Albisteak

 

Udalerrian enplegua sortzea bultzatzen du Abanto Zierbenako Udalak, eta bertako herritar ekintzaileei babesa emango die aurten, beti bezala.

Enpresa sortu berriei laguntzak ematen dizkien Abanto Ekintzaileak programaren bidez, Meatzaldeko Udalak 12.000 euro bideratzen ditu udalerriko ekintzaileen proiektuak garatzeko. 7 urte dira udalerrian ekimen hau egiten dela.

“Beren negozio-ikuspegia abiarazten laguntzen diegu, beren ideiarekin ausartu daitezen. Iaz 19 enpresa berri sortu ziren Udalaren laguntzarekin. Ekintzaile ausartak animatu eta laguntzen jarraituko dugu; horretarako, Udalak bere gain hartuko du laguntza horiek emateko behar den 12.000 euroko inbertsioa”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Abanto Ekintzaileak programaren oinarrizko xedea da ekintzailetza sustatzea eta udalerrian enpresa-jarduera sortzea, modu aktibo eta zuzenean esku hartuz langabeziaren kontra. Horretarako, laguntza ekonomiko bat ezartzen du, enpresa eratzeko izapideak zein hasierako inbertsioa egiteko.

Ekintzaileei babesa emateko programaren barruan, itzuli beharrik gabeko 1.000 eurora arteko laguntza bat emango da ekintzaile bakoitzeko, eta 1.100 euro artekoa emakumeen kasuan, zerga-egoitza Abanto Zierbenan duten enpresak abian jartzetik eratorritako gastuak diruz laguntzeko.

“Hainbat modutara sustatzen ditugu enplegua eta ekintzailetza; esaterako, maiatzean enpresa-kudeaketako ikastaro bat egingo dugu, eta beste bat azaroan. Ikastaro horrek Abanto Zierbenako ekintzaileei aukera ematen die Bizkaiko Foru Aldundiaren autoenplegua sustatzeko laguntza eskatzeko. Gainera, gogoratu behar dugu gure enpresen mintegia beteta dagoela, 15 enpresa-ekimen baititu; une honetan zabaltze posible bat aztertzen ari gara, izan duen arrakasta dela eta”, jakinarazi du Etxebarriak.

Abanto Enpresa

2019an zehar, Abanto Zierbenan lan-zentro bat duten enpresek 55.000 euroko laguntzak eskatu ahal izango dituzte, udalerriko langabetuak kontratatzeko.

“Kontratu mugagabe bihurtzen dira Udalak, osoki, diruz lagundutako kontratazio horietako asko; hain zuzen, hori da helburua, epe luzeko eta kalitatezko enplegua lortzea. Enpresentzako gutxieneko laguntza 525 eurokoa da, hiru hilabete edo gehiagoko iraupena duen % 50eko lanaldi partzialeko lan-kontratu bakoitzagatik; eta, gehieneko laguntza 4.200 eurokoa da, hamabi hilabeteko edo gehiagoko iraupena duen lanaldi osoko kontratu bakoitzagatik”, adierazi du Etxebarriak.

Abanto Enpresak berrikuntzak dakartza ikasturte honetan; izan ere, kolektibo behardunenentzako kontratuak sustatuko dira, udalerriko langabetuen ezaugarriak kontuan hartuta. Adibidez, kontratatutako pertsona emakumezkoa denean, laguntzaren zenbatekoa % 10 areagotuko da. 45 urtetik gorako pertsona bat kontratatzen bada, laguntza % 10 areagotuko da; eta pertsona hori kolektibo behardun bateko kide bada edo DSBE jasotzen badu, laguntzaren zenbatekoa % 10 areagotuko da.

Halaber, 30 urtez azpikoak kontratatzeak ere laguntza % 10 areagotzea ekarriko du, eta kontratatutako pertsona epe luzeko langabetua denean ere laguntza % 10 areagotuko da.

“Enplegu egonkorra ere sarituko dugu. Laguntzaren zenbatekoa % 20 areagotuko da kontratua mugagabea den kasuetan; kasu horietan, sortutako enplegua gutxienez bi urtez mantendu beharko da. Uste dugu enplegua dela gizarte-politikarik onena, eta horregatik sortzen dugu enplegua, edo tresnak ematen dizkiegu lanpostuak sortuko dituzten horiei. Hori da udalerrian zeroko langabezia-tasa izatea lortzeko bide egokia”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.