Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak apirileko osoko bilkuran onetsi zuen, aho batez, Las Carrerasko Askartza Isusi ikastetxearen ondoan dagoen parkeari Amalia González Astobiza izena jartzea. Ikastetxeko ikasle batzuek eskatu dute, hain zuzen, parkeari izena aldatzeko eta Amalia González Astobiza andereñoaren izena jartzeko, andereñoa bera eta hainbat helduri eman zien laguntza gogorarazteko; izan ere, pertsona heldu askori irakurtzen eta idazten irakatsi zien eskolak ematen zituen bitartean.

“Oso polita iruditzen zaigu ikastetxeko ikasleak andereñoarekin gogoratzea eta hura omendu nahi izatea; izan ere, ikastetxeko lanaz harago, irakurtzen eta idazten irakatsi zien horretarako aukerarik izan ez zuten zenbait helduri. Gainera, berdintasuneranzko urratsa ere badela iruditzen zaigu, lanean jarraitu behar baitugu gure kale eta parkeek udalerriko historiako emakume garrantzitsuen izenak izan ditzaten; orain Amalia andereñoaren txanda da”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Gogorarazi behar da izendapen-proposamen hori Abanto Zierbenako 2019-2022 aldirako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako IV. Planean jasotako ekintza bat da, eta horren helburu estrategikoetako bat dela balio-aldaketa sustatzea, estereotipo heterosexistak desagerraraziz. Hain zuzen, hau dio A-43 ekintzak: “Emakumeen gizarte-aintzatespena areagotzea, haien izenak jarriz kaleei, eraikin esanguratsuei, monumentuei, etab.”

“Askartza Isusi ikastetxeko Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleek gutun bat bidali ziguten, maitasunez betea baina asmo sendokoa. Bertan azaldu ziguten Meatzaritzaren Museoan egon zirela Abanto Zierbenako emakumeei buruzko erakusketa bat ikusten eta bertako kartel batean Amalia González Astobiza ikusi zutela. Andereño horren historia barruraino sartu zitzaien; izan ere, orain beraiek ikasten duten ikastetxean eskolak emateaz gain, arratsaldez irakurtzen eta idazten irakasten eta laguntzen zien pertsona helduei. Informazioa bildu zuten eta, gutunean adierazi zigutenez, jakin zuten beren ikastetxea eraiki zutenean Maestros Askartza Isusi Gonzalez-Astobiza izena jarri ziotela, baina, luzeegia zenez, emakumearen izena kendu egin zutela. Hala, andereñoaren izena ahaztua geratu zen. Ikasleen gutunak hunkitu egin gintuen eta parkeari andereñoaren izena jartzera bultzatu gintuen, bidezkoa baita”, esan du Etxebarriak.

Amalia González Astobiza andereñoa Santurtzin jaio zen 1882an. Alfontso XII.aren Ordenako kide izan zen, irakaskuntzaren arloan emandako zerbitzuengatik. 1972an aintzatespen publikoa jaso zuen, bere izena jarri baitzioten Las Carrerasko eskola nazionalari, zeinak Askartza-Isusi y González Astobiza izena hartu baitzuen. Baina gaur egun izenaren lehen zatia bakarrik mantentzen du.

“Emakume horiek gogoratu behar ditugu. Abanto Zierbenak emakume paregabeen izenak daramatza bere kaleetan; kasurako, Dolores Ibarruri edo Pilar Abín, Sanfuentesko eskolako irakaslea. Orain dagokion lekua eman behar diogu Amalia González Astobizari. Bere izena eta historia kokatuko dugu ikastetxearen ondoan, non laguntza ikaragarria eman baitzien herritar asko eta askori. Horregatik, herritarrek asko maite izan zuten andereñoa, eta oso esker oneko agertu ziren harekin”, nabarmendu du Etxebarriak.

Azken ukitu gisa, plaka bat jarriko da parkean bertan. Horretarako, ekitaldi bat egingo da eta bertara joateko gonbidapena egingo zaie Las Carrerasko ikasleei (protagonista gisa), herriko elkarteei eta herritar guztiei.