Albisteak

 

Beste urtebetez, San Antonio jaiak musikaz eta kontzertu eta ekitaldi handiz beteta datoz. Gallartako herritarrek zapi gorria lotuko dute lepoan ostiral honetan, ekainaren 7an, eta ez dute datorren igandera arte (ekainak 16) kenduko.

10 festa-egun aurretik, adin guztietarako jarduera-programa zabalarekin. Ekainaren 7an emango zaie hasiera, Kontxa damaren jaitsierarekin. Meatzaritza Museotik Eusko Gudariak plazara jaitsiko da Kontxa Gallartako herritarrekin batera, Abanto Musika Eskolak eta Meatzaldeko Harrigorriaga Dantza Taldeak lagunduta.

“Arratsaldeko zazpi eta erdietan pregoia izango da, Meatzalde Eskautak elkartearen eskutik, haien 30. urteurrena dela eta. Txupinazoak hasiera emango die 2019ko San Antonio jaiei, eta konfetiz beteta egongo da. Betiko moduan, ohorezko aurreskua dantzatuko dute” adierazi du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.

Ondoren, giro ederra egongo da kalean El Despiste taldearen banda soinuarekin, Gallartako kale nagusietan zehar. Eusko Gudariak plazan DJ musika-saioa egongo da. Jendea dantzan dagoen bitartean, ACHAk zozketa bat egingo du, sari harrigarri batekin: asteburu bat Parisen.

2019ko San Antonio jaietako ikuskizun nagusia gaueko hamaika eta erdietan izango da: Parabellum talde ospetsuaren kontzertua. Eusko Gudariak plaza rock-musikaz beteko du. Eta, gorputzak gehiago eskatzen badu, festak aurrera egingo du Sukar Erromeriarekin.

Ekainaren 8an (larunbata), aukera asko egongo dira goizean: haur-jolasak, futbol-txapelketa San Migel zelaian, igeriketa-erakusketak eta Xakearen Nazioarteko Opena.

Pilotak ere izango du bere lekua Pilota Egunarekin, Txikito frontoian ospatuko dena. Ur-puzgarriak ere egongo dira udal-igerilekuetan, beroari aurre egiteko eta freskatzeko. Arratsaldeko lau eta erdietan “Txelu Izaguirre Memoriala” izeneko eskupilota-txapelketa ospatuko da.

Festak harri-zulatzaileen ligarekin egingo du aurrera, arratsaldeko zazpietan Dolores Ibarruri plazan, ezkerraldeko taldeekin.

Musikak ere protagonismoa izango du Gallartan larunbatean: arratsaldeko zortzietan Eusko Gudariak plazan 70ko hamarkadako rock-emanaldia izango da Rock Box taldearekin.

Musika dagoen lekuan dantza dagoenez, gaueko hamarretan Txikito frontoian “Antrexalak” dantza-emanaldia izango da, Meatzaldeko Harrigorriaga Dantza Taldearen eskutik.

Gallartak festekin batera goza dezan, berbena Raspu taldearekin hamaika eta erdietatik aurrera el Minero etorbidean, eta Esmeralda orkestra gauerdian Eusko Gudariak plazan.

Ekainaren 9an (igandea), festak aurrera egingo du jarduera ugarirekin. 2019ko San Antonio futbol-txapelketako finalak, landare, perretxiko eta onddoen dastaketa eta erakusketa, tiragoma-jaurtiketa herrikoia, haur-jarduerak eta arku tiroa, besteak beste. Arratsaldean, sei eta erdietan haur-ikuskizuna abesti eta koreografiekin Eusko Gudariak plazan, Kantu Kolore taldearen eskutik.

Ekainaren 13an (osteguna), San Antonio ospatuko dugu Blasco Ibañez parkean, haur-parke handi batekin, belaunaldi arteko txapa-tailerrarekin, santuaren omenezko mezarekin, koro-kontzertuarekin eta adinekoentzako bazkari batekin. Gainera, arratsalde-gauean musika- eta dantza-emanaldia izango da Eusko Gudariak plazan. Lagunekin bazkaltzeko eguna da, eta giro ona ziurtatuta dago”, adierazi du Maite Etxebarria alkateak.

Paduako San Antonio bandera moduan hartuta, arratsaldean Nazioarteko Bizkaia Opena izeneko pala-txapelketa eta “San Antonio” eskupilota-txapelketa ospatuko dira. Azken horretan Olaizola II eta Imazek Bengoetxea VI eta Arangurenen aurka jokatuko dute. San Antonio egunari amaiera emateko argi eta kolorez betetako traka bat botako dute Blasco Ibáñez parkean.

