Albisteak

 

Aurtengo udan ere, Abanto Zierbenako Udalak gazteenak eta euren familiak izan ditu gogoan, eta hiriko udalekuak antolatu ditu, 14. aldiz.  364 haurrek aisialdiko eskaintza horretaz gozatu ahalko dute, ekainaren 25etik uztailaren 27ra. Aurten, gainera, parte-hartze markak hautsi dira.

“Haur bat ere ez da tokirik gabe gelditu; izena eman duten gure herritar txiki guztiak primeran pasatzen ari dira edo primeran pasako dute udaleku hauetan. Aurtengo programaren kostua, osotara, 62.000 euro baino gehiagokoa da, eta Udalak udalekuen % 65-75 artean lagunduko du diruz; hala, familiek astean 27,50 euro baino ez dute ordaindu beharko. Prezio horrek garraioa, jarduerak eta begirale taldea hartzen ditu barne. Jardueretan bi astez parte hartu nahi badute, 55 euro ordaindu beharko dute, eta bigarren seme-alabak % 50eko beherapena izango du. Uste dugu familia-kontziliazioa eskubide bat dela, eta hau da lan egiten duten familiei laguntzeko gure modua: gazteentzat kalitatezko aisialdia eskaintzea”, azaldu du Etxebarriak.

Udalekuak adin hauetako haurrei zuzentzen zaizkie: txikiak (4-6 urte), ekainaren 25etik 29ra; ertainak (6-8 urte), uztailaren 2tik 13ra; nagusiak (9-11 urte), uztailaren 16tik 27ra, eta gazteak (12-15 urte), ekainaren 2tik 13ra. Hiriko udalekuak Las Carreraseko Askartza Isusi ikastetxean eta Gallartako Gaztegunean egingo dira, eta hainbat irteera egingo dira, parte-hartzaileen adinaren arabera. Goizeko 09:30etik arratsaldeko 16:30era arte, astelehenetik, ostiralera, ekainaren 26tik uztailaren 27ra, gazteek esperientzia bikaina bizitzeko aukera izango dute.

“Familia bakoitzak gutun bat jaso du etxean; bertan, haurrek izena eman duten txandako programazio osoa, ordutegia eta abar azaltzen dira, eta materialari nahiz janariari buruzko zenbait argibide ematen dira, besteak beste.  Txikien taldean, 50 parte-hartzaile daude; ertainen taldean, 109; nagusien taldean, 125, eta 15 urte artekoen taldean, azkenik, 80 partaide. Haur eta gazteentzako programa oso eta dibertigarria dugu aurtengo oporretarako. Parte-hartzaileen zenbakiak ikusita, argi dago gurasoek konfiantza dutela eta etxeko txikiek oso gustuko dituztela udalekuak; izan ere, asko udaz uda etortzen dira. Hori dela eta, pozik eta harro gaude gure udalerriko udalekuez”, esan du Etxebarriak.

Ekainaren 25etik 29ra txikien taldearen txanda izan da. Ezagutza-jolasak, eskulanak, joko-dinamikak eta talo-tailerra egin dituzte, besteak beste. Jarduerarik maitatuena Gueñesko abentura-parkera egin duten irteera izan da. Horrez gain, Izenaduba Basora bisitaldi magikoa egin dute, eta Santutxuko Tximiparkera joan dira. Haurrentzako aisialdirako gune horrek 1.500 m² ditu, oihan bat irudikatzen du eta txirristak nahiz bola-igerilekuak aurki daitezke bertan. 

Uztailaren 2tik 5era, eta uztailaren 9tik 13ra, ertainen txanda izango da; ezagutza-jokoak, eguzkitik babesteko tailerra, talo-tailerra eta hamaika irteera egingo dituzte: Gueñesko abentura-parkea, Alluitz Natura (Abadiño), Karpin, El Pobal burdinola, Goikomendi Klub Hipikoa, Izenaduba Basoa eta Santillana del Marreko zooa.
Uztailaren 16tik 20ra eta 23tik 27ra, nagusien txanda izango da. Multiabenturako jarduerak, emozioa eta adrenalina hutsa biziko dituzte. Ertainek egindako jarduera berdinak egingo dituzte, eta La Arboledan golfean aritzeko aukera ere izango dute. Uztailaren 2tik 6ra eta 9tik 13ra, gazteen unea izango da. Gazteek robotikaren arloko teknologia-udalekuez gozatu ahalko dute eta, gainera, Plentzian multiabentura-jarduerak egin ahal izango dituzte: trekking-a, surfa, bigsup-a, uretako ginkana, kayakak...

“Ondo pasatuko dutela ziurtatuta dago; izan ere, horixe da haurrek udan egin behar dutena: gozatu, barre egin, kirol berrietara jokatu, lagun berriak egin, esperientzia berriak bizi... Eta horixe da udaleku hauetan lortuko dutena. Gainera, guraso eta aitona-amonei atsedena ere emango diegu udalekuekin; izan ere, udan haurrek denbora libre asko izaten dute. Herritarrek oso gustuko dituzte udalekuak; 364 haur ari dira parte hartzen, eta espero dugu urtez urte zenbaki hori gero eta handiagoa izango dela. Horretarako lanean ari gara eta inbertsioak egingo ditugu, esan du Etxebarriak, bukatzeko.