Albisteak

 

Berriro ere irekita dago Cotorrioko aterpetxea, eta aire berriekin dator gainera, goitik behera zaharberritu baitute. Lan horiei esker, urte osoan mila pertsona baino gehiago (herritarrak, elkarteak eta bertako nahiz kanpoko kirol taldeak) hartzen dituen udal-instalazio hau irisgarriagoa eta eraginkorragoa da.

“Cotorrioko aterpetxea guztiz eraberritu da, bertan ostatua hartzen dutenentzat erosoago izateko. Zehazki, logelak, jantokia, komunak, dutxak eta sukaldea berritu dira. Gainera, orain ez dago oztopo arkitektonikorik eraikin osoan. Lau hilabete baino gehiagoko lana behar izan da horretarako, eta ia 250.000 euro inbertitu dira. Landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzen paketearen bidez, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak 144.000 euro eman ditu lan hauek finantzatzeko, alegia, proiektu osoaren % 65,5. Auzoak 5 izarreko aterpetxea du orain”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Eraikina Abanto Zierbenako Udalaren jabetzakoa da eta Gallarreta mendi taldeak kudeatzen du. Trianoko mendien hegalean dago, Cotorrio izeneko auzoan; horrenbestez, naturaren erdian aisialdi-esperientzia paregabeaz gozatzeko aukera ematen die talde eta elkarteei, ingurune pribilegiatu batean.

Duela 30 urte baino gehiago jarri zen martxan aterpetxe ezagun hau, eta eraikin berezi-berezi batean dago: Cotorrioko eskola zaharretan. Gehienez 42 pertsonentzako lekua dago bertan.

“Zaharberritze-lanen emaitza oso positiboa izan da, eta eraikinaren txoko guztietan nabaritzen da.

Aterpetxea Burdinmendi Bide Berdearen ondoan dago, Gallarta eta Artzentales artean; bide hori udalerriko baliabide turistiko nagusietako bat da, Meatzaritzaren Museoa eta Burdimendi biotopoarekin batera. Instalazioa perfektua da naturaz, mendi-ibilbideez eta gure meatze-ondareaz gozatzeko, bereziki elkarbizitza-jarduerak gune lasai batean gauzatu nahi dituzten elkarteentzat.

Aterpetxe hau osorik zaharberritzen den lehen aldia da, herritarren, bisitarien eta Euskadiko nahiz estatuko elkarteen onurarako. Orain, etortzen diren guztiek bertako ingurune aberatsa eta kultura-ondarea ezagutzen jarraitu ahal izango dute, ezin erosoago eta instalazio bikainez gozatuz.

Komunak, dutxak eta sukaldea berritzeaz gain, zoruak eta leihoak ere aldatu dira, isolamendua hobetze aldera. Horrez gain, sistema elektriko berria instalatu da, egungoa baino eraginkorragoa. Horretarako, argiak LEDekin ordezkatu eta eraikinaren estalkian eguzki-kaptadore termikoak jarri dira. Energia berriztagarriko instalazio horren bidez, etxeko ur beroaren eskariaren % 50 estaliko da gutxienez. Gainera, aterpetxea eraginkorragoa da orain, propanoarekin funtzionatzen duen instanteko ur-berogailu bat eta energia-metagailu bat ere instalatu direlako.

“Bertan geratzen direnek altzari eta sukalde berriak estreinatuko dituzte, baita mahaiak, aulkiak, ohatzeak eta eroso sentitzeko eta lekuaz gozatzeko behar diren gainerako elementu guztiak ere. Mugikortasun-arazoak dituzten pertsonei ere erraztasunak eman zaizkie; izan ere, barneko antolamendua egokitu da eta, horri esker, desgaitasuna duten pertsonak aterpetxeko leku guzti-guztietara sar daitezke. Aldageletan erabat egokitutako dutxak eta konketak jarri dira. Bestalde, kanpoko bidetik partzelarako sarbide berria egin da ibilgailuentzat; beheko solairuaren mailan jarri eta urbanizatu egin da.  Helburua da denontzako espazio bat sortzea, mugarik gabea, naturan kokatua eta gure udalerriko interesgune nagusietatik gertu dagoena”, azaldu du Etxebarriak.

Aterpetxea antolatutako eta legez eratutako taldeei alokatzen zaie, oso merke. Txoko berezia da, non natura eta mendi-ibilbideak protagonista baitira. Kokaleku bereziak ahalbidetzen du bisitariak Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa, El Pobaleko Burdinola (Muskiz) edo La Arena hondartza bezalako gune interesgarri eta ederrak ezagutzera hurbildu ahal izatea. Aterpetxea mendi-ibilbideak egiteko eta zikloturismorako egokia den lasaitasun handiko ingurune naturalean dago; hala ere, sarbide ona dauka bai autoz bai oinez instalaziora joateko, Gallartatik (bide berdetik) edo Putxetako Renferen geltokitik (aterpetxetik 1.300 metrora).

Cotorrioko aterpetxe berria egia bihurtu da eta, zaharberritze-lan hauei esker, sasoi-sasoian beteko ditu urrezko ezteiak udal-instalazio gisa. Ziur gaude hemendik aurrera etorriko diren bisitarien kopuruak markak hautsiko dituela, hala iragana, orainaldia eta etorkizuna bateratuz.