Albisteak

 

Abanto Zierbenak indartu egingo du Etxeko Laguntza Zerbitzua.  Datorren maiatzaren 1ean, urtebetez luza daitekeen urtebeteko kontratu bat hasiko da (hau da, 2021era arte iraungo du), ezinbesteko udal-zerbitzu horren funtzionamendua indartzea xede.

“2019rako bideratutako udal-aurrekontua 625.495 eurokoa da; hau da, azken kontratuan baino % 6 gehiago. Zerbitzu hori ezarri dugu jaso ditugun eskaera guztiei erantzun eta zerbitzuaren ordu kopuruari eusteko; hain zuzen ere, urtean 19.905 ordu dira. Azpimarratu beharra dago gure udalerrian ez dagoela itxaron-zerrendarik eta eskaera guztiek erantzuna jasotzen dutela”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.
ELZ izaera soziala duen zerbitzu bat da, eta xede du etxean bertan zuzeneko arreta ematea autonomia pertsonalean mugak dituzten pertsonei edo familiako arazoak dituzten pertsonei, pertsona horiek euren ingurunean jarraitu ahal izan dezaten, ahalik eta bizi-kalitaterik onenarekin.

“Abanto Zierbenan, Etxeko Laguntza Zerbitzuak 70 pertsona ingururi ematen dio arreta hilean; hartzaileen % 80 emakumeak dira, eta % 18 gizonak. Arreta jasotzen duen pertsonaren profila hau da: 85 urteko emakumea, mendetasun-maila altuarekin. Arreta jasotzen duten pertsonek eta haien familiek oso ondo baloratzen dute zerbitzua; izan ere, laguntza eta arnasa eskaintzen ditu zaintzen esparruan, baita babes emozional eta psikologikoa ere, modu hurbil eta profesionalean. Gainera, oso kalitate altua du zerbitzuak. Etxeko arreta zerbitzua duela hiru hamarkada hasi zen erabiltzen udalerrian, eta haren aldeko apustua gure lehentasunetako bat da; halaxe adierazten du kontratura bideratu dugun zenbatekoak”, azpimarratu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Zerbitzu horrek bermatzen du mendeko pertsonek edo, besterik gabe, laguntza behar duten adinekoek, laguntza egokia jasotzen dutela eta haien oinarriko beharrak asetzen direla. Hala, zerbitzuak eguneroko bizitzako oinarrizko beharrizanei ematen die arreta; funtsean, zaintza pertsonalari, higieneari, elikadurari, sendagaien kontrolari eta abari loturiko beharrizanei. Horrez gain, beharrizanak hautematea eta mendetasunari aurre hartzea ere helburu du. Halaber, eguneroko bizitzari loturiko beste izapide batzuk ere egiten ditu zerbitzuak: erosketak, bankuko eragiketak, medikuarenera laguntzea..., baita etxeko bizitzarekin eta bizi-kalitate hobea izatearekin erlazionaturiko beste edozer ere. Zerbitzua hartzailearen udalerrian eta etxean bertan eskaintzen da, pertsona horiek egoitza batean sartzeko unea atzeratu ahal izateko.

Horrez gain, zerbitzua lagungarria da erantzun globalagoa eta beste laguntza-zerbitzu batzuen esku-hartzea behar izan dezaketen egoerak hautemateko.

Kontratuan txertatutako hobekuntzek balio handiagoa ematen diote zerbitzuari

Abanto Zierbenako Udalak adineko pertsonei zuzenduriko zerbitzu horren aldeko apustu argia egiten du, eta kolektibo horri zuzenduriko jarduketa gehigarri hauek aurreikusi ditu: zaurgarritasun-egoeran dauden 60 urtetik gorako pertsonentzat eta bat-bateko larrialdietarako 16 osasun-plaza eskaintzea egoitza-zentro batean, erabiltzaileek ezer ordaindu beharrik gabe.

Horrez gain, urte osoan zeharreko 24 orduko guardia-zerbitzu bat ere egongo da, arazoak konpontzeko. Bestalde, erabiltzaileei laguntza teknikoa ere emango zaie, hala nola garabiak, ohe artikulatuak, makilak edo ibiltzen laguntzeko tresnak. Horrez gain, Etxeko Arreta Zerbitzuko erabiltzaileen etxeetan hiru garbiketa eta desinfekzio orokor egingo dira; halaxe jaso da kontratu berrian. Gogorarazi beharra dago dagoeneko garbiketa eta desinfekzio orokor bat egiten dela zerbitzu honen bidez artatzen diren pertsonen etxeetan. Bestalde, gizarte- eta kultura-ekimen batera bertaratzeko aukera eskainiko zaie, gizarteratzea hobetzeko, baita medikuarenera joateko laguntza ere, ordutegitik kanpo. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren ordutegitik kanpo beste 5 ordu eskainiko dira, erabiltzaile guztientzat.

“Etxeko Laguntza Zerbitzua lehentasuna da Abanto Zierbenako Udalarentzat, pertsonak baititugu ardatz; kasu honetan, adineko pertsonen kolektiboei arreta berezia eskaini nahi diogu. Zerbitzua sendotzen eta funtzionamendua hobetzen ahalegintzen gara, eta horretan egiten dugu lan egunero”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.