Albisteak

 

Larunbat honetan, maiatzaren 4an, Sanfuentesera gerturatzen direnek erromeria tradizional bateko giroaz gozatzeko aukera izango dute. Dena prest dago jai honen beste edizio bat egiteko. Egun paregabe horri hasiera emateko, goizeko hamaika eta erdietan hamaiketako goxo-goxoa egongo da bertaratzen direnentzat, euskal dantzek girotuta.

Bigarren urtez jarraian, hamaiketakoa eta dantzak bolatokian egingo dira.

 “Unerik hunkigarriena herritarrak, astoen gainean, garai bateko Santa Luzia ermitako zelaira igotzen direnekoa izaten da, gaur egun ermitarik ez badago ere. Hamaika eta erdietan izango da. 2019ko Sanfuentesko erromerian pintxo-lehiaketa egongo da, pintxo goxo-goxoekin. Lehiaketa eguerdiko hamabi eta erdietatik ordu bat eta laurdenera bitartean izango da. Parte-hartzaileek 5 osagai erabili ahal izango dituzte txapela kentzeko moduko pintxo bat egiteko, in situ, zelaian bertan. Ziur sormena eta dibertsioa nagusi izango direla suen artean”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Sukaldaritzarekin loturiko beste hitzordu bat ere izango da: talo-tailerra. Jarduera hori hamabi eta erdietan izango da, atzean irrintziz osaturiko soinu-banda entzungai dugula; izan ere, ordu horretan heldu eta haurrentzako irrintzi-lehiaketa ere egingo da. Hor ikusiko dugu zer-nolako birikak dituzten lehiakideek.

“Arratsaldeko ordu bietan aukeratuko da pintxo onena, aurkeztutako guztien artean. Ondoren, herri-bazkaria egingo da; horretarako, aulkiak eta mahaiak banatuko dira goiz-goizean, beti bezala”, azaldu du alkateak.

Bazkari on baten ondotik beti dator postre eder bat: arratsaldeko lauretan, tokiko postreak eta kafea eskainiko dira merke-merke, haurrek arku-tiroaz gozatzen duten bitartean.

Jaia ez da hor amaituko, ordea, ezta gutxiago ere, arratsaldean ekintza gehiago egongo baitira: igel-tokaren zaleek erakustaldia egiteko aukera izango dute, eta haurrentzako egurrezko jolasak eta joko tradizionalak egongo dira, alegia, txingak eta sokatira.

Arratsaldeko seietan, sariak banatuko zaizkie lehiaketen irabazleei. Eta egunari amaiera ezin hobea emateko dantza egingo dugu, euskal erromeria batekin. Sei eta erdietatik gaueko hamar eta erdietara erritmoak ez du etenik izango Sanfuentesen.

“Herritarrei dei egiten diegu erromeria honetaz goza dezaten. Esan behar da erromeria ezin izango genukeela antolatu herriko elkarteen laguntzarik gabe”, adierazi du Etxebarriak.

Zazpi eta erdietan, norbait gosez geratu bada ere, parrilada egingo da, merke-merke.

Sanfuentesko erromeria egun berezia da Abanto Zierbenako agendan. Herritar guztiak biltzen gara eta ederki pasatzen dugu, alaitasun- eta begikortasun giroan.