatik kentzea, minigarbiguneetako hondakinak biltzea, inausketako hondakinak biltzea eta udal-taulen mantentze- eta garbiketa-lanak egitea.

“Konfiantza dugu Talleres Gallarretako langileengan, eta haiekin konprometituta gaude. Lehentasun handia ematen diogu Abanto Zierbenan eta Meatzaldean bizi diren pertsona horiek gizarteratzeari, baita kalitatezko zerbitzua bermatzeari ere. Bada, Talleres Gallarreta Lantegiak gero eta profesionaltasun handiagoz kudeatzen ditu arlo horretako zerbitzuak”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

“Mandatu berri honen bidez, Talleres Gallarretako langileek bide publikoko hondakin handiak bildu eta baimendutako tratamendu-zentrora garraitu beharko dituzte, astean bitan. Horrez gain, udalerrian dauden lau minigarbiguneetako hondakinak bildu beharko dituzte; herritarrek bertan uzten dituzte pilak, CDak, aerosolak, inprimagailuen kartutxoak, bonbillak eta plastikozko tapoiak. Halaber, ikastetxeetan eta merkataritza-establezimenduetan jasotako pilak bildu beharko dituzte. Bestetik, Abanto Zierbena osoan sakabanatuta dauden herritarren informaziorako eta iragarkietarako udal-tabloiak zaindu eta garbitu beharko dituzte (hirurogeitik gora dira). Gainera, orain arte bezala, udalerriko zazpi bilketa-puntuetan pilatutako inausketa-hondakinak bildu eta kudeatu beharko dituzte, hamabost egunez behin”, adierazi dute Auzo eta Zerbitzu saileko zinegotzi Jon Cuestak eta Ingurumen saileko zinegotzi Roberto Galindezek.

Talleres Gallarretako 21 langile, lau brigadatan banatuta eta brigada bakoitzean taldeko arduradun bana dutela, arduratuko dira Abanto Zierbenako lorezaintza-lanez. Udaberrian eta udan, berriz, 24 langile izango dira, garai horretan egoten baita lan gehien belarra mozten. Gainera, makina berriak izango dituzte. 24 orduko zerbitzua eskainiko dute, klimatologia-baldintza txarren ondoriozko larrialdi- edo salbuespen-egoeretarako.

Zerbitzu garrantzitsu eta askotariko horiek biltzen dituen mandatu berri horren bidez, Abanto Zierbenako Udalak berretsi egiten du Talleres Gallarretari ematen dion babes sendoa, hala udalerrian nola Meatzaldean egiten duen lan sozialarengatik. “Inklusioan eta ondo egindako lanean sinesten dugu, eta Talleres Gallarreta arrakastaren bermea da, gero eta kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzen baitu gure udalerrian, bat datorrena kalitatezko berdeguneak bermatzeko eta ingurumena babesteko dugun konpromisoarekin. Hori horrela, Abanto Zierbenako Udalak eta Gallarretak elkarrekin lan egiten jarraituko dugu”, esan du, amaitzeko, Maite Etxebarria alkateak.