Ekainaren 14an (ostirala), Gallartak festa-jantzi onenak ipiniko ditu berriz txikienentzako Sokamuturrarekin, Marciano iturritik hasita. Horrez gain, musika egingo da el Minero etorbide osoan zehar Banda Magnética taldearen emanaldiari esker.

Gauean, “Modus Operandi”  eta “Dientes de Luna” taldeak arduratuko dira musikaz, eta, festarako gogo gehiago izanez gero, berbena egongo da goizaldera arte Trikizio bandarekin.
Jaietako azken larunbatari musika-kalejirarekin emango zaio hasiera.

Txosnagunea. Txosnek festa-programa propioa dute, 15 jarduera baino gehiagorekin. Gallartako txosna-batzordeak antolatu ditu jarduera horiek.

Haur-parketa eta “San Antonio” plater-tiro txapelketa ere izango dira larunbatean.

Gaueko hamaiketan, Gallartako festen Jaitsiera tradizionala izango da, Marciano iturritik Eusko Gudariak plazara, dantzan egiteari utzi gabe.

Herritar guztiei parte hartzeko deia luzatzen diegu.“ Argiz, kolorez eta soinuz betetako ikuskizuna izango da, eta, betiko moduan, parte-hartzaileen dantza eta kantuek osatuko dute jaitsiera, hori baita gure tradizioa”, azaldu du Etxebarriak.

Erritmoak aurrera egingo du, Raspu taldea el Minero etorbidean eta Eusko Gudariak plazan arituko baita; gainera, Nueva Alaska orkestrarekin amaiera bikaina emango diote egunari.
 
Ekainaren 16an (igandea) paella-txapelketa antolatuko da. Horrekin batera, ehuleen topaketa, txikienentzako pizgarriak eta azoka solidarioa. Abantoko Musika Eskolako ikasleek ikasturte amaierako eta festen amaierako ekitaldia eskainiko dute Eusko Gudariak plazan. 10:30ean, beltzez jantzi eta festei agurra emango zaio hileta-kalejirarekin, sardinaren ehorzketa izenez ere ezaguna. Horrela, kexen eta txantxen artean agur esango diete jaiei hurrengo urtera arte.

“Apustu garrantzitsua egin da Gallartako eta Abanto Zierbenako herritarrek programa erakargarriaz gozatu ahal izateko, eta, aldi berean, beste udalerrietako jendea erakarri eta tokiko ekonomia sustatzeko. Udalak prestatu duen programak elkarteen eta gizarte, kultura- eta kirol-eragileen laguntza ere izan du.

“Festa seguruak nahi ditugu, eta giro ona eta poztasuna protagonistak izatea. Herritar guztiei segurtasuna bermatu nahi diegu; beraz, Udaltzaingoak 24 orduko zerbitzua izango du bi asteburuetan zehar, eta prebentzio-zerbitzua egongo da botikinarekin eta anbulantziarekin kultura-etxean, bi asteburuetako gauetan.

Berdintasunak eta ingurumenak presentzia berezia izango dute hamar egunetan zehar. Bi identifikazio-panel ipiniko dituzte bi festa-barrutietan mezu argi batekin: “Abanto Zierbenan ez dira erasoak onartuko”. Horrez gain, eskumuturrekoak banatuko dituzte “Ez da ez” leloarekin, eta txartelak ere banatuko dituzte larrialdi-zenbakiarekin. Edalontzi berrerabilgarriak ere erabiltzen jarraituko dugu”, amaitu du Etxebarriak.

Gora, San Antonio Jaiak!!!
 
BESTELAKOAK

Kirolak ere izango su bere protagonismoa honako txapelketa eta erakusketa hauekin: pilota, pala, igeriketa, aerobic, tiragoma, xakea eta futbola.
Haurrentzat haur-parkeak, tailerrak, DJ musika, sokamuturra, arku-tiroa eta abesti eta koreografien ikuskizuna antolatuko dira.

Festetan euskal eta meatzari-kultura eta -folkloreak ere presentzia izango du ikuskizunekin, kalejirekin, euskal dantzekin, musika-emanaldiekin, San Antonio koruaren kontzertuarekin eta harri-zulatzaileen XXI. Ligarekin Dolores Ibarruri plazan.

Amaitzeko, onddo, perretxiko eta landareen dastaketa, Sahararen pintxo solidarioa, adinekoentzako bazkaria eta San Antonio eskupilota-txapelketa ere izango dira. Berrikuntza moduan, argi eta koloreko traka egongo da ikusgai San Antonio egunean, 23:30ean Blasco Ibañez plazan.