Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak urpekaritzaren mundua gerturatu nahi die herritarrei. Horretarako, ikastaro bat eskainiko du otsailaren 23an, udal-igerilekuetan.

Lehen esperientzia bat izango da, lehen harremana urpekaritzarekin. Alabaina, interesdunek urpekaritzako ekipamendu osoa jantziko dute eta uretara sartuko dira.

Saioak ordu eta erdi iraungo du, eta eduki teoriko eta praktikoak landuko dira. Irakasleek behar diren azalpen guztiak emango dituzte, parte-hartzaileek urpekaritzaz gozatu ahal izan dezaten udal-igerilekuetan. Jarduera talde txikitan egingo da.

Otsailaren 23ko goizean (larunbata) hasiko da, 10:00etan, eta 13:00etan bukatuko da. Ordu eta erdiko bi saio egingo dira eta horietako bakoitzean 4 pertsonak hartuko dute parte. Arratsaldeko saioa, berriz, 16:00etatik 19:00etara izango da, eta kasu honetan ere ordu eta erdiko bi saio egingo dira, bakoitzean 4 parte-hartzailerekin.

“Aukera paregabea da urpean igeri egiten ikasteko, profesionalen eskutik eta oso urrutira joan gabe, gure herriko udal-igerilekuetan. Parte-hartzaileek 14 urte baino gehiago izan behar dituzte eta izena emateko epea otsailaren 17an amaituko da. Hasiera batean jarduera Abanto Zierbenako herritarrentzat antolatu da. Gero, plaza libreak geratzen badira, zerrenda bat irekiko da udalerrian erroldatuta ez daudenentzat”, azpimarratu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Getxoko Kirol Portuan dagoen Dive Tarpoon urpekaritza-zentroak lagunduko digu jarduera gauzatzen. Tarpoon zentroa PADI Five Star IDC Center sailkapena duen euskal kostaldeko zentro bakarra da. Kategoria horrek bermatzen du Getxon dituen instalazioak kalitate onekoak direla eta zerbitzu-eskaintza zabala duela urpekarientzat eta ikasi nahi dutenentzat.

Bestetik, herritar askok plaza eskatu dutela ikusita, ahalegin berezia egingo dugu, Dive Tarpoon zentroarekin batera, egun horretan bertan beste ikastaro bat egiteko, eguerdiko ordu-tartean. Gainera, talde bakoitzean beste plaza bat gehitzen saiatuko gara. Horretarako, ordu-tarte desberdinetan ikastaroak ematen arituko diren irakasleen kopurua areagotuko dugu.