Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak EMICA Bombas enpresaren 120. urteurrena ospatu nahi du; izan ere, enpresa horrek gure herrian garrantzi handia du, eta Bizkaian eta Euskal Autonomia Erkidegoan historia luzeenetarikoa duen enpresa da. Enpresa sasoi betean iritsi da 2019. urtera eta omenaldi ederra jasoko du, Barakaldoko Ilgner eraikinean, azaroaren 8an.

Urteurrenaren ospakizuna “Metala lantzetik pertsonak artatzera 120 urtetan” enpresa-jardunaldiaren barruan egingo da, eta Pello Yaben Solchagak, giza baliabideetan eta antolakuntza-aldaketan adituak, hitzaldi bat emango du.

Ekitaldian, gonbidatutako agintari askoren artean, hauek egongo dira, besteak beste: Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturako sailburua, Arantza Tapia; Ekonomia Sustatzeko foru-diputatua, Ainara Basurko; Garapen Ekonomikoko zinegotzia, Maitana Martínez; eta Abanto Zierbenako alkatea, Maite Etxebarria.

“EMICA Bombas Bilbon sortu zen, 1899ko abenduaren 28an, eta orain dela 25 urtetik du egoitza nagusia gure herrian, hain zuzen ere, Gallartan. Enpresa eredugarria da, urte luzez iraun duelako eta ezin hobeto egokitu delako gaur egungo egoerara. Halaber, gure iragan industriala gogora ekartzen digu, baita Euskal Autonomia Erkidegoan eta gure eremuan burdinak eragin zuen bultzada eta eraldaketa ere. Aro horren hastapenetan zein gainbeheran egondako guztiei errespetu handia zor diegu, aro zaila, aberatsa eta sakrifikatua izan baitzen. Zorionak lortutako guztiarengatik; espero dugu hemendik aurrera ere urte luzez irautea eta gure herrian lana sortzen jarraitzea. Ostiralean enpresaren ibilbidea ospatuko dugu guztiok. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa gutxik bete dituzte 120 urte; hori harrotzeko modukoa da eta gure esker ona merezi du”, azaldu du Abanto Zierbenako Garapen Ekonomiko eta Enpleguko zinegotziak.

EMICA enpresa bizkaitarrak bere 120. urtebetetzea ospatuko du, hain zuzen, nazioartean hedatzeko eta bere produkzio-eredua aldatzeko prozesuan murgildurik dagoen une honetan. Enpresak arlo askotan egin ditu aldaketak: akziodunak, tamaina, plantilla, kokapena, produktua eta bezeroak; mende bat baino gehiagoz bizitako hainbat egoera eta eszenatokitara egokitzeko prozesua izan da. Konpainia espezializatua da uraren, energiaren, kimikaren eta, oro har, industriaren arloetarako ponpa zentrifugoak sortzen.

Barakaldoko Ilgner eraikin historikoak energiaz hornitu zituen Bizkaiko Labe Garaiak, eta, ostiralean, azaroaren 8an, aipatutako enpresa-jardunaldia barne hartuko du. Horren barruan, omenaldia egingo zaio EMICA Bombas enpresari, jardunaldiari amaiera bikaina emateko.

Ekitaldia goizeko 09:15ean hasiko da, eta administrazio publikoko, erakunde patronaletako, elkarteetako eta beste entitate publiko eta pribatu batzuetako ordezkariak izango dira bertan, baita historian zehar enpresarekin lotura izan duten langileak ere (akziodunak, zuzendaritza-taldea eta bestelako langileak). Besteak beste, etorriko direla jakinarazi dute CONFEBASK enpresako zuzendari nagusiak, Eduardo Arechagak, eta Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioko presidenteak, José Luis López Gilek.

“Gure historiak, besteak beste, borrokaren inguruan hitz egiten du: EMICA merkaturatzaile izatetik fabrikatzaile izatera pasa zen; erreferentziazko filial bat izan zuen ezkerraldean (Talleres Ibarreta, dagoeneko desagertua); enpresa japoniar batek erosi zuen 1990eko hamarkadaren hasieran eta, geroago, 1997. urtean, enpresako zuzendariek erosi zuten berriro. Hainbat egoera eta eszenatoki sozioekonomiko, politiko eta nazioartekotara egokitzeko prozesua izan du historian zehar”, adierazi du EMICA Bombas enpresako zuzendari nagusiak, Jon Ander Aguirrebengoak.

Gaur egun, EMICA enpresak 4.500 metro karratu inguruko hedadura duten instalazioak ditu bere fabrikazio-zentroetan. Egoitza nagusia Gallartako El Campillo industrialdean dago, eta hor gertatzen da bere produkzio-jarduera nagusia, diseinu-lanak eta mantentze- eta asistentzia-tailerrak barne. Horrez gain, ekipamenduen frogak egiten dituzte saiakuntza-bankuan, zeina eskakizun tekniko altuenak probatzeko egina dagoen. Enpresaren helburua da ponpa gehiago, handiagoak eta balio handiagokoak sortzea. Zalantzarik gabe, 120. urteurrenera osasun betean eta etorkizun handiarekin iritsi da.

2018. urtean 6 milioi euro inguru fakturatu zituen, eta 2019. urterako aurreikuspenak zifra horri eutsiko diola adierazten du. 2021. urterako 9 milioi euro lortzea espero da. Plantilla 50 langilek osatzen dute.

“Udalak babesa eman nahi dio gure enpresa-sareari, eta horregatik, EMICA Bombas enpresari egindako lehen omenaldiaren ondoren, urtero aitorpenak egingo dizkiegu gure enpresei, beren ibilbide luzeagatik edo beren kudeaketa berritzaileagatik. Gainontzekoetatik bereiztea lortzen ari diren konpainiak saritu nahi ditugu. Dena den, orain EMICA enpresaren meritua aitortu nahi dugu, sortu eta 120 urte geroago, ponpak egiten erne eta tinko jarraitzeagatik”, esan du, amaitzeko, Abanto Zierbenako alkateak, Maite Etxebarriak.