Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak honako hau jakinarazi nahi die herritarrei:
Udala jakitun da trafikoa areagotu egin dela N-634 errepidea Las Carrerasetik igarotzen den zatian, eta horretaz arduratuta dago. Hilabeteak daramatzagu gai horretan lanean, eta harremanetan gaude kezkaturik Udalera jo duten herritar guztiekin. Kontuan hartu behar da, baina, errepide horren eskumena Foru Aldundiarena dela, eta, beraz, konponbidea ez dagoela Udalaren esku.

Hilabete hauetan, Udalak egiaztatu du trafikoa areagotu egin dela hainbat arrazoi direla medio:

  1. Kamioi batzuk Las Carrerasetik igarotzen dira Galdames eta Sopuertako harrobietatik porturantz joateko.
  2. Salgaiak garraiatzen dituzten zisterna-ibilgailuak ateratzen dira Petronorretik.
  3. Ibilgailu batzuk abiadura handian ibiltzen dira eta semaforoa gorri dagoela pasatzen dute.

Hori ikusita, honako neurri hauek hartu dira:

  1. Hasieratik, Udaltzaingoak egunero zaintza handiagoa egin du N-634 errepidea Las Carrerasetik igarotzen den zatiko zenbait puntutan, bereziki Askartza Isusi eskolatik gertu dauden lekuetan eta semaforoak dauden puntuetan, eta harrapatutako arau-hausleak zigortu ditu.
  2. Uztailean, alkatea eta Udaleko Herritarren Segurtasunaren arloko zinegotzia BFAko Errepide Sailarekin bildu ziren, bai Udala bai herritarrak gai honekin kezkatuta daudela azaltzeko eta neurriak har ditzatela eskatzeko.
  3. Irailean, alkatea, Herritarren Segurtasunaren arloko zinegotzia eta Udaleko teknikariak Petronor enpresako ordezkariekin bildu dira, bai Udala bai herritarrak salgaiak garraiatzen dituzten zisterna-kamioiak Petronorretik sartu-irtenean ibiltzen direla-eta kezkatuta daudela azaltzeko eta garraioa berrantolatuko duten barne-neurriak har ditzatela eskatzeko.
    Bilera horren harira, Petronor eta Errepide Saila elkarrekin bildu ziren, eta adostu zuten 34 tona baino gehiago dituzten eta material arriskutsuak garraiatzen dituzten zisterna-kamioiak N-634 errepidearen ordez beste sarbide batetik desbideratuko direla Las Carrerasetik igarotzean.
    Horrez gain, Petronorrek hitzeman zuen ibilgailuak eta kamioiak igarotzeko beste alternatiba batzuk aztertuko dituela eta komunikazio-kanpainak egingo dituela hornitzaile eta langileekin, enpresara sartzeko eta handik irteteko beste bide batzuk erabil ditzaten Las Carrerasetik igarotzean, eta ez N634 errepidea.
  4. Udalak ere bilera bat egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzari. Bilera hori aste honetan egingo da, eta xede izango du Udalaren eta herritarren kezka adieraztea, baita gehiegizko abiadura, semaforoak gorri gurutzatzea eta halakoak zuzenduko dituzten neurriak ezar ditzatela eskatzea ere.
  5. Abanto Zierbenako Udala Artekale kalea irekitzeko proiektu bat aztertzen ari da, Askarzta Isusi eta Kale Nagusia lotzeko eta oinezkoak N634 errepidera irten daitezela saihesteko.
  6. Udala Galdames eta Sopuertako harrobiez arduratzen diren enpresekin harremanetan jarri da, bai Udala bai herritarrak egunero agregakinez kargatutako kamioi ugari igarotzen direla-eta kezkatuta daudela adierazteko; gainera, egoera konpontzeko neurriak hartzeko ere eskatu die.

Enpresek jakinarazi digute urriaren 1ean utziko diotela kamioiek igarotzeari.

Bukatzeko, Udala irekita dago gai honi buruzko informazioa jaso edo eman nahi duten pertsona guztientzat.

Agur bero bat.

Abanto Zierbenan, 2018ko irailaren 24an.
Alkatea
Maite Etxebarria Azpiolea