Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, 4 ikastaro emango ditu langabeziak gogorren zigortutako herriko kolektiboentzat, hau da, 45 urtetik gorakoentzat, luzaroko langabeentzat eta bazter gelditzeko arriskuan daudenentzat. Kasu honetan, arreta berezia jarriko zaio emakume langabeen kolektiboari.

Lan Berri foru-egitasmoaren barruko ikastaroei esker, Abanto Zierbenako 132 langabe trebatu ahalko dira aurten, egungo lan-merkatuan sartzeko aukera handiagoa izan dezaten.

Dagoeneko martxan daude aste honetan bertan amaituko diren bi prestakuntza-ekintza; ekintza horiek lan-eskaintzetan askotan eskatzen diren gaitasun-teknikoak jorratzen dituzte. Hain zuzen ere, kolektiboentzako arreta zerbitzua (45 ordu) eta garabien erabilera (45 ordu) dira ikastaro horiek. Une honetan, 24 ikasle daude ikastaro horietan. Laster, hirugarren ikastaroa hasiko da. Ikastaro horren xedea IT Txartelen 1. maila prestatzea izango da. Apirilaren 8an, astelehenean, hasiko da, eta 45 ikas-ordu ditu.

“Oraindik ere tokia dago ikastaro horretan; horregatik, langabezian dauden pertsona guztiak animatzen ditugu gure prestakuntzaren arloko apustua eta eskaintza aztertzera, lan-munduan etorkizun hobea izan dezaten”; halaxe esan du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Lan Berri gaikuntza profesionaleko programa otsailean hasi zen: erakunde sozialetan mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa emateko profesionaltasun-ziurtagiria eskaini zen. Ziurtagiria udalerriko emakume langileei zuzendu zitzaien bereziki. Horixe da ekimenik garrantzitsuena. Maiatzaren 20an bukatuko da; gero, ikasleek praktikak egingo dituzte. Guztira, 15 parte-hartzaile daude. Programak lehentasuna ematen die langabezian dauden emakumeei, emakumeen langabezia-tasa gizonena baino altuagoa delako. Ikastaroak parte hartzen dutenen % 15 kontratatzeko konpromisoa du.

Urte osoan zehar hamaika ikastaro egingo dira guztira. Prestakuntza eta birziklatzea ezinbestekoa dira une honetan oso gorabeheratsua den lan-merkatuan aurrera atera ahal izateko.

Maiatzean, pneumatika eta hidraulikako hastapen-ikastaroa egingo da, baita lana bilatzeko teknika eta tresnen tailer aurreratua eta orga jasotzailea erabiltzen ikasteko ikastaroa ere. Gaitasun teknikoak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak ere egongo dira, gure inguruko enpresetan hauteman diren behar zehatzei erantzuna emate aldera.

“Abanto Zierbenako ekimen honek Foru Aldundiaren 90.340,00 € jaso ditu. Zenbateko horri Udalaren ekarpena gehitu behar zaio, 18.637,83 €. Hala, programaren 108.977,83 euroak ordaindu ahalko dira. Foru Aldundiak gure herritar langabeekiko erakutsi duen konpromisoa eskertu nahi dugu. Lan Berri programaren hirugarren deialdia da hau eta, aurreko bi edizioei esker, 19 ikastaro, hau da, 1510 prestakuntza-ordu eskaini dira; bertan, 250 pertsonak hartu dute parte, eta, orotara, % 50etik gorako laneratzea lortu da.

“Lanean jarraituko dugu udalerriko herritar guztiek lana izan arte, eta horretarako prestakuntza erabiliko dugu, ikastea beti delako bide ona... Biderik onena da", esan du, amaitzeko, Etxebarriak.