Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak elkarteen lehen gida argitaratu du; bertan, udalerrian lanean ari diren 71 elkarteri buruzko informazioa aurki daiteke.

 “27 orrialdeko kontsulta-liburuxka horretan, elkarte bakoitzaren izena, logotipoa, xedea eta kokapena aurki daiteke; era horretan, herritarrak erraz jarri ahalko dira haiekin harremanetan. Gidaren 4.000 ale baino gehiago banatu ditugu herritarren postontzietan aste honetan bertan. Era horretan, gure udalerrian elkarteen egiten duten lan handia aitortu nahi izan dugu”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Informazio-dokumentu hori online ere kontsulta daiteke, Udalaren webgunean: www.abanto-zierbena.eus

 “Helburua da herritar guztiek eskura edo klik batera izatea udalerriko elkarteei buruzko informazio guztia. Hala, herritarrak nahi duten elkarteekin bat egin eta haiekin lankidetzan aritu ahal izango dira, euren interesen arabera.

Baliteke gidarik gabe inoiz ez jakitea era horretako elkarte bat etxetik hain hurbil zutenik. Erakunde horietako bakoitzak bere pisua eta garrantzia du eta asko eskertzen dugu udalerriaren alde egiten duten lan handia, izan kirolean, izan kulturaren arloan, baina, beti, herritarrekin", azpimarratu nahi izan du Etxebarriak.

Elkarteen katalogo horren bidez, pertsona askok, bakoitza bere esparruan, egiten duten lana azpimarratu nahi da, elkartearen estatutuetan jasotako helburuak lortzeko lankidetzaren eta proiektuen bidez; izan ere, lan horrek eragin positiboa du udalerrian eta bertan bizi garen pertsona guztiongan.

 “Pertsona bikainez sorturiko sare bat da, bakoitza bere grina eta zaletasunekin: dantzatzea, xakean jokatzea, futbolean aritzea, arku-tiroa, korrika egitea, igeri egitea edo, besterik gabe, elkartu eta elkarrekin jarduerak egitea, nagusien elkartearen kasuan bezalaxe. Guztiak dira garrantzitsuak eta guztiek dute funtsezko rola Abanto Zierbenako bizitzan, dinamizatu egiten dutelako. Gida honek, hala, udalerrian egiten den guztiaren erakusleiho izan nahi du. Erreferentea gara erregistratutako erakundeen kopuruari dagokionez”, adierazi du Etxebarriak.

Bitxikeria gisa, joan den urtean udalerrian erregistratu zen azken elkartea “Piktegi” izan zen, autismoa duten pertsonei laguntzeko elkarte bat; zaharrena, berriz, Abanto Club da, eta 1914an erregistratu zen.

Zerrendatutako kolektibo guztien izaera eta ibilbidea akasgabea da.

Erakundeek garatzen dituzten ekimenak laguntzen, sustatzen eta ahalbidetzen ditu Udalak, eskura dituen baliabideekin; izan ere, ekimen horiek oso aberasgarriak dira udalerrirako, zalantzarik gabe.

Gaur egun askotariko 93 elkarte daude udalerrian eta horietako 71k nahi izan dute elkarteen gidan agertu. Gidan alfabetikoki ordenatuta ageri dira, gaztelaniazko izena kontuan hartuta.

Webgunean Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistrorako bi esteka txertatu dira, interesa duenak informazio xehatuagoa eskuratu ahal izan dezan.

 “Abanto Zierbenan oso harro gaude gure elkarte-sareaz eta handitzen jarrai dezala nahi dugu; are gehiago, baliteke gida honi esker talderen batek inspirazioa jasotzea eta elkarte bat sortzea, haien pasioa partekatzen duenik ez dagoelako oraindik. Guztiak izango dira ongietorriak. Azpimarratu nahi dugu Udala lanean ari dela elkarteek ahalik eta modurik onenean eutsi ahal izan diezaioten euren jardunari. Are gehiago, Abanto Zierbenako Udalak udalerriko elkarte eta kolektiboekiko duen konpromiso sendoa argi erakutsi du, joan den urtean 160.000 euro banatu baitzituen haien artean. Dirulaguntza horien xedea da elkarteek gure udalerriaren alde egiten dituzten ekimen, proiektu eta programa guztiak babestea”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.