Albisteak

 

Apirilaren 8tik (astelehena) apirilaren 14ra (igandea) arte, Abanto Zierbenan Euskal Astea ospatuko dugu. 7 egun horiek herritar guztiei zuzenduriko jarduerez beteta egongo dira, eta ekimen nagusia Abanto Zierbenako auzokideak protagonistatzat izango dituen Euskal Ezkontza izango da; ezkontza horrek tradizioz eta giro bikainez beteko ditu Las Carreras auzoko kaleak.

“Euskal Asteari hasiera emateko, astelehenean, apirilaren 8an, LA BASU rap-abeslariaren hitzaldia izango dugu. Hitzaldi hori NAHI DUGU kanpainan sartzen da, gazteek Batxilergoa eta Lanbide Heziketa euskaraz ikas ditzatela bultzatzeko informazio-kanpainan, alegia. DBH bukatu ondoren euskaraz ikasten jarraitzeko aukerei buruzko informazioa emango du La Basuk”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Astearte goizean, apirilaren 9an, Eusko Gudariak plazan, mintzodromoa egingo dute euskaltegiko eta Dolores Ibarruri institutuko ikasleek; aukera bikaina euskaraz hitz egin eta dibertitzeko.

“Asteazkenean, apirilaren 10ean, goizeko hamaiketan, Korrika txikia egingo da Gallartan; gero, disko-festa izango dugu Blasco Ibañez pasealekuan. Arratsaldean, gazteek euskararen alde korrika egingo dute Las Carreras eta Sanfuentes auzoetan. Arratsaldeko seietan, Pirritx, Porrots eta Marimototsen emanaldia izango dugu pilotalekuan; Muxua lana ekarriko digute eta sarrera doakoa izango da”, jakinarazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Ostegunean, apirilaren 11n, IKA, IKA, BADATOR KORRIKA. Udalak aurten ere kilometro bat erosi du, eta Korrika goizaldeko 3:15ean igaroko da udalerritik. Horrez gain, udalerriko ikastetxeetako ikasleek bertsolaritzari loturiko hitzordua izango dute: Udalak diruz laguntzen duen Bertsogintza programaren bidez ikasgelan ikasitako guztia erakusteko aukera izango dute.

Arratsaldean, etxeko txikiei zuzenduriko jarduera bat izango dugu: Alberto Bargos ipuin-kontalariak “Natura, maite zaitut” aurkeztuko digu Las Carreras auzoko liburutegian.

Ostirala, apirilaren 13a, erritmoz beterik iritsiko da; izan ere, arratsaldeko zazpietan, dantzaldia hasiko da Blasco Ibañez pasealekuan, DJ XAIBORen eskutik. Urtero bezala, bertaratzen direnek topera dantzatu eta gozatuko dute. Horrez gain, gaueko hamarretatik aurrera, Axola Euskara Elkarteak afaria antolatuko du; mahaikideek Txiki bakarrizketalariaren emanaldiaz gozatuko dute, “40 urte eta aldapan behera” lanarekin.

“Mundu guztiak Korrikaren amaiera ikusteko aukera izatea nahi dugu, igandean, apirilaren 14an, Gasteizen. Horregatik, Udalak, AEKren laguntzarekin, autobus bat jarriko du nahi duena aurtengo helmugara joan ahal izan dadin", azaldu du Etxebarriak.

Euskal Ezkontza

Dena den, 2019ko Euskal Asteko protagonista apirilaren 13an, larunbatean, Las Carrerasen egingo den Euskal Ezkontza izango da.

Goizeko 12:00etan, ezkontide bakoitza bere etxetik aterako da (Murrieta eta San Lorenzo), segizio banarekin, Trinitate plazan elkartzeko, senide, lagun eta auzokide guztiekin batera. Abanto Musika Eskolak animatuko ditu segizioak. Emaztegaia traktorean bertaratuko da hitzordura.

Gero, dotea irakurriko dute, Abanto Musika Eskolaren txalapartaz lagunduta. Gero, Enarak Dantza Taldeak dantza tradizionalak eskainiko dizkie ezkontideei.

Eguerdiko ordu batean, meza egingo da San Pedro Apostoluaren elizako zelaian. Enarak Dantza Taldea ezkonberrien ohorez dantzatuko du. Muñatones otxoteak eta Las Karretako San Pedro Hogeita Lau abesbatza mistoak abestuko dituzte ezkontzako abestiak.

Festarekin jarraitzeko, trikipoteo alaia egingo da Haritzalde plazan. Las Carreras auzoko Emelka Emakumeen Elkarteak jatekoa banatuko du bertaratuen artean.

Mokadutxo bat baino ez da izango; izan ere, arratsaldeko hiruretan, herri bazkaria izango dugu Las Carreras auzoko pilotalekuan.

“Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da euskal jantzi tradizionalak janztea eta txartela aurkeztea; txartela inguruko tabernetan eskuratu ahalko da, apirilaren 6tik 9ra. Bazkaria bukatu ondoren, Saltoka taldearen erromeria izango dugu, indaben pisua arintzeko”, azaldu du Etxebarriak.

Edozein ezkontzatan bezalaxe, eguna abestuz bukatu beharra dago, eta izarrek lagunduta bada, are hobeto; horregatik, guztiok elkarrekin euskal kantak abesten arituko gara Las Carreras auzoko kaleetatik. Kantutegiak banatuko dira, pertsona guztiak abestera anima daitezen.

“Herritar guztiak animatzen ditugu ospakizun honetan parte hartzera, jantzi tradizionalak jantzi eta euskal ezkontza hau bizitzera; goza dezatela sortuko den giro bikainaz”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.

Gora ezkongaiak!!