Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, udalerriko merkataritza dinamizatzeko lehenengo plana egin zenetik 5 urte igaro ostean, merkataritza txikian jarriko du arreta berriro, haren ahuleziak eta indarguneak antzemateko etorkizunera begira.

"2012an tokiko merkataritzaren egoera aztertu genuen, galderak egin genizkien merkatariei eta bezeroei, hau da, egunero auzoko dendara edo tabernara hurbiltzen diren bizilagunei, zer premia eta eskaera zituzten azaltzeko. Hori guztia kontuan izanda, plan bat egin genuen. Merkataritza dinamizatzeko lehen plan horretatik sortu ziren hauek, besteak beste: pintxo potea, ostegunero gero eta jende gehiago elkartzen duen ekimena; meatzaritza-pintxo onenaren lehiaketa; edo merkataritza-bonua, denboraldi-aldaketarekin oso ondo datorren deskontua eta gero eta arrakasta gehiago duena. Unerik onena da gure merkataritzaren argazki bat egiteko eta haren etorkizuna hobetzeko asmoz lan egiteko", azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Merkataritza Dinamizatzeko II. Plana datorren astean aktibatuko da eta lehenengo fasean harremanetan jarriko gara, zuzenean, herritarrekin eta merkatariekin.

"Dendetan galdetegi batzuk jarriko dira bezeroen esku, Abanto Zierbenako saltokiek eta tabernek eskaintzen dituzten zerbitzuak baloratzeko. Gure bizilagunak parte hartzera animatzeko, galdetegiari erantzuten diotenen artean 50 euroko balioa duten txartelak zozketatuko dira udalerriko establezimenduetan gastatzeko. Bestalde, hiri-eragileek inkestak egingo dituzten kalean, eta Udalak partaidetza-prozesu honen esku jarriko ditu udal komunikaziorako kanalak, hala nola Facebook edo Udalaren web orria: www.abanto-zierbena.eus. Merkatariek beraientzat eginiko formularioei erantzungo diete. Udal honetan, bizilagunen iritzia kontuan hartzen da beti", jakinarazi du Etxebarriak.

Ekimen hau abian jartzearen helburua da sektore osoa moderniza dadila sustatzea, eskaeraren errealitate eta premietara egokitzea eta, azken finean, sektoreari bultzada ematea. Hori guztia tokiko merkatarien eta ostalarien lankidetzarekin egingo da.

Metodologia honi jarraituko zaio:

  • Merkataritzako eta zerbitzuetako eskaintza aztertuko da. Abanto Zierbenako egoera sozioekonomikoa aztertuko da, merkataritza-sektorean arreta jarrita, datu kuantitatiboen eta kualitatiboen bitartez.
  • Eskaria aztertuko da, eskari handiena duten merkataritza-establezimenduak baloratzeko asmoz, bai eta azken urteotan izandako kontsumo-aldaketa nagusiak eta etorkizuneko joerak ere. Egungo eskaera aztertu nahi da, enpresa-jarduera berriak eta enplegua sortzea sustatzeko.
  • AMIA matrizea: azterketa horrek aukera emango digu Abanto Zierbenako merkataritza-sektorearen lehiakortasun-egoera aztertzeko, haren Aukerak, Mehatxuak, Indarguneak eta Ahuleziak zehaztuz. Hartara, Merkataritza Dinamizatzeko Plan honetan zehaztutako estrategiek ahuleziak eta mehatuak murrizten, indarguneak bultzatzen eta aukerak baliatzen lagunduko digute.
  • Jarduera-plana: ateratako ondorioetatik eta egindako azterketetatik abiatuta, ildo estrategikoak, helburuak eta ekintzak zehaztuko dira.

Prozesua gauzatzeko epea lau hilabetekoa izango da; horrenbestez, espero dugu azterketa irailean aurkeztu ahal izatea jendaurrean. Dena dela, informazioa ematen joango gara tarteko faseetan.

2012an, udalerriko ia 250 bizilagunek eta 50 saltokik erantzun zioten inkestari. Galdetegiari esker jakin zen tokiko kontsumitzaileek bezeroari emandako tratu ona baloratzen zutela, baina aukera gehiago izatearen falta sumatzen zutela. Merkatariek, bestalde, onartu zuten ahulezia hori, nahiz eta merkatarien erdiak baino gehiago beren negozioarekin gustura zeudela adierazi zuten.

Bi planak mahai gainean jarrita aztertu ahal izango da merkataritza txikiak bost urteotan izan duen bilakaera. Udalerrian 180 establezimendu aktibo daude. Horien salmentak bultzatzea eta Abanto Zierbenako merkataritza-bizitza sustatzea da ekimen hauen xedea. Maiatzaren erdialdera jasoko dira inkestak, aztertzeko, eta handik gutxira, bilerak egingo dira Abanto Zierbenako Merkataritza Dinamizatzeko II. Plana egituratzen joateko.

Azterketa hau lau urterako izatea aurreikusten da, nahiz eta ekintza-plana urtero berrikusiko den. Uste dugu plan orok gutxieneko segimendua izan behar duela hurrengo urteetako ekintzak zuzen gauzatzeko. Hortaz, ezinbestekotzat jotzen dugu finantzaketa bilatzea beste diru-laguntza batzuen bitartez. Horretarako, egin beharreko jarduerak amaitu ondoren, helburuak birformulatzeko aukera emango duen ebaluazio bat egingo da, eta, bide batez, hurrengo urteetan egin beharreko jarduera berriak zehaztuko dira. Horiei esker Abanto Zierbenak merkataritza-sektorean presentzia izatea bermatuko da. Helburu eta jarduera horiek azken dokumentu batean jasoko dira.

"Teknologia berrien eta sare sozialen erabilera bultzatu nahi dugu gure saltokietan; izan ere, egokitu egin behar da eta probetxua atera une bakoitzari. Telefono mugikorraren eta online erosketen garaian bizi gara, eta gure merkatariek tresna horiek baliatzen jakin behar dute", esan du amaitzeko Etxebarriak.