Albisteak

 

2017. urtea hasteko, Abanto Zierbenak II. Irisgarritasun Planari ekin dio,  herritarren laguntzarekin.

Udalak herritarrek parte hartzeko prozesua irekiko du, hainbat bide eta dinamikaren bitartez, haien iritziak jasotzeko. Horren bitartez erantzun egin nahi zaie duela hilabete batzuk, 2017rako aurrekontuak gauzatu bitartean, aurkeztu ziren proposamenei

Abanto Zierbenak ehuneko ehunean irisgarria den udalerri izan nahi du; beti irmoa izan da gobernu-taldearen erantzuna gai horri dagokionez. 2017rako aurrekontu parte-hartzaileak burutu eta hilabetera, Abanto Zierbenako Udalak urte berri honetarako lehendabiziko proiektu garrantzitsua abiarazi du, herritarrekiko konpromisoak bete nahian.   Oztopo arkitektonikoak ezabatzea eta guztiontzako udalerri erosoagoa eraikitzea dira Meatzaldeko udalerriaren bigarren irisgarritasun planaren helburuak. Ekimena martxan jarri da jada eta, orain, Udalak herritarren hitza eta iritzia eskatzen ditu.

“Bihartik, urtarrilaren 31tik (asteartea) aurrera, herritarrek parte hartzeko prozesua irekita egongo da, irisgarritasunaren arloan beharrak eta/edo hobetu daitezkeenak hauteman dituzten herritarrek premia horiek aditzera eman ditzaten. Ez dago herritarrak bezalakorik Abanto Zierbena irisgarria den eta aukera-berdintasuna babesten duen udalerri nola bihurtu esateko. Helburu nagusia izan da, da, eta beti izango da, udalerriko oztopo arkitektonikoak aztertzea eta ezabatzea. Gogorarazten dugu duela zenbait urte lehen plana gauzatu zela, eta hori betetzeko eta bide horretan lanean jarraitzeko konpromiso eta ardurarekin bat, bigarren irisgarritasun plan honekin jarraituko dugu.

Proiektu berri honetan, hirigintza, garraioak, bide publikoak, udal-eraikinak eta komunikazioak jorratuko ditugu, lantzen jarraitu behar diren alderdiak baitira Abanto Zierbena hobea, oztoporik gabeko udalerria eraikitzeko”, azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak. 

Herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da irisgarritasun plan honetan, eta hori zuzenean edo zeharka egin ahalko dute; hau da, Udalak herritarren esku jarriko ditu formualario batzuk, herritarrek udalerrian instalatutako iradokizun-postontzietan sartu ditzaten. Bertan, nahi dutenek beren kezkak adierazteko eta desagerrarazi nahi dituzten arkitektura-oztopoak salatzeko aukera izango dute. Formularioek QR kodeak dituzte, eskaneatzeko. Halaber, Udaleko webgunean, erabiltzaileek irisgarritasun arloko beren eskaerak aditzera emateko atal bat izango dute, eta gainera, postontzi elektroniko honetan, ekarpenak utz daitezke: participa@abanto-zierbena.eus.

 “Irisgarritasun-plana berritzeko 4 hilabete beharko dira, gutxi gorabehera, eta denbora horretan irekita egongo dira parte hartzeko bide guztiak. Herritar ororen iritzia entzun nahi dugu, gure kaleak eta eraikinak hobetzeko; adibidez, barandak, aldapak edo igogailuak jartzea, beharrezkoa bada, markesinak eta aparkalekuak irisgarriagoak egitea, edo besterik gabe udalerriko informazio-paneletan letra handitzea, denontzako irakurterrazagoa izan dadin. Izan ere, nagusituz goazen heinean, okerrago ikusten dugu eta nagusitzeak ez du esan nahi erosotasunak galdu behar ditugunik. Xehetasun txikiek alde handiak eragin ditzakete eta horiek dira ezabatu nahi ditugun aldeak, guztiok baldintza beretan goza dezagun udalerriaz”, adierazi du Etxebarriak.

Tailerrak desgaitasuna duten pertsonen elkartearekin eta herritarrekin, orokorrean

“Irisgarritasun-plan” honen helburu nagusia da pertsona guztientzako herri hobea lortzea, haiengan guztiengan pentsatuz; azken finean, nahi duguna da hemen bizi direnek, lan egiten edo ikasten dutenek eta ondo pasatzera edo Abanto Zierbena bisitatzera datozenek udalerriaz ahalik eta kalitaterik onenean gozatzea.

“Ekarpen guztiak hartuko ditugu kontuan plana idazteko, eta herritarrek parte hartzeko beste bide hurbilago jarriko dugu, lankidetza zuzenagoa izan dadin: herritarrentzako tailer batzuk abiaraziko ditugu, iritzia zuzenean eman dezaten”, jakinarazi du alkateak.

Abanto Zierbena asko hazi da udalerri gisa, baina arazoak ditu diseinuari dagokionez eta azpiegitura berriak behar dira, desgaitasuna duen pertsona baten edo mugitzeko zailtasunak dituen adineko pertsona baten beharretara egokitzeko.

Plan berriak jarduketak zehaztu, ebaluatu eta proposatuko ditu kale, plaza, parke, eraikin publiko, geraleku edo garraio publikoko geltokietan dauden oztopoak ezabatzeko. Beharra dagoen eremuetan lan egingo da, zatika, esku-hartzeak eraginkorrak eta arinak izan daitezen, eta finantzaketa bilatuko da horiek egiteko. Halaber, arreta berezia jarriko zaio Udaleko webgunea eta herritarrei arreta emateko baliabide teknikoak egokitzeari, erabiltzeko errazagoak izan daitezen.

100x100 irisgarria den eta beti herritarren beharrak kontuan hartzen dituen Abanto Zierbena baten alde, orain parte hartzeko eskatzen dizuegu; zuen ekarpenak entzun eta jaso nahi ditugu.