Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, urtero bezala, aisialdi-jardueraz betetako eskaintza eskainiko die gazteenei eta euren familiei. Haurrek udara dibertigarriaz goza dezakete hiri-udalekuei esker. Gurasoek maiatzaren 3ra arte inskribatu ditzakete beren seme-alabak udal-zerbitzu horretan, dagoeneko 15 urte daramatzana martxan. Erabiltzaileei begira, arrakasta handia izan du.

Udalekuak lau adin-taldetan banatzen dira: txikiak (3 eta 5 urte bitartean), ertainak (6 eta 8 urte bitartean), nagusiak (9 eta 11 urte bitartean) eta gazteak (12 eta 15 urte bitartean). Hiri-udalekuen topaguneak Askartza Isusi eskola (Las Carreras) eta Gallartako Gaztegunea dira. Astelehenetik ostiralera, 9:30etik 16:30era, gazteek esperientzia horretaz gozatu ahal izango dute udaran zehar. Jarduera, dinamika eta irteera ezberdinak antolatuko dira parte-hartzaileen adinaren arabera.

Ekainaren 24tik 28ra, txikiak taldeak ezagutza-jolasak, eskulan-tailerrak, jolas-dinamikak eta irteerak egingo ditu. Uztailaren 2tik 12ra ertainen txanda izango da, eta aurreko taldearen egitarau bera izango dute, hori bai, irteera gehiagorekin. Egun horietan gazteak taldeak ere esperientziaz gozatuko du. Uztailaren 15etik 24ra nagusiak taldearen txanda izango da, abentura anitzeko eta emozioz eta adrenalinaz betetako jardueretan parte hartuko duena.

“Haur nahiz gazteentzako programa dibertigarria udarako oporrei begira, jarduera entretenigarriekin eta hezkuntza-edukiarekin, gozatuz ikastea beti baita aukerarik onena. Neska-mutilak izango dira udalekuetako protagonistak”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, eta maiatzaren 3an itxiko da. Familiek hiru gunetan aurkez ditzakete izen-emateak: udaletxeko Herritarrentzako Arrera Zerbitzuan (astelehenetik ostiralera 7:30etik 14:30era), Las Carreraseko Herritarrentzako Arreta Bulegoan (astearte eta ostegunetan 12:00etatik 15:00etara) eta Gallartako Gaztegunean (astearte eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara).

Abanto Zierbenako Udalak gazteentzako aisialdiaren aldeko apustu gogorra egin du udarari begira. Udalak udalekuen kostuaren % 65 finantzatuko du gutxienez (txandaren arabera); familiek 27,80 euro ordainduko dituzte astean (lekualdaketak, jarduerak eta begirale-taldea barne). Bi aste izanez gero, zenbatekoa 55,60 eurokoa izango litzateke. Bi seme-alaba edo gehiagoko familiei % 50eko beherapena aplikatuko zaie.

“Hiri-udaleku hauek kalitatezko aisialdi dira gure herritar gazteenentzat, gure seme-alabek denbora librea dutenean eta familia eta lana bateratzeko momentu zailenean. Bateraketa horren alde egin nahi dugu. Horrez gain, ideia ona iruditzen zaigu gure seme-alabek gauzak ikastea eta udaraz gozatzea”, adierazi du, amaitzeko, Etxebarriak.