Albisteak

 

Atletismoaren jaialdi hori Trianoko zelaietan egingo da igande honetan, azaroaren 17an. Abanto Zierbenak lasterrari ekingo dio Trianoko Eskola Krosaren proban. Kirol-esperientzia dibertigarria eta osasungarria da udalerriko gazteentzat.

“Tradizio bat da: azaroaren hirugarren asteburuan, atletek Trianoko zelaiak hartzen dituzte Sendoa Atletismo Klubaren eskutik. Jada finkatutako kirol-hitzordu horretan, girorik onena dago, eta kirolariez gain, familiak ere etortzen dira. Goiz zoragarria da kirolaz eta inguruaz gozatzeko”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Korrikalariak zelaien 62.063 metro karratuetan zehar ibiliko dira, aparteko ingurune naturalean, Trianon. Azken edizioetan, eskola krosak parte-hartze handia izan du, eskola-kiroleko 1000 atleta baino gehiago jasoz. Probak aurten 13 urte beteko ditu, eta ibilbide luze horretan ez du erritmoa galdu; guztiz kontrakoa: gero eta jende gehiago dator eta edizioz edizio hobetzen da.

Lasterketa, jatorriz, gazteenei kirolaren praktika bizi-ohitura osasungarri gisa hurbiltzeko eta balioetan hezteko sortu zen. Eta, aldi berean, horren bidez, Sendoa Atletismo Kluba udalerriko auzo guztietara zabaldu zen. Izan ere, jarduera atletiko hori antolatzen du Las Carreras auzoan, “Seranteserako igoera” Sanfuentesen, eta “Ricardo Estébanezen memoriala” Gallartan. Oraingo honetan, Trianoko zelaiak dira protagonista, korrikalariekin batera.

Sendoa Atletismo Klubak Abanto Zierbenako Udalaren eta Bizkaiko Atletismo Federazioaren laguntza jaso du kirol-proba honi begira.

10:15ean, herri krosa hasiko da, 5.100 m-ko ibilbidearekin. Ondoren, 10:50etik 12:05era bitartean, hainbat kategoriatako probak egingo dira (aurrebenjaminak, benjamin neskak eta mutilak, kimu neskak eta mutilak, haur neskak eta mutilak, eta kadete neskak eta mutilak), 400 m-tik 2.100 m-ra arteko ibilbideekin. Eta azkenik, 12:30ean, errelebo-lasterketa egingo da, 4.100 m-ko ibilbidearekin.

Kirol-proba hori Meatzaldeko Udalaren hainbat sailen esparruan kokatzen da: Kultura, Kirola, Gazteria, Aisialdia, Euskara, Ingurumena, Emakumea eta Hezkuntza. Izan ere, kirola eta euskara hedatzen ditu, bizi-ohitura osasungarriak sustatzen ditu, aisialdiaz gozatzeko aukera bat da, eta gizonen eta emakumeen berdintasunezko parte-hartzea bultzatzen du. 

“Atletismoaren hitzordu handi hori martxan jarriko dugu igande honetan Abanto Zierbenan. Espero dugu, betiko moduan, kirola eta giro ona gailenduko direla. Ongi etorriak izan daitezela atleta guztiak”, adierazi du Etxebarriak.