Albisteak

 

2.000 hegazti baino gehiago egongo dira ikusgai Gallartako Txikito frontoian

Euskadiko hegazti-azokarik handiena bueltan izango da abenduaren 13, 14 eta 15ean inoiz baino hegazti-espezie gehiagorekin. Horrez gain, untxi erraldoiak eta Gabonetako merkatu bat ere egongo dira.

Abanto Zierbenak hegoak astinduko ditu datorren asteburuan Expoaves erakusketarekin. Euskadiko hegazti-azokarik handiena Meatzaldeko udalerri horretan egongo da hilaren 13tik (ostirala) 15era (igandea). Expoavesek hegoak astinduko ditu berriz ere Abanto Zierbenan; dagoeneko laugarren edizioa da eta 2.000 hegazti eta 150 hazle baino gehiago batuko ditu Gallartako Txikito frontoian.

“Gainera, aurten lehen aldiz jarriko da Eusko Gudariak plazan Gabonetako merkatu bat. Bertan, udalerriko bizilagunek nahiz bisitariek garai hauetako produktu tradizionalak eta bestelako pagotxak aurkituko dituzte, gure lurraldeko produktuez gain” eman du aditzera Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

ExpoAves datorren abenduaren 13an, ostirala, hasiko da. Zehazki, eguerdiko 12:00etan izango da azokaren inaugurazioa, eta larunbatean, hilaren 14an, ongietorria egingo zaie hamahiru autonomia erkidegotatik eta Frantziako hegoaldetik etorritako hazle eta epaileei. Azken horiek izango dira parte-hartzaileen edertasuna eta bestelako dohainak ebaluatuko dituztenak. Alabaina, lana ez da batere erraza izango; izan ere, mundu osoko dozenaka arraza egongo dira espezie bakoitzeko.

Topaketa honek ehunka oilo bilduko ditu Gallartako Txikito frontoian; batzuk oso handiak dira, beste batzuk, aldiz, txiki-txikiak. Beren artean eta beste espezie batzuekin lehiatuko dira publikoaren arreta erakartzeko: usoak, indioilarrak, anatidoak, txoriak… Azokak Tolosatik (Frantzia) ekarritako 50 antzara baino gehiago bilduko ditu, orain arte Euskadin batu den kopururik handiena. Hegazti-azoka den arren, untxiek ere protagonismo berezia izango dute. Hain zuzen, litekeena da Flandesko untxiak aho bete hortz uztea etxeko txikiak zein nagusiak, 20 kilora arteko pisua izan baitezake.

Hitzordu paregabea da, topaleku bakarrean 2.000 hegazti ezberdin bilduko dituena. Are gehiago, lehiatu egingo dira, eta, hartara, beren trebeziak erakutsi beharko dituzte. Zalantzarik gabe, munta handiko erakusketa da, eta ezin da inolaz ere huts egin.

Gabonetako merkatua

ExpoAvesekin batera, Gabonetako produktuen eta nekazaritzako elikagaien merkatu bat ere egongo da Eusko Gidariak plazan abenduaren 14an (11:00etatik 19:00etara) eta 15ean (11:00etatik 15:00etara). Bertan, Gabonetako produktuak egongo dira, besteak beste, izeiak, gozokiak, polboroiak, Gabonetako apaingarriak eta antzinako jostailuak… beste era batera esanda, Gabonen magian murgiltzeko behar dugun guztia!

Gainera, zerbait jan eta indarrak berreskuratu nahi dituztenek hegaztiek utzitako protagonista baten bitartez asebeteko dute beren gosea: arrautzak. Udalerriko 16 establezimenduk merkatuaren omenez sortutako “Pintxoarrautz”ak eskainiko dituzte, bezeroek dasta ditzaten. Arrautzaren bertsio ezberdinek bertaratuak konkistatuko dituzte lumaz beteriko eta Gabon-kantez girotutako hiru egun horietan.

ExpoAves erakusketa Abanto Zierbenako Udalak antolatu du Enkarturren laguntzarekin. Lehen edizioa 2016an jaio zen, Abanto Zierbena udalerriaren garapen turistikoari ekarpena egin eta sektoreko eta udalerriko erreferentzia bihurtzeko xedez. Behin hasierako helburu hori erdietsita, azokak erreferentziatzat izan duen eremutik haratago joan eta landa-eremua sustatzen jarraitu nahi du.

Dagoeneko hemen da Expoaves, eta Abanto Zierbenako Udalak, Eoalak elkarteak eta Enkarturrek espero dute hegazti-hazkuntza oinarri duen nazioarteko erakusketa hau astebururako ezinbesteko plan bihurtzea.