Albisteak

 

Ekainaren 26an, 18:00etan, Irisgarritasun Planaren barruan herritarrek parte hartzeko tailerren lehenengo saioa egin zen udaletxeko bilkura-aretoan.

Bertan, 27 herritarrek, Udaleko arkitektoak, Udaleko zenbait langilek, Hirigintza eta Parte Hartze sailetako zinegotzi delegatuek eta Plana idazteko ardura duten teknikariek parte hartu zuten.

Parte-hartzaileei prozesuaren lehen fasearen emaitzen berri eman zitzaien; fase horretan hamalau proposamen aurkeztu ziren.

Plana idazteko ardura duten teknikariek, beren aldetik, irisgarritasun-plan bat zer den, eta zergatik eta nola egiten den azaldu zuten.

Egin klik hemen AURKEZPENA ikusteko:

Jarraian, intzidentzia guztiak nola hauteman zituzten azaldu zuten, lehenengo fasean aurkeztutakoak barne; eta bertaratutakoei laguntzeko eskatu zieten, udalerriko mapetan gehien egiten dituzten oinezko ibilbideak markatuz.

Ondoren, parte-hartzaileei eskatu zieten haien ustez irisgarritasunerako zailtasunak dituzten puntuak udalerriko mapan markatzeko, eta horiei buruzko azalpena emateko.

Giroa barea eta lasaia izan zen, eta, horri esker, parte-hartzaileak euren iritziak azaltzera animatu ziren.

Huts hauek aipatu zituzten:

  • Espaloiak estuak dira
  • Espaloiak egoera txarrean daude
  • Zenbait igarolekutan ura pilatzen da euria egiten duenean
  • Semaforo gehiago behar dira zebra-bideak errespetatzen ez diren lekuetan
  • Zenbait oinezkoentzako pasabide leku txarrean daude eta arriskutsuak dira
  • Kaleen artean malda handiak daude
  • Desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako aparkalekuak leku txarrean daude, malda handia duten kaleetan

Aipamen garrantzitsua egin zieten ikusteko desgaitasuna dutenen beharrei:

  • Soinudun semaforoak instalatzea.
  • Gauzatzen diren proiektuetan prebentzio-lana egitea, ikusteko desgaitasuna duten pertsonak aintzat hartzeko; adibidez: zero kotako espaloietan obrak egiten direnean, erliebedun marra bat jartzea, haiek hauteman ahal izateko; edo/eta obrak behar bezala seinaleztatzea, makilarekin erraztasunez hauteman ahal izateko moduan.
  • Haientzako irisgarriak diren mezu elektronikoak bidaltzea.

Egungo hutsak azaltzeaz gain, beste zenbait proposamen ere aurkeztu ziren, oinezkoentzako pasealekuak egitea eta arrapala edo igogailuak instalatzea, esate baterako.

Teknikariek aurkeztutako huts eta proposamen guztiak aintzat hartu zituzten, eta horrekin batera, eztabaida atsegina sortu zen, proposamen batzuen bideragarritasuna eta beste batzuk ezartzeko ezintasuna azaltzen zuten bitartean (gure udalerriko orografiagatik, egoera ekonomikoak ahalbidetzen ez duelako, plana indarrean egongo den epeagatik, etab.).

Azkenik, adierazi zuten plana eta ondorioak hurrengo tailerrean aurkeztuko dituztela; data zehazteke dago oraindik.

Eskerrik asko parte-hartzaile guztiei, etortzeagatik eta egindako ekarpenengatik.