Albisteak

 

Datorren igandean (azaroak 18) Trianoko Eskola Krosaz gozatzeko aukera izango dugu berriro ere Trianoko zelaietan. Kirol-egitasmo horren helburua herriko gazteei esperientzia dibertigarri eta osasuntsua bizitzeko aukera eskaintzea da.

“Atletek 62.063 metro karratuko zelaia menderatu beharko dute. Urtero azaroko hirugarren igandean geratzen den moduan, giro ona eta kirola izango dira nagusi Trianon; horretarako ezinbestekoa izan da Sendoa Atletismo Klubaren laguntza. Eskerrak eman nahi dizkiegu urtero kirol-egitasmo hori antolatzen jarraitzeagatik, atsegin eta ardura handiarekin, gainera”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Sendoa Atletismo Klubak dagoeneko ospatu ditu zilarrezko ezteiak; hala ere, lanean jarraitzen du betiko indar eta bizitasunarekin.

Jatorriz, lasterketa horren helburua gazteei kirolak eta ohitura osasuntsuek duten garrantzia irakastea zen, baita gazte horien artean balioak sustatzea ere. Aldi berean, Kluba herriko auzo guztietara zabaldu zen Las Carreras auzoan antolatutako lasterketarekin. Horrez gain, beste jarduera batzuk ere antolatzen ditu, besteak beste, Sanfuentes auzoko “Serantes mendiko igoera” eta Gallartako “Ricardo Estébanezen oroimenezko krosa”.

Gaur egun ere garai hartako balioei eusten zaie, baina lasterketa Trianoko zelaietan egiten da, parte-hartzaileei kategoria eta ibilbide ugari eskaintzen dizkien ingurune zoragarri batean. Azken urteetan, eskola-krosak sekulako parte-hartzea izan du, 1000 atleta baino gehiagok hartu baitute parte. Lasterketak 12 urte bete ditu dagoeneko.

“10:15ean hasiera emango zaio Herri Krosari, eta 5.100 metroko distantzia izango du. 10:50etik 12:05era hainbat kategoriatako lasterketak izango ditugu (aurrebenjamin-maila, benjamin-mailako mutil eta neskak, kimu-mailako mutil eta neskak, haur-kategoriako mutil eta neskak eta kadete-kategoriako mutil eta neskak), 400 metrotatik 2.100 metrora bitarteko distantziekin. Azkenik, 12:30ean errelebo-lasterketa izango dugu, 4.100 metroko distantziarekin”, jakinarazi du Etxebarriak.

Proba Meatzaldeko Udaleko hainbat sailen helburuen barruan kokatzen da; Kultura, Kirola, Gazteria, Aisia, Euskara, Ingurumena, Emakumea edo Hezkuntza, besteak beste. Izan ere, honako hauek sustatzen ditu: kirola eta euskara, ohitura osasuntsuak, aisiaz gozatzea eta emakumeek eta gizonek berdintasunean parte hartzea. Argi dago kirola eta balio onak barne hartzen dituen hitzordua dela.

“Datorren igandean eskola-atletismoak lasterrari emango dio Abanto Zierbenan. Trianoko zelaiak gazte kirolzalez eta familiez gainezka ikusi nahi ditugu; goiza zoragarria izango delakoan gaude”, adierazi du Etxebarriak.