Albisteak

 
Igande honetan (irailak 22), Familia Pedaletan proba egingo da. Bizikletan ibiliko gara, familian, Burdinmendi Bide Berdean. Bertan, parte-hartzaileek Abanto Zierbenako natura-inguruneaz gozatzeko aukera izango dute. Bi ibilbide egongo dira: txikia, 12 kilometrokoa, eta luzea, 30 kilometrokoa, pedalei gehiago eragitera animatzen direnentzat. 

 “Proba honek gero eta zale gehiago ditu, eta aukera paregabea da egun eder bat familian igarotzeko, modu osasungarrian. Lau urte pasatu dira gure udalerrian bizikleta-martxa hau antolatzen hasi ginenetik, eta gero eta jende gehiagok hartzen du parte. Ekimenaren lehen urtean 110 pertsonak hartu zuten parte, bigarren urtean 165ek eta aurreko edizioan 217k. Aurten marka hori hautsi nahi dugu, baina parte-hartzaileen erosotasuna eta ongizatea kaltetu gabe. Hori dela eta, 300 ziklistako muga jarri dugu”, azaldu du PSE-EEko bozeramaile Maitana Martínez Goirik.

Martxa txikia egiteko, gutxienez 6 urte eduki behar dira, eta handia egiteko 10. Haurrek tutore edo familia-arduradun batekin joan beharko dute beti. Aurten, lehen aldiz, kirol-probaren irteera eta helmuga Gallarta Zaharra parkean eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren inguruetan izango dira.

 “Familia Pedaletan ekimena haztea nahi dugu eta, horretarako, Meatzaritzaren Museoaren laguntza dugu; hain zuzen, proban izena ematen duten guztiei Museoko instalazioetarako gonbidapen bikoitz bat emango die, nahi dutenean bisita dezaten”, jakinarazi du Martínez Goirik.

Berritasun gisa, anoa-postua helmugan egongo da, eta aurten paella handi bat prestatuko da parte-hartzaileentzat.Eta oraindik bizikletan oso ondo ibiltzen ez dakitenentzat, Gallarta Zaharra parkean oztopo-zirkuitu bat jarriko da, bizikleta gaineko oreka hobetzeko. Zirkuitu horretan parte hartzeko gutxieneko adina 6 urte da. Nahitaezkoa izango da kaskoa erabiltzea kirol-jardunaldiaren barruan egiten diren jarduera guztietan.

Izena www.abanto-zierbena.eus webguneko izen-emateen plataforman eman beharko da. Izena emateko, 4 euroko zenbateko sinbolikoa ordaindu beharko dute parte-hartzaileek, Abanto Zierbenan erroldatuta daudenek izan ezik. Azken horientzat jarduera Udalak lagunduko du diruz % 100ean.

Izena emateko epea irekita dago, irailaren 5etik, eta ez da itxiko irailaren 19ra arte, parte hartzeko plaza guztiak lehenago bukatu ezean. Izena emateko lehen sei egunetan, plazen % 40 gordeta egongo dira Abanto Zierbenako biztanleentzat. Zazpigarren egunetik aurrera, plaza guztiak irekiko dira proban parte hartu nahi duten gainerako interesdun guztientzat.
Igandean zain izango gaituzue Abanto Zierbenan, gurpil gainean eta familian gozatzeko bertako paisaia natural eta sinbolikoaz.

Hain zuzen ere, aipatzekoa da Bide Berdeak Europa mailako aintzatespen berezia jaso duela berriki, “Ekimen Eredugarri” onenaren saria eman baitzioten Europako Bide Berdeen Elkarteak antolatutako European Greenways Awards sarietan.