Albisteak

 

Gallartako Nueva Avenida kalea, Dolores Ibarruri institutuaren eta osasun-zentroaren parean dagoena, eraldatzen hasi da, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko helburuarekin.

“Aste honetan, lanak hasi dira udalerriko erdiguneko eremu horretan; igarobide nagusienetakoa da, eta, beraz, Gallartako herritarrek asko erabiltzen dute. Lehenengo fasean bi metroko zabalerako oinezkoentzako espaloia jarriko da, instituturen alboan. Horretarako, oinezkoentzako bi bide egokituko dira, eta baterian aparkatzeko 14 plaza berri sortuko dira Dolores Ibarruri institutuaren ondoan. Horretarako, 2,60 metroko altuerako hormigoi armatuzko horma berria egingo da, Dolores Ibarruri BHI institutuko ezpondari eusteko”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Horrela, zabalera nahikoa lortuko da bidearen alboan. Horrez gain, autobus-geltoki berria jarriko da, espaloiaren kokapen berria aintzat hartuta. Bidearekiko plataforma independentea egingo da autobus-geltokirako, hori dela eta trafikoa moztea ekiditeko.

Azkenik, trazatuari jarraitutasuna emateko, oinezkoen pasabide berri bat jarriko da egoitzaren aurrean. Hasiera batean egungo espaloiarekin lotuko da, eta, gero, bigarren fasea exekutatzen denean, behin betiko lotu eta egokituko da.

Anbulatorioaren aurreko oinezkoen pasabidea ere aldatuko da, Nueva Avenida kalerantz atzera eramanez.

“Jarduketa garrantzitsua denez, egin beharreko inbertsioa ere handia izango da: 210.000 euro. Baina etorkizunera begirako inbertsioa da; izan ere, gune hori dinamizatuko du, eta, eraldaketari esker, herritar guztientzako seguruagoa, erosoagoa eta praktikoagoa izango da. Gainera, aparkatzeko plaza berriak egingo dira, eta, osasun-zentroa eta egoitza bertan izanda, hori ere oso garrantzitsua da", azaldu du Etxebarriak.

Bigarren fasean, biribilgune txiki bat jarriko da Nueva Avenida kalea eta El Minero etorbidearen arteko bidegurutzean. Horrez gain, espaloia handituko da zahar-egoitzaren aldean, luzera osoan zehar bi metroko zabalera lortzeko.

Gune hori konpondu eta optimizatzeko formula horrek bat egiten du udalerrira sartzeko bide guztietan 50 km/h-tik beherako abiadura ezartzeko neurriarekin. Gune horretan, Gallartako bide nagusia den El Minero etorbide osoan jada indarrean sartutako mugapena ezarriko da; zehazki, 30  km/h-ra mugatuko da, hirigunea baita.

Bigarren fasea garatzeko, denbora tarte bat eskaini beharko zaio proba pilotuari, biribilgunearen funtzionamendua sakon aztertzeko. Hori dela eta, fase hori hurrengo legealdian egingo da.

“Jarduketa sakon aztertu dugu, Gallartako gune nagusi batean emaitza onak lortzean baitatza; bertan, oinezkoak eta ibilgailuak ibiltzen dira, eta autobus-geltokia ere badago. Espero dugu esku-hartzearen ondoren bidegurutze horrek askoz hobeto funtzionatzea herritar guztiontzako”, azpimarratu du Maite Etxebarria alkateak.