Albisteak

 

Urtarrilaren 25etik aurrera (ostirala), 4.500 aldizkari banatuko dira udalerriko etxebizitza guztietan; eta, horrez gain, udalerriko hainbat puntutan ere eskuragai jarriko dira, igerilekuetan, kultur etxean eta osasun-zentroetan, adibidez. Seigarren urtez jarraian martxan jarritako informazio-kanpaina honen helburua da herritarrei udal-kontuen berri ematea, gardentasun osoz.

“Gaurtik aurrera, aurrekontuak herritarren esku jarriko dira zuzenean. Aldizkarian jasotzen den moduan, Abanto Zierbenako Udalak 12,6 milioi euroko aurrekontuak ditu 2019 honetarako.

Aldizkaria gida bisuala eta ulerterraza da, aurrekontuaren lehentasunak azaltzen dituena. Kontuek, aurten, izaera sozial nabarmena dute, Abanto Zierbenako herritarrengan jartzen baitute fokua. Abantoarrak dira proiektu eta ekintza guztien ardatza”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Hori dela eta, Herritar sailak (Gizarte Ekintza, Hezkuntza, Osasuna, Kultura, Kirola, Berdintasuna, Euskara eta Gazteria barne hartzen dituena) jaso du aurrekontu honetan gastatzeko baliabide ekonomikoen igoera handiena.
Aldizkarian azaltzen dira Udalak pertsonengan duen konpromisoan oinarritzen diren 25 ekintza nabarmenenak. Ekintza horiek, ekonomikoki kuantifikatuta, 1,7 milioi euro dira, Abanto Zierbenako herritarren eskutik eta haientzat bideratutakoak.

Halaber, enplegua eta ekonomiaren sustapena azpimarratu nahi ditugu, herritarrei langabeen enplegagarritasuna hobetzera bideratutako ekintza eta programen berri emateko.

Gida honek xehetasun osoz azaltzen ditu diru-sarrerak, gastuak eta etorkizuneko proiektuak. Aldizkariaren bidez, beraz, modu grafikoan azaldu nahi da nola osatzen den udal-aurrekontua eta zertan gastatzen diren diru sarrera horiek, zerbitzu nagusien kostua, 2019rako aurreikusitako inbertsioak eta etorkizuneko proiektuak zehaztuta.

Aurrekontuan jasotzen dira, halaber, 2019ko aurrekontua sortzeko gauzatu den herritarren partaidetza-prozesuaren ondoriozko hiru ekintza nagusiak, 200.000 euroko zenbatekoarekin.

“Partida handi horrekin (200.000 euro), erretiratuek eta haurrek Sanfuentesko erretiratuen etxeko hobekuntzez eta Etorkizuna Ikastolako haur-parke berriaz gozatu ahalko dute”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Amaitzeko, inbertsioen esparruan, Meatzaldeko udal honek udalerriko kirol instalazioak eta ikastetxeak hobetzeko inbertsioak egiten jarraituko du. Bestalde, irisgarritasuna ere lehentasunetako bat da, eta 2019an aurrerapausoak egingo dira arlo horretan, bide publikoak eta landako auzoak asfaltatuko baitira.

“Kontuen liburuxka honetan pertsonekiko dugun konpromisoa islatzen da; bertan, dirua proiektuekin lotuta doa, modu argi-argian, zalantza izpirik utzi gabe”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.