Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan, Ekoegutegia proiektua aurkeztu du, “2020an egun bakoitza garrantzitsua da, kontsumitu arduraz” izenburupean. Egutegi horren helburu nagusia da herritarrei ulertaraztea oso garrantzitsua dela hondakin kopurua murriztea, bai eta hondakinen kudeaketa egokia sustatzea ere, horretarako elementu bakoitza dagokion tokian botata.

Ezinbestekoa da gure ohiturak eraldatzea, urtero sortzen ditugun hondakinen kopuruak murriztu ahal izateko. Horretarako, pentsatzeko dugun era aldatu behar da, eguneroko ekintza txikiak egin behar ditugu, geure ekarpena egiteko eta herritarrok ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin dugun konpromisoa sendotzeko.

“2020an egun bakoitza garrantzitsua da, kontsumitu arduraz” izenburupean, egutegiak informazio erabil eta praktikoa banatu nahi du, baita aholkuak, hausnarketak eta gogoragarriak ere. Horrez gain, guztiok martxan jar ditzakegun jardunbide egokien dekalogo bat ere badauka. Urteko 12 hilabeteetan Udalak kudeatzen dituen askotariko hondakinei buruzko edukiak ematen dira: organikoa, beira, papera, ontziak, olioa, bosgarren edukiontzia, inausitako hondakinak, objektu handiak...

Ekoegutegian Ingurumen Sailak urtero egiten dituen jarduerak ageri dira, baita inausitako hondakinak zein egunetan jasotzen diren, objektu handiak noiz atera behar diren eta abar ere.

Hilean behin, Ekoegutegiko hilabete horretako edukiari lotuta, jarduera edota tailerrak egingo dira, beste arlo batzuekin batera (gazteria, berdintasuna, adinekoak...).

Udalak 1.000 ale editatuko ditu, paper birziklatua eta tinta ekologikoak erabiliz. Diseinu grafiko zaindu, bisual eta erakargarria du. Ez da ohiko egutegi bat; helburua da informazioak denboran eta, bereziki, herritarren memorian eta jarduteko eran, irautea; izan ere, herritarren inplikazioari esker, Abanto Zierbenak iraunkortasunarekin konpromisorik handienetakoa duen Bizkaiko udalerria izaten jarraitu ahalko du.

Ekoegutegia lortzeko, sartu hemen (https://forms.gle/DQsbiEa6cr4TBoDu8).

Gai honi buruzko 5 galdera erraz egingo dira; nahikoa izango da parte hartzea Ekoegutegia doan lortzeko, Gaztegunean, abenduaren 15etik aurrera.
www.abanto-zierbena.org