Albisteak

 

Gallartako Etorbide Berria kalea, Dolores Ibarruri Institutuaren eta Osasun Zentroaren aurrekoa, herritarrentzat ireki dute eraldaketa sakon baten ostean, eta, hemendik aurrera, oinezko nahiz gidariek segurtasun eta irisgarritasun handiagoak izango dituzte.

Gallartako puntu garrantzitsuenetako bat da, oinezko eta ibilgailu ugari igarotzen baitira bertatik, anbulatorioa, institutua, eguneko zentroa eta autobus-geltokia bertan baitaude. Horregatik, beharrezkoa zen espazio, ordena eta segurtasun handiagoa ematea udalerriaren erdiguneko eremu horri.

“Trafiko handiko hiri-espazio hori hobetzeko, bi metro zabaleko oinezkoentzako espaloia ipini dugu institutuaren ondoan. Horrekin batera, oinezkoentzako bi pasabide egokitu dira eta baterian aparkatzeko 14 aparkaleku berri sortu ditugu institutuaren alboan. Horretarako, hormigoi armatuzko horma berri bat eraiki dugu, 2,60 metroko garaierakoa, institutuaren ezpondari eusteaz arduratuko dena”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Gainera, espaloiaren banaketa berriari esker autobus-geltoki berri bat ipini ahal izan dugu eremu horretan; horretarako, plataforma independente bat eraiki dugu, bertako trafikoa moztea ekiditeko helburuarekin.

Zahar-egoitzaren aurrean oinezkoentzako pasabide bat ipini dute, eta anbulatoriotik gertu dagoena aldatu egingo dute. Horrez gain, jarduketaren bigarren fasea abiaraziko dute laster, Gallartako zirkulazioa hobetzea helburu duena.

“Bigarren etapan biribilgune txiki bat eraikiko dugu Etorbide Berria eta El Minero etorbidea kaleen arteko bidegurutzean. Horrez gain, zahar-egoitzaren ondoko espaloia zabalduko dugu, bi metroko zabalera lortzeko ibilbide osoan zehar. Espero dugu bidegurutze horrek hobeto funtzionatzea esku-hartze honi esker”, adierazi du Etxebarriak.

Bidegurutzea optimizatzeak 210.000 euroko kostua izan du.

“Uste dugu beharrezkoa zela eremu hori aldatzea; emaitzek hori diote behintzat. Orain espazio hori ordenatuagoa dago oinezkoei eta gidariei begira: aparkaleku gehiago daude ibilgailuentzat eta leku gehiago oinezkoentzat. Esan daiteke udalerriko gune korapilatsuena dela, zaharren egoitza, anbulatorioa eta institutua espazio berean baitaude. Gainera, errepidetik Gallartako erdigunean sartu eta ateratzeko pasabideetako bat da. Esan bezala, aldatzea beharrezkoa zen espazio bat da, laster gehiago hobetuko duguna. Bigarren fasean biribilgunea eraikiko dugu, eta segurtasun handiagoa emango die bai oinezkoei eta bai gidariei”, azaldu du Etxebarriak